Azken hilabeteotan merkatutik kendu dira etileno oxidoz kutsatuta egon zitezkeen produktu asko. Hori erkidegoz kanpoko hainbat herrialdetan erabiltzen den pestizida bat da eta Europan debekatuta dago elikagaietan erabiltzea.

2020ko irailean sesamo-hazietan etileno oxidoa aurkitu zen lehenengo aldiz, eta, horrezkero, inportatutako produktuetan kutsatzailea detektatzeko kontrolak indartu dira. Horrenbestez, harrezkero kutsatuta egon zitezkeen 7.000 produktu-lote kendu dituzte, ez baitira egokiak Europan kontsumitzeko, produktu horietan zegoen kontzentrazioa gorabehera eta nahiz eta giza osasunerako arriskurik egon ez. Baztertutako produktuen artean sesamo-haziak eta horiek dituzten produktuak daude gehienbat (hanburgesa-ogiak, gailetak, pizzak, atun tatakiak, etab.), baita espeziak, humusa, saltsak, zereal-barrak, mueslia, txokolatea, kafea, eta abar ere.

Orain dela gutxi, AESANek jakinarazi zuen kutsatzaile hori hauteman zela, legez baimendutako maila baino handiagoan, normalean elikagaigintzan lodigarri eta egonkortzaile gisa erabiltzen den E410 gehigarrian, algarrobo edo algarrobo-goma gisa ezagutzen denean. Gehigarri hori izozkiak egiteko erabili izan da. Nahiz eta izozkiak osatzean gehigarriaren kantitatea oso txikia izan eta amaierako produktuaren kutsadura hondarrezkoa izan, produktu horiek giza kontsumorako ez-gai gisa sailkatu dira eta saldu izan dituzten elikagai-operadoreei merkatutik kentzeko eskatu zaie.

Zergatik kendu dituzte?

Europako Batzordeak, Europako adituekin hainbat bilera egin ostean, erantzun bakarra adostu du EB osorako, eta, “zuhurtasun-printzipioari” jarraiki, etileno oxidoarekin kutsatutako sorta guztiak KENTZEA erabaki dute, horien kontzentrazioa edozein izanda ere eta giza osasunerako arriskurik ez badago ere.

Gure ingurune hurbilean, aspalditik ari dira lanean kaltetuta egon daitezkeen produktuak eta kutsatutako gehigarria kentzeko.

Arriskuan nago izozkia jan badut?

Lehenik eta behin, kontuan izan behar da gehigarri kutsatu hori izozki sorta jakin batzuk egiteko baino ez dela erabili, eta dagoeneko merkatutik kentzen ari direla.

Bestalde, kutsadura osagai jakin batean dago, eta hori kopuru txikitan erabiltzen da; halaber, orain arte egindako kontrolek oso kopuru txikiak hauteman dituzte kutsatutako sortetan.

Kontuan hartuta, gainera, izozkiak unean uneko kontsumo-produktuak direla, esposizio-agertokia oso txikia da, eta Elikagaien Segurtasuneko adituek arrisku oso txikikotzat jo dute; horrenbestez, ez da oso probablea ondorio kaltegarri akuturik egotea produktu horiek kontsumitu dituzten pertsonengan.

Zer da etileno oxidoa?

Etileno oxidoa produktu kimikoak osatzean (desinfektatzaileak edo izotz-kontrakoak, adibidez) lehengai gisa erabiltzen den substantzia kimiko bat da. Erabilera garrantzitsuenen artean, material kirurgikoa desinfektatzea eta beste material batzuk fumigatzea daude.

Herrialde batzuetan, adibidez Estatu Batuetan, baimenduta dago elikagaigintzan erabiltzea, belarrak eta espeziak desinfektatzeko. Europar Batasunean elikagaigintzan erabiltzea debekatu zen orain dela 20 urte baino gehiago, ezin delako legezko gutxieneko seguru bat ezarri.

Zer da algarrobo-goma?

Algarrobo-goma E410 gehigarria da eta algarrobo-hazitik datorren landare-jatorriko lodigarria da. Gehigarri hori elikagaigintzan baimenduta dago eta lodigarri eta gelifikatzaile gisa erabiltzen da. Ohikoa da izozkiak eta azukredun esnekietan erabiltzea, ahoan dugun sentsazioa hobetzen duelako eta untuositate handiagoa hartzen dutelako produktuek.

Landare-jatorriko produktua denez, etileno oxidoz tratatzeko aukera izan dezake elikagaigintzan erabiltzea ahalbidetuta dagoen herrialdeetan; hori dela eta, pestizida horren kontzentrazio txikiak izan ditzakete aipatutako produktuek.

Zergatik egon daiteke izozki batzuetan?

Izozkiek erabiltzen dituzten gehigarri batzuk landare-jatorrikoak izan daitezke, eta etileno oxidoarekin tratatu ahal izan dira elikagaien industrian erabiltzeko baimena duten herrialdeetan. Elikagai-gehigarri horiek Europako enpresek inportatu ahal izan dituzte.

Elikagaien segurtasunari buruzko Europako baldintzak Europar Batasunaren barruan kontsumitzen diren elikagai guztiei aplikatzen zaizkie, jatorria edozein dela ere

Hori horrela dela bermatzeko, hirugarren herrialdeetatik datozen produktuen ausazko kontrola egiten da mugako kontrol-puntuetan, eta horiek produktu bat gelditu dezakete sartu aurretik. Elikagaien Segurtasunari buruzko Europako Legea betetzen ez duten lehengaiak edo gehigarriak hautematea ahalbidetzen duten kontrolak ere badaude.

Erreferentziak