Zer dira benzopirenoak? Nola sortzen dira?

Hidrokarburo Aromatiko Poliziklikoak (HAPak) dira benzopirenoak, hau da, materia organikoen (ikatza, petrolioa eta gasolina, hondakinak, tabakoa eta, besteak beste, haragia eta arraina) osatu gabeko errekuntzaren ondorioz sortzen diren konposatu kimikoak eta ingurumean (lurrean, itsasoan eta airean) metatzen dira.

Nola sartzen dira elikakatean?

Hiru bide daude Hidrokarburo Aromatiko Poliziklikoak (benzopirenoen taldea) elikagaietan sartzeko:

  • Ingurumena: Garatutako herrialdeetan, industria-jarduerak gora egin duenez, ingurumenera igortzen dira zura, petrolioa, olioak, ikatza, eta tabakoa erretzean. Ingurumenean daudenez, itsasora eta zelaietara iristen dira. Ondorioz, arrain eta laboreetan antzematen dira, batik bat.
  • Elikagaien industriako prozesatzea: HAPak zerealak eta olioak industrialki lehortzeko prozesuan agertzen dira, baita arraina eta haragia ketzeko prozesuan ere.
  • Kozinatzeko modua: Bestalde, substantzia kutsatzaile horiek etxean bertan ere sor litezke janariak prestatzean honako prozesu hauetan: haragiak eta arrainak keztatzean, plantxan kozinatzean edo parrillan erretzean. Horien presentzia estuki loturik dago kozinatzeko tenperaturarekin eta denborareki. 300ºC-tik gora sortzen dira benzopirenoak eta gainerako HAPak.

Zein elikagaitan aurki ditzakegu?

Arestian esandakoaren arabera, labore eta eratorrietan, arrain eta itsaski ketuetan, eta parrillan egindako haragian eta arrainetan aurkitzen dira ingurumen-kutsatzaile horiek.

Neurri apalagoan, bestelako elikagai batzuek ere izan ditzakete konposatu toxiko horiek, hala nola: koipeak eta gantzak, tuberkuluak, lekaleak, esnea eta kafea.

Aipagarria da tabakoa benzopirenoekiko oso esposizio-iturri garrantzitsua dela; beraz, erretzaileek horrelako konposatu toxiko ugari kontsumi ditzakete arnasbideen bidez.

Zein eragin kaltegarri du osasunean?

Banakako azterketa eginda, HAP guztiek ez dituzte ondorio berdinak pertsonen osasunean, baina, hala ere, badaude 12 HAP animaliekin esperimentatzerakoan aktibitate kartzinogenikoa erakutsi dutenak. HAPek eragin dezakete:

  • Toxikotasun akutua: HAPek narritadurari lotutako ondorio akutuak eragin ditzakete azalarekin edo begiekin kontaktuan egoteagatik, arnas hutsegiteak berauek inhalatzeagatik eta are kalteak nerbio-sisteman.
  • Toxikotasun kronikoa: Epe luzera, HAPak irensteak eragin toxikoa izan dezake hainbat sistematan: hematologia-, erreprodukzio-, immunitate- eta garapen-sistemetan, hain zuzen. Bentzopirenoa da denetan toxikoena.

Segurua al da elikagai horiek kontsumitzea?

Elikagaien Segurtasuneko Europako zenbait agentziak ikerketa-lanak egin dituzte jakiteko, batetik, zein den benzopirenoaren eta gainerako HAPen maila elikagaietan; eta, bestetik, horrelako zenbat konposatu kontsumitzen duten kontsumitzaileek. Ikerketa horien guztien arabera, arriskua baxua da giza osasunerako. Nolanahi ere, laboreak eta itsaskiak neurriz kanpo kontsumitzen dituzten kontsumitzaileen artean arriskua eragin lezakete.

Hala ere, ikerketa guztiak bat datoz: azken 10-20 urteotan behera egin du benzopirenoen mailak prozesatu gabeko elikagai freskoetan (batik bat, laboreak). Eta, horren ondorioz, pentsa daiteke ingurumenean ere behera egin duela horien mailak.

Nola murritz dezakegu arriskua? Etxean kozinatzeko aholkuak

Ikusi da elikagai koipetsuak etxean prestatzeko teknikek (haragia, arrainak eta itsaskiak parrillan edo barbakoan egitea) areagotu egin dezaketela HAPen maila. Beraz, ez da komenigarria teknika horiek asko erabiltzea.

Ondorioz, gomendatzen da elikagai horiek frijitzea, labean prestatzea edo erretzea, horrela ez baita gehiegi areagotzen benzopirenoen maila.

Non aurki dezaket informazio gehiago?

Sortze data: 2011-09-13

Eguneratze data: 2020-03-18