Birusa infekzio-eragile mikroskopikoa da, eta berez biderkatzeko zelula bizia behar du. Birusek era guztietako organismo biziak infekta ditzakete: animaliak, landareak, bakterioak. Bakterioak ez bezala, birusak ezin dira ugaldu, ezta elikagaietan toxinak sortu ere; hala ere, bakterioak baino baldintza gogorragoetan eta denbora luzeagoan iraun dezakete elikagaietan eta ingurunea.

Transmititzeko bide nagusiak birusa duen pertsonaren eta osasuntsu dagoen pertsonaren arteko kontaktu zuzena da, baita kutsatutako elikagaiak eta ura kontsumitzea ere.

Zein dira birus enteriko ohikoenak elikagaietan?

Birus enterikoek (edo digestio-birusek) dira elikagai bidezko transmisioan inplikaziorik handiena dutenak eta traktu gastrointestinaleko zelulak infektatzen dituzte.

  • Norobirusak (beste garai batean, “Norwak” motako birusak izenekoak); hauek gastroenteritis ez-bakterianoek eragindako broteen % 90 eragiten dute mundu mailan. Halaber, elikagaiek intoxikazio bidez sorrarazitako gastroenteritis-broteen % 50 eragiten dute (AEB bezalako herrialdeetan). Norobirusek adin guztietako pertsonei eragiten diete, eta pertsonen arteko kontaktuaren bidez edo elikagai kutsatuak kontsumitzeagatik transmititzen dira.
  • A hepatitisaren birusa (VHA); honek A hepatitis gaixotasuna sorrarazten du. Gaixotasun infekzioso horrek gibelaren hantura akutua eragiten du. Infekzioaren ostean, gaixoaren sistema inmuneak antigorputzak sorrarazten ditu A hepatitisaren birusaren kontra; eta, ondorioz, gaixoari inmunitatea ekartzen dio etorkizunean pairatu ditzakeen infekzioen aurrean. Transmisioa ur edo elikagai kutsatuen bidez gertatzen da, eta nahiko ohikoa da infektatzea arrisku altuko herrialdeetara bidai egiten dugunean.
  • E hepatitisaren birusa (VHE): gordailu nagusitzat txerriak ditu, eta animalia-produktuen bidez kutsatzen den elikagai-transmisioko zoonosi gisa dago identifikatuta. Ez da ohikoa, baina epidemiologia konplexua du eta Europan handitzen ari den arrisku bat da.
  • Rotabirusa: elikadura-toxiinfekzioen agerraldiekin dago lotuta, gordinik kontsumitzen diren elikagai prestatuak (entsaladak, prestatutako fruta, gosegarriak edo ogitartekoak) kontsumitzeagatik; gabezia higieniko-sanitarioak dituzten elikagai-manipulatzaileen bidez transmititzen dira.

Ura eta elikagaiak kutsatzen dituzten beste birus mota batzuk badiren arren, norobirusak eta VHA dira birus enteriko ohikoenak. Bestelako birus horien artean honako hauek ditugu: adenobirusak, astrobirusak, sapobirusak, parbobirusak, etab.

Zein elikagaitan topa ditzakegu eta nola heltzen dira elikagaietara?

Birus enterikoak edozein motatako elikagaietan topa ditzakegu, baldin eta elikagai horiek manipulatuak izan badira, eta, ondoren, inolako sukaldaritza-prozesutatik pasarazi ez badiegu.

Norobirusei dagokienez, elikagai ohikoenak kuskubiko moluskuak dira (ostrak, txirlak, bieirak, muskuiluak…). Era berean, barazki eta frutetan ere isolatu ahal izan dira birus enterikoak, hala nola: letxuga, tipulina, mugurdi eta masustetan. Bestalde, krustazeoak kutsatu ahal dira hondakin-urarekin kontaktuan izanez gero; eta barazkiak eta frutak, aldiz, kutsatu ahal dira ur kutsatuekin ureztatzen baditugu.

VHE birusak aurki ditzakegu txerri haragian eta eratorritako produktuetan, gordinik kontsumituko badira (pateak, hestebeteak) edo gutxi kozinatu badira (hanburgesak, saltxitxak).

Birus mota guztiak kutsatuta uran, izotzan, kontsumitzeko prest dauden elikagaietan, pasteurizatu gabeko esne gordinan eta esne gordinaz egindako esnekietan topa ditzakegu.

Lehenago adierazi bezala, janari-erabiltzaileak dira iturri ohikoenak elikagaiak kutsatzeko; hori dela eta, higiene praktika egokiak izan behar dituzte, bereziki komunak erabili eta gero.

Zein ondorio kaltegarri izan dezakete osasunean?

Birus bidezko infekzioak oso kutsakorrak dira eta Europan gastroenteritis akutu ez-bakterianoen eragile nagusiak dira.

Birus enterikoek eragindako gaixotasunen sintoma nagusiak beherakoa eta gonbitoak dira; baina buruko mina, sukarra eta sabeleko mina ere eragin ditzakete. Oro har, sintomak agertu ohi dira infekzioa gertatu eta egun batera edo bira, eta hamar egun iraun dezakete (birusa zein den).

A edo E hepatitisaren infekzio-kasuetan, biztanleria-talde ahulenetan (5 urtetik beherako haurrak, 65 urtetik gorako pertsonak eta immunodeprimituak), gaixotasunak gibeleko gutxiegitasun akutua eragin dezake.

Horrelako birusek infektatu eta gero, normalean, gaixoak guztiz errekuperatzen dira, eta ez dute arazorik izaten epe luzean. Dena dela, kontuan hartu behar dugu gastroenteritisa larriagotu egin ahal dela, baldin eta deshidratazioa suertatzen bada (gonbito eta beherakoak eraginda, likidoak galtzeagatik). Hori dela eta, bereziki garrantzitsua da adineko pertsonetan, inmunodeprimituetan, haur txikietan eta umeetan arreta jartzea.

Nola murritz daiteke arriskua? Etxeko prebentziorako aholkuak

Jarraian, praktika batzuk zerrendatuko ditugu higiene maila egokia izan dezagun eta mota hauetako birusek eragindako gaixotasunak ekidin ditzagun:

  • Kozinatu elikagaiak erabat (60º C) eta mantendu bero kontsumitzen diren arte. Elikagaiak kontsumitu ondoren, hoztu soberakinak albait arinen (<5º C) eta kontsumitu 24 orduren barruan, aldez aurretik berotuta. 60 ºC-tan kozinatzea birusa suntsitzeko tratamendu eraginkor bakarra da.

  • Elikagaiak garraiatu, prestatu eta gordetzean kutsadura gurutzatua saihestea.
  • Gaixoek janariak presta ditzatela saihestea: gastroenteritisa duten janari-erabiltzaileek ezin izango dute elikagairik prestatu, harik eta sintoma guztiak desagertu eta 2 edo 3 egun pasatu arte.
  • Eskuak garbitzean higiene egokia izatea: elikagaiak manipulatu aurretik eta komunak erabili eta gero, kontu handiz garbitu behar ditugu eskuak, ura eta xaboia erabiliz. Norobirusak gaixoen gonbitoetan eta eginkarietan daude gaixotasuna sortzen den lehenengo egunetik, eta horietan iraun dezakete harik eta sintoma guztiak desagertu eta 2 edo 3 aste pasatu arte. Horrenbestez, eskuak ondo garbitzea ezinbestekoa da birusak zabaldu daitezela saihesteko. Alkohola duten esku-desinfektatzaileak (gutxienez % 62 etanol) erabili ahal dira, baina ez dute ordezkatzen aipatutako praktika; hau da, eskuak ur eta xaboiarekin ezinbestez garbitu behar dira.
  • Sukaldean higiene-jarraibide arduratsuak izatea: sukalderako tresnak, birusek kutsatu ahal izan badituzte, ondo garbitu eta desinfektatu egin behar ditugu; edo, bestela, bota egingo ditugu. Bestalde, frutak eta barazkiak arreta handiz garbitu behar ditugu; eta itsaskiak ere era egokian egosi behar ditugu. Ostrei dagokienez, oso garrantzitsua da, batetik, hornitzaile “fidagarriei” erosi izana eta, bestetik, ostren jatorria (dokumentazioa) zein den jakitea, beharrezkoa izanez gero trazabilitatearen jarraipena egin ahal izateko. Gaixorik egon litezkeen pertsona guztiak elikagaiak manipulatzen diren guneetatik kanpo geratu beharko dira.
  • Kutsatutako azalerak garbitzea eta desinfektatzea: gaixotasunaren sintomak agertu ondoren (gonbitoak, beherakoa), kutsatutako azalera guztiak (mahaiak, beheak, ateetako heldulekuak…) garbitu, desinfektatu eta uretan eragin beharko ditugu. Desinfektatzeko, lixiba kloratua erabil daiteke, bai eta birusa desagerraraziko dela bermatuko duen bestelako desinfektatzaileren bat ere.
  • Kutsatutako zuntzak garbitzea: gonbitoek edo beherakoek kutsatutako zuntz edo ehun guztiak (eskuoihalak, mahai-zapiak, maindireak eta, oro har, arropa) kontu handiz hartu behar ditugu birusaren transmisioa ekiditeko, eta lehenbailehen garbitu behar ditugu. Horretarako, detergenteak, garbiketa ziklo luzeak eta lehortzeko prozesu egokiak erabiliko ditugu.

Non lor nezake informazio gehiago?

Hurrengo web guneetan, informazio gehiago aurki daiteke birus enterikoei buruz:

Sortze data: 2011-05-30

Eguneratze data: 2019-11-28