Elikagai prebiotikoak eta probiotikoak aipatzean, gure osasunarentzako onuragarria den hesteetako flora hazten laguntzen dutenez ari gara; zuzenean egiten dute hori (probiotikoak) mikroorganismo onuragarriak gehitzen dituztelako edo zeharka (prebiotikoak), mikroorganismo horiek hazten laguntzen dutelako.

Hesteetako flora (hesteetako mikrobiota ere esaten zaio) desberdina da pertsona bakoitzean; oinarri genetikoaren, dietaren eta ingurumenarekin duten elkarreraginaren arabera aldatu egin baitaiteke. Floraren egitekoa garrantzitsua da, nutrieenteak xurgatzerakoan eragina baitu eta kaltegarriak izan daitezkeen beste mikroorganismo batzuk sartzetik babesten baikaituzte. Hesteetako flora osasuntsua lagungarria da sistema immunitario ona izateko.

Ultraprozesatutako elikagaien kontsumoaren gorakadak, kutsadurak eta antibiotikoekin egindako terapiek murriztu egiten dute gure digestio-sistemako bakterioen kopurua.

PRE

Prebiotikoak digeritu ezin diren substantziak dituzten elikagaiak dira, eta substantzia horiek osasunarentzako mikroorganismo onuragarrien hazkundea eta/edo jarduera estimulatzen dute.
Prebiotiko horiek karbohidratoen zuntzetatik datoz batez ere, oligosakaridoak esaten zaie, eta digeritu GABE, heste lodira iristen dira eta hango bakterioek hartzitzen dituzte. Mikroorganismoentzako elikagaiak dira, eta haien hazkundea eta jarduera sustatzen dituzte.

Berez daude elikagai askotan, esaterako, babarrunetan, zerealetan (oloa, garagarra, zekalea), barazkietan (tipulak, baratxuria, orburuak, erremolatxa, zainzuriak, ilarrak) eta fruta batzuetan (bananak, sagarrak eta ahabiak).

Gure hesteetako florarentzat onuragarriak izateaz gain, elikagai horiek onak dira gure osasunarentzat, urdail-hesteetako igarotzea hobetzen baitute eta mantenugai eta zuntz ugari ematen baitizkigute.
Osasuna sustatzen duten substantzien ekoizpena ere hazten dute, hala nola katea laburreko gantz azidoena, kolon eta ondesteko minbizi arrisku txikiagoarekin lotuak, idorreria prebenitzen laguntzen baitute eta hesteak erregularrago hustea sustatzen baitute. Bestalde, gantz azido horiek hanturaren eta minbiziaren aurkako propietateak dituztela egiaztatuta dago.

PRO

Probiotikoak bizirik dauden mikroorganismoak dira, eta kantitate egokian kontsumituz gero, osasunarentzako onuragarriak izan daitezke.

Probiotikoak hartuz gero, gure hesteetako flora aldatu egin daiteke, dela bakterio ez onuragarriak alboratzen dituelako dela gure urdail-hesteetan dagoeneko badauden baino bakterio onuragarri gehiago ekartzen duelako. Horrek eragin zuzena izan dezake gure digestioak errazten dituelako eta gure osasunerako beste hainbat onurarekin ere lotu da, hala nola mantenugaiak hobeto atzitzearekin edo urdail-hesteetako gaixotasun gutxiago izatearekin.

Hartzitako elikagaiek (jogurtak, kefirrak, txukrutak edo kimchiak, esaterako) mikroorganismo bizi ugari dute, denak probiotikoak ez izan arren. Beraz, hartzitako elikagai guztiak probiotikoak direla ezin da esan, mikroorganismo-kontzentrazio nahikoa behar baita horretarako eta gure urdaileko giro azidoari aurre egin behar diote, hesteetara iritsi aurretik suntsitzen baititu.

Zazpi motako mikroorganismo probiotikoak erabiltzen dira gehien: Lactobacillus, Bifidobacterium, Saccharomyces, Streptococcus, Enterococcus, Escherichia eta Bacillus. Horietako askok hesteetako mikrobiotan eragin positiboa izan dezaketen dozenaka andui dituzte, sistema immunologikoa susta dezakete edo gure osasunarentzako beste egiteko onuragarri batzuk izan.

Noiz da beharrezkoa osagarriak erabiltzea?

Dieta orekatua badugu, pre eta probiotikoen osagarriak askotan ez dira behar izaten. Hala ere, tratamendu mediko batzuek (antibiotikoek, esaterako), gure hesteetako flora alda dezaketenez, osagarri horiek hartzea komenigarria izan daiteke. Dena dela, zenbaitetan pre eta probiotikoak eta elikadura osagarriak hartzeak beste tratamendu farmakologiko batzuk xurgatzea alda dezake, beraz, garrantzitsua da sendagileak gainbegiratzea.

ONDORIOAK

Hesteetako flora osasuntsu eta askotarikoa finkatzen eta mantentzen lagun diezazukegu landare jatorriko elikagaien ugariko deita orekatuaren bidez, elikadura osagarriak hartu beharrik gabe.

Gabezietan, pre eta probiotikoak dituzten osagarriak hartu daitezke medikuak aginduta edo profesional dietistek eta nutrizionistek gomendatuta.

Onura ugari duten arren, aldi baterako aurkako ondorioak ere izan ditzakete, hala nola haizea, sabeleko mina, etab.