“Elikagaiei alergia izatea” da elikagai baten edo osagai baten (alergenoa) aurrean pertsonen sistema immunologikoak izan dezakeen erantzun desegokia edo kontrako erreakzioa.
Organismoak alergenotzat hartzen du edozein gorputz arrotz; eta, defentsa mekanismo gisa, antigorputza sorrarazten du. Antigorputz horrek alergenoarekin bat egitean sortzen dira erreakzio alergikoak. Elikagaiekiko alergia gehienak elikagaiak kontsumitzean sortzen dira; baina, baita elikagaia ukitzean edo elikagaia edo egoste lurrunak arnastean ere.

“Elikagaiei intolerantzia izatea” da metabolismoak berak, sistema immunologikoak parte hartu gabe, sortzen duen kontrako erreakzioa.
Adibidez, laktosa ez toleratzea, hau da, esnearen azukrea behar den bezala ezin digeritzea.

Zenbat pertsonak dute Elikagaiekiko alergia eta intolerantzia?

Elikagaiekiko alergia osasun-arazo garrantzitsua da, hamarkada batean diagnostikoen kopurua bikoiztu egin delako.

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzaren (EFSA) arabera, Europako populazio helduaren %1-3k diete alergia elikagaiei eta umeen % 4-6k.

Espainian, Alergologia eta Immunologia Klinikoaren Espainiako Elkarteak (SAES) adierazi zuen 10 urtean bikoiztu egin direla elikagaiekiko alergiak: herritar guztien %3,6 izatetik %7,4 izatera hain zuzen. Gaur egun, 4 urtetik beherako umeen %8ri eragiten diete alergiek, eta 10 urtetik gorakoen artean %2ra murriztu da.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), herritar guztien %6,3k diete alergia elikagaiei eta umeen %5ek.

Elikagaiekiko intolerantziak direla eta, laktosarekiko intolerantziak Europako herritarren % 10 eragiten ditu, eta laboreetako glutenaren intolerantziak herritarren % 1 eragiten du.

Zein dira eragin alergikoaren sintomak?

Alergenoen (elikagaiak) eta antigorputzen arteko borrokak aurrea egiten duen neurrian, sintomak azaldu egiten dira:

  • Sintoma arinak: normalean ahoaren inguruko erupzioa arinaz gain, aho alergiaren sindromea antzematen da (azkura ahoan eta eztarrian). Larruazaleko sintomak ere antzematen dira: urtikaria eta angiodema (azkura, negala, ekzema, eta ezpainak, betazalak eta eskuak handitzea).
  • Sintoma larriak: digestio-sintomak (goragalea, gorakoa, beherakoa, sabel-karranpak) eta larruazaleko sintomekin lotutako arnas-sintomak (doministikuak, konjuntibitisa izan dezakeen mukidun rinitis larria eta, inoiz gutxitan, asma).
  • Oso sintoma larriak, gutxitan ageri direnak: Anafilaxia: alergia-erreakzio larria da, arin ezartzen dena eta hilkortasun-maila handikoa. Bi organo edo sistema edo gehiago kaltetzen ditu. Oro har, azaleko sintomen bidez agertzen da: urtikaria eta angioedema; baina, horiekin batera beste sistema batzuk ere (arnas aparatua, digestio aparatua edo kardiobaskularra) kaltetzen ditu. Shock anafilaktikoa: anafilaxiaren oso agerrera larria da, arterietako tentsioaren bat-bateko beherakada eragiten duena.

Nola jakin dezaket alergiarik dudan?

Erreakzio alergikoak elikagaia kontsumitu eta minutu gutxiren edo ordubeteren buruan ager litezke. Antzematen diren sintomak eta horien larritasun maila kontsumitutako elikagai kopuruaren araberakoak izaten dira, eta ordu, egun edo aste batzuez iraun dezakete.

Arestian deskribatutako sintoma arin edo larriak azaltzen dituzten pertsonek berehala jo behar dute medikuarenera. Horrek, beharrezko sendagaiak eman ondoren, mediku alergologo batengana bidaliko ditu. Alergologoak, susmoa egiaztatzen saiatuko da historia klinikoaren, azaleko frogen eta antigorputza neurtzeko odol-analisi berezi batzuen bidez, alergia sortzen duten alergenoak (elikagaia edo elikagaiaren osagaia) zein diren zehazteko.

Anafilaxia-koadro bat jasan duten gaixoei dagokienez, berehala jo behar da Larrialdi zerbitzura, medikuren batek albait arinen artatzea premiazkoa eta funtsezkoa baita.

Zein da tratamendua?

Ez dagoenez elikagaien alergien aurkako sendagairik (antihistaminiko edo kortikoideek alergia-erreakzioa azaltzean ageri diren sintomak dituzte jomuga gisa, eta ez dute afekzioa sendatzen) ez eta txertorik ere, desagerrarazte-dietak agintzen dira.

Alergikoa banaiz, zer hartu behar dut aintzat?

Kuzinatzeko aholkuak: Nola kuzinatu eta prestatu elikagaiak?

  • Alergenoa dietatik guztiz ezabatu, hala elikagaia bera nola elikagai hori osagai gisa izan dezaketen produktuak baztertu behar dira.
  • Lehengo eta behin alergia duenarentzako jakiak kuzinatu behar dira, beste elikagai batzuen bidezko kutsadurak eta kontaktuak ekiditeko.
  • Eskuak ondo garbitu.
  • Higienizatu lan-azalera guztiak eta garbitu sukaldeko tresna guztiak erabili aurretik (hobeto alergikoarentzat bakarrik erabiltzen badira): labanak, oholak, irabiagailuak, sukaldeko trapuak, zartaginak, etab.
  • Ez berrerabili alergia edo intolerantzia sortzen duten elikagaiak edo osagaiak eduki ditzaketen elikagaiak frijitzeko erabili den olioa.
  • Elikagai berezi guztiak hozkailu eta armairuetan hermetikoki gorde behar dira eta etiketa ere jarri behar zaie, kutsadura gurutzatua ekiditeko.
  • Erabili binilozko eskularruak kuzinatzen baduzu eta elikagai batzuk (adib.: mariskoa) ukitzeak alergia eragiten badizu.

Etxetik kanpo gogoratzeko aholkuak: nola lagun nazakete nire jatekoak hautatzen?

Europar Batasunean elikagaien alergia- eta intolerantzia-kasuen % 70 etxetik kanpo sortzen dira; beraz, honako hauek gomendagarriak dira:

  • Eraman mediku-ziurtagiria eta alergiari aurre egiteko beharrezko sendagaiak (bronkio-zabaltzaileak, antihistaminikoak.).
  • Eraman alergia/intolerantzia sortzen dizuten alergenoen eta alergeno horiek dituzten elikagaien zerrenda zurekin (baita ingelesez ere atzerrira bidaiatuz gero).
  • Aldez aurretik galdetu ea menu berezirik dagoen etxetik kanpo jatean (jatetxeak; hegazkineko, itsasontziko, treneko eta abarreko cateringetako jatekoak).
  • Ondo azaldu elikagaiak eta horiekin egindako produktuak zerbitzatzen eta kuzinatzen dituztenei zein alergia duzun, elikagai horiek menutik kanpo gera daitezen.
  • Saihestu osaera ezezaguneko elikagaiak kontsumitzea.
  • Eraman zurekin kontsumitzeko elikagai segururen bat.

Aholkuak ikastetxe eta instituturako: zer esan behar dut nire institutuan? Eta jantokian?

  • Eman mediku-ziurtagiria zuzendariei, irakasleei eta eskolako jantokira, eskolan/institutuan bazkalduz gero.
  • Eraman alergiak/intolerantziak eragiten dituzten alergenoen zerrenda.
  • Saihestu osaera ezezaguneko elikagaiak kontsumitzea.
  • Ikastetxeak eskura izan behar ditu alergia-erreakzio bati aurka egiteko sendagaiak.
  • Ondo azaldu irakasleei eta zure kideei zein den zure alergia edo intolerantzia, saiheste aldera alergia edo intolerantzia eragiten duen edozein elikagai kontsumitzea ikastetxean/institutuan egiten diren ekitaldietan (urtebetetze-ospakizunak, Olentzero, inauteriak, ikastetxeko jaia edo ikasturte amaierako jaia, etab.).
  • Irakasleek alergiak edo intolerantziak dituzten ikasleen berri eman behar diete euren kideei, solidaritate-klima sortzeko eta alergiadunak/intolerantziadunak bere burua ezberdin gisa ikustea saihesteko. Jantokian ez dira bereizi behar.
  • Jantokiak jarduera-protokoloari jarraitu behar dio eskola-jantokietako menu bereziak egitean.
  • Jantokiko zaintzaile eta laguntzaileek informazio egokia izan eta sentsibilizatuta egon behar dute. Zehazki, zaindu egin beharko dute ikasleak osaera ezezaguneko elikagaiak kontsumitzea, hala nola, eskolako kideek konturatu gabe eskaintzen dizkietenean.

Non aurki dezaket elikagaien alergiei buruzko informazio gehiago?

Dokumentuak:

Alergiei buruzko triptikoa:

Webguneak:

Sortze data: 2010-09-03

Eguneratze data: 2020-12-21