Azkenaldian “elikagaien gaineko alerta” asko hedatzen dira komunikabideetan eta sare sozialetan. Ondorioz, kontsumitzaileak oso kezkatuta daude erosten dutenarekin, eta, askotan, ez dira fio establezimenduetan dauden elikagaiez. Gehienetan “ustezko alerta” horiek ez dute inolako eraginik gure osasunean, eta, horregatik, “alerta mediatiko” esaten diegu. ELIKAtik alerta-sareetako jakinarazpen-motak eta horiek gure osasunean izan dezaketen eragina azalduko dugu.

Zer alertaz kezkatu beharko genuke?

Askotan, “elikagaien gaineko ustezko alerta” horiek Europar Batasuneko Elikagaien Gaineko Alerta Sarean (RASFF) argitaratutako informazio ofizialean oinarritzen dira, “Informazio-jakinarazpenak”, “Mugan baztertuta edo kenduta” eta “kontrol agintarientzako informazioa” epigrafeetan. Informazio hori elikagaien segurtasuna kudeatzen duten administrazioei zuzenduta dago, eta ez dira arriskutsuak pertsonen osasunerako; izan ere, elikagaiak dagoeneko baztertu egin dira eta ez daude merkatuan, edo, bestela, arrisku-mota dela eta, ez da azkar kudeatu behar. Beraz, ez dira elikagaien gaineko alertatzat hartzen.

Aitzitik, Sare honetan argitaratzen diren “elikagaien gaineko alertak” osasunerako oso arriskutsua den elikagai bat merkatuan dagoenean, eta, ondorioz, azkar kendu behar denean jakinarazten dira. Horiek dira benetako elikagaien gaineko alertak: biztanleei orokorrean eragiten dietenak eta webgune ofizialetan (AESAN, ELIKA, Osakidetza…) argitaratzen direnak. Dena dela, elikagaien gaineko alertari buruzko espediente bat abiarazteak ez du esan nahi inplikatutako produktuak kontsumitzaileetara iritsi direnik; ordea, merkaturatze-prozesua abiarazi dela jakinarazten du. Askotan alerta argitaratu egiten da eragindako elikagaiak elikakatetik kendu ahal izateko.

Bestetik, pertsona batzuei alergia edo intolerantziak eragin diezaieketen osagaien presentziagatik sortzen dira alerta batzuk. Kasu horretan, elikagaiak ez dira arriskutsuak biztanleentzat orokorrean, eta soilik alerta eragin duen osagai zehatzari intolerantzia edo alergia dioten pertsonei eragiten die. Alerta horiek azkar argitaratzen dira webgune ofizialetan (AESAN, ELIKA, alergian dituztenen elkarteak) eragindako herritarrengana irits daitezen.

Gainera, AESANen webgunean elikadura-osagarriak kontsumitzen dituzten pertsonentzako alertak jasotzen dira; izan ere, osasun agintariek ikuskatzen ez dituzten substantzia farmakologikoak eduki ditzakete eta kontsumitzaileen osasunerako arriskutsuak izan daitezke.

Azkenik, Elikagaien Iruzurraren aurkako Europako Sarea (FFN) informazioa trukatzeko plataforma bat da, non estatu-kideek mugaz gaindiko iruzurraren kontrako borrokan batera lan egiten duten. Iruzur-jakinarazpenak elikagai-enpresek nahita egindako ekintzak dira, kontsumitzaileak engainatzeko eta bidegabeko etekina ateratzeko. Oro har, merkeagoa den osagai batekin ordezten dute edo etiketa modu engainagarrian jartzen dute. Iruzur horiek, oro har, ez dute eraginik pertsonen osasunean, etiketan alergenoren bat adierazten ez denean kenduta.

Alerta-sareen jakinarazpen motak

Esan dugun moduan, elikagaien intzidentziei buruzko informazio asko dago, baina guztiak ez dira elikagaien gaineko alertatzat hartzen. Hurrengo laukian jakinarazpen mota nagusien laburpena eta giza osasunean izan dezaketen inpaktua jaso dugu.

Alerta-mota Deskribapena Nori zuzenduta / eragindakoak Eragina gizartean Interpretazioa
Informazioaren jakinarazpena (RASFF) Berehalako arriskurik ez duten elikagaien arrisku aukerei buruzko informazio orokorra Kontrol agintariak Funtsik gabeko “alerta mediatiko” baterako balizko arrazoia; ez da premiazko neurririk hartu behar Elikagai baten arriskua identifikatzen da, baina produktua ez da merkatura iritsi edo arrisku aukeraren izaeragatik ez da berehalako ekintzarik behar.
Mugan baztertu izanaren jakinarazpena (RASFF) Elikagai arriskutsuak mugak igaro baino lehen detektatu izanaren jakinarazpena Kontrol agintariak Funtsik gabeko “alerta mediatiko” baterako balizko arrazoia; elikagaiek ez dute muga zeharkatu EBko kanpoko mugetan aztertu eta baztertu diren elikagaien partidak dira. Mugako puntu guztietara bidaltzen dira, kontrolak indartzeko eta baztertutako produktua mugako beste puntu batean EBn sartzen ez dela bermatzeko
Berriak (RASFF) Elikadura segurtasunari buruzko informazio interesgarria kontrol-agintarientzat Kontrol agintariak Funtsik gabeko eta gaizki uler daitekeen “alerta mediatiko” baterako balizko arrazoia  Elikagai edo pentsuen segurtasunari buruzko informazioa da, administrazioak intereseko gaien berri izan dezan.
Elikadura-osagarrien gaineko alerta (AESAN) Elikadura-osagarri gisa merkaturatutako eta farmakologikoki aktiboak diren substantziak agertzeko arriskuagatiko jakinarazpenak Osagarri horien kontsumitzaileak Ez dio populazio orokorrari eragiten, baina “alerta mediatiko” baterako balizko argumentua da Produktu horiek osasun-agintarien beharrezko berrikuspen eta kontrolik gabe merkaturatzen dira, eta arrisku aukera larria izan daitezke kontsumitzaileen osasunarentzat
Elikadura iruzurraren alerta (FFN) Modu iruzurtian etiketatutako edo merkaturatutako produktuak Kontrol agintariak Oro har ez dioten osasunari eragiten, etiketan alergenoren bat adierazten ez denean kenduta Askotan merkeagoa den produktu batekin ordezten da, eta alergiak dituztenentzat arazo bat izan daiteke
Alergenoen alerta (AESAN) Alergenoak ez adieraztea elikagaietan Janari-alergiak dituzten pertsonak Erreakzio alergiko larriak SOILIK alergiak dituztenen artean. “Alerta mediatiko” baterako balizko arrazoia. Ez dira alerta orokorrak; herritarren talde txiki bati baino ez diote eragiten
Alerta (RASFF) edo alerta OROKORRA (AESAN) Arriskua merkaturatutako elikagaietan Publiko orokorra Arriskua kontsumitzaileentzat, premiazko neurriak hartu behar dira Osasunerako arrisku aukera handia izan dezakeen elikagai bat merkatuan dagoenean eta azkar jardun behar denean bidaltzen da. Helburua da produktua lokalizatzea (lotea, merkaturatutako tokia, etab.) eta merkatutik azkar kentzea.

 

Testuinguru horretan, garrantzitsua da “arrisku” eta “arrisku aukera” bereiztea. Arriskua “arazo bat eragin dezakeen agente oro da”, eta, arrisku aukera, bestetik, “arrisku horren ondorioz arazo bat izateko aukera eta larritasuna” da. Ondorioz, arriskuak elikagaietan identifikatzen dira eta pertsonen osasunerako arrisku aukerak ebaluatu egiten dira. Hortaz, arrisku bat identifikatzen denean balioetsi behar dugu osasunean ondoriorik eragiteko aukerarik dagoen, hala bada, zer neurri hartu erabakitzeko.

Zergatik dago hainbeste alerta azkenaldian?

Egia da idatzizko komunikabideetan maiz agertzen direla elikagaien gaineko alertak, baina gehienak Elikagaien Arriskuen Kudeatzaileek arrisku-ebaluazioaren arabera ekintzak definitzeko webgune ofizialetan argitaratutako informazioan oinarritzen dira. Oro har, balizko arazoen berri izateko informazioa da, baina gutxitan izaten da “elikagaien gaineko alerta”. Eduki-sortzaile batzuek informazio hori gaizki interpreta dezakete, eta, ondorioz, marka baten, elikagai-sektoreren baten edo zuzenean administrazioren ospeari zuzenean eragin diezaioketen berriak argitara ditzakete. Hortaz, ez dugu alerta-sareetan argitaratzen den informazio guztiarekin larritu behar. Jakinarazpen-mota horiek daude seguruak ez diren elikagaiak herritarrengana iristea saihesteko eta kentzeko kontrol zorrotzak daudelako. Jakinarazpen gehiago izatearen arrazoia da agintari eskudunek desadostasunak (baita osasunerako arriskutsuak ez badira ere) detektatzeko eta jakinarazteko konpromiso handiagoa dutela. Berez, inoiz ez dugu izan gaur egun bezainbesteko segurtasuna gure kontsumoan.

Nola jakin dezaket alertaren bat benetan arriskutsua den?

Garrantzitsua da azpimarratzea alerta-sareak arrisku horiek kudeatzeaz arduratzen diren agintarientzat diseinatuta daudela. Adituek jakinarazpenak interpretatu eta arriskuaren araberako erabakiak hartzen dituzte. Hala ere, Europako administrazioaren gardentasunaren ondorioz, sare horietako informazioa publikoa da, eta, ondorioz, arriskuak ebaluatzeko prozesuak ezagutzen ez dituztenek informazio hori gaizki ulertu edo handitu dezakete.

Hortaz, premisa nagusia da iturri ofizialak kontsultatzea. AESANek alerta nagusien atal bat du. Bertan Espainian elikagaien gaineko alertari lotutako informazio guztia jasotzen dute. Euskadi mailan, ELIKAko webgunean eta Twitterren Euskadiri eragiten dioten alertak argitaratzen ditugu. Osakidetzak ere horien berri ematen du Euskadi.eus atarian. Alerta mediatiko edo benetako elikagaien gaineko alerta baten aurrean gauden jakiteko, eta nola jokatu behar dugun jakiteko, erabakien zuhaitz hau aztertu dezakezu, goitik behera eta ezkerretik eskuinera. Koloreek informazioaren fidagarritasun eta sinesgarritasun-maila adierazten dute, informazioari garrantzia eman behar diozun edo ez baloratzeko. (gorria = batere sinesgarria… berdea= oso sinesgarria-garrantzitsua).

Eta elikagai bati alergia edo intolerantzia badiot?

Hala bada, alergenoen alerta-sareen informazioa jarraitzea gomendatzen dizugu. ELIKAren Twitterren eta Kontsumitzaileentzako webgunean alerta horien berri ematen dugu noizean behin. AESANen webgunean, alergenoen alerten atalean ere horri buruzko informazioa aurkituko duzu.

Zer ondorio dituzte “alerta mediatiko” horiek?

  • Behar gabe alerta jotzen dute, eta kontsumitzaileei etorkizuneko alerten aurreko sentikortasuna ken diezaieke.
  • Produktuaren sektoreari eragiten dio: kontsumitzaileak kontsumitzeko duen joerari eragin diezaioke behar izan gabe, eta, ondorioz, elikagai zehatz bat kontsumitzeari utzi.
  • Elikagaia kontsumitzeari uztekotan eta hain osasuntsua ez den beste batekin ordeztuz gero, gure elikadura eta osasun-egoerari eragin diezaioke.
  • Eragindako produktuen jatorri-herrialdeen estigmatizazioa.
  • Nekazaritzako Elikagaien Industriaren gaineko uste okerra: etengabeko alerta horiek nekazaritzako elikagaien industriak gauzak oker egiten dituela pentsarazi diezaguke. Ez da horrela inondik inora; izan ere, alerta horiek askotan enpresen autokontrolek sortzen dituzte, produktuen osasungarritasuna bermatzeko.

Intereseko estekak