Zer da trazabilitatea?

Nahiko hitz modernoa da, orain dela urte gutxira arte hiztegietan agertzen ez zena. Aztarna, arrasto eta traza bezalako hitzek lotura zuzena daukate trazabilitatearekin.

Europako araudiaren arabera, honako hau da trazabilitatea: “elikagai, pentsu, elikagaietarako animalia, elikagaietan edo pentsuetan gehitzeko substantzia edo horretarako aukerak dituen substantzia baten arrastoa aurkitu eta ekoizte-, eraldatze- eta banatze-etapa guztietan jarraipena egiteko aukera”.

Hortaz, trazabilitatea lanabes bat da, elikagai jakin baten jatorria eta ibilbidearen etapa guztiak (biltzea, ekoiztea, egitea, biltegiratzea, banatzea…) berreraikitzea ahalbidetzen duena.

Zein da bere erabilgarritasuna?

Trazabilitateak erabilera anitzeko lanabesa da, baina honako hauek dira erabilera garrantzitsuenak:

  • (Kutsatutako) produktu jakin bat merkatutik ateratzea.
  • Kontsumitzaileei informazioa ematea.
  • Produktu jakin baten kalitatea bermatzea.

Elikagaien trazabilitatea

Elikagaiei aplikatutako trazabilitatea da elikagai jakin baten jarraipena egin ahal izatea jatorritik azken kontsumitzailera iristen denera arte. Era horretan, kontsumitzaileentzako arriskuren bat aurkituz gero, luze gabe jardun daiteke.

Trazabilitate-sistema egokia ezarri ahal izateko, edozein elikagai-enpresak (ustiategietatik saltokietara) informazio guztia erregistratu behar du.

Demagun pizza fabrika bat dagoela. Bada, bertan honako hauek egitea ahalbidetzen duen dokumentu-sistema egon beharko litzateke:

  • Atzerako trazabilitatea: Norengandik jasotzen diren produktuak, hau da, gari-irinaren nahiz gaztaren, urdaiazpikoaren, gatzaren eta abarren hornitzaileen identifikazioa. / Zer jaso den zehazki, hau da, zein produktu eta kopuru / Noiz jaso den (jasotze-data) / Zer egin den produktuekin jaso direnean, hau da, non biltegiratu diren eta zein baldintzatan.
  • Prozesuaren trazabilitatea (barrukoa): Noiz zatitu, aldatu edo nahasten diren produktuak/ Zer sortzen den / Zertan oinarrituta sortzen den / Nola sortzen den / Noiz sortzen den / Produktuaren identifikazioa.
  • Aurrerako trazabilitatea: Produktua nori, hau da, zein supermerkaturi ematen zaion / Zer saldu den, hau da, zein produktu eta zenbat / Noiz saldu den.

Hainbat elikagairen trazabilitatea (hala nola, behi-esnea, arraina, oliba-olioa, etab.) indarrean dauden araudien bidez dago ezarrita. Bada, jarraian trazabilitate-sistema oso garaturik daukaten bi produktu izango ditugu hizpide: behi-okela eta arrautzak.

Behi okelaren trazabilitatea

Okelaren produkzioa prozesu konplexua da, eta bere baitan hainbat etapa hartzen ditu: animaliak abeletxetan haztetik animaliak hil ondoren okelaren transformaziora arte. Hori dela eta, trazabilitate-sistema egokiak bermatu egin behar du okelaren identifikazioaren eta okel horren jatorriko animaliaren edo animalien arteko harremana, behi-okelaren produkzio-, eraldaketa-, banaketa- eta salmenta-etapa guztietan zehar.

Behi-okelaren trazabilitate-sistemak funtsezko bi oinarri ditu:

  • Animalien identifikazio- eta erregistro-sistema.
  • Behi-okelaren “jatorria” nahitaez azaltzen duen etiketatzea.

Honako hauek dira behien abeltxetan erabiltzen diren identifikazio- eta erregistro-sistemetako elementuak:

  • Krotaloak (belarrietako markak) animalien banakako identifikaziorako.
  • Behien identifikazio-agiriak (BIA).
  • Ustiategi bakoitzeko erregistro-liburuak.

Hiltegira iristean derrigor egiten da animalien identitate-kontrola, ikuskatze ofizialaren pean. Horretarako, animaliaren krotaloaren informazioa eta BIAn agertzen dena bat datozela egiaztatzen da.

Une horretatik aurrera, erreferentzia-zenbakia ematen da. Zenbaki horrek ziurtatu egiten du okelaren eta animaliaren edo animalia-taldearen arteko lotura.

Indarrean dagoen legeriari jarraiki, behi-okelaren etiketak honako informazio hau eduki behar du, era irakurgarrian:

  • Erreferentzia-zenbakia
  • Jaiotza-herrialdea edo “-(e)an jaioa”.
  • Loditze-herrialdea edo “-(e)an hazia”, “-(e)an gizendua” nahiz “-(e)an galkatua”.
  • … herrialdean “sakrifikatua” eta hiltegiaren osasun-baimenaren zenbakia.
  • … herrialdean “zatikatua” eta zatikatze-gelaren osasun-baimenaren zenbakia.

Informazio hori hornidura-kate osoan zehar sortzen diren behi-okelaren pieza guztietako etiketetan agertu behar da.

Bestalde, elikagaien industria guztiek (hiltegiek, zatikatze-gelek, hozkailu-biltegiek, azken kontsumitzaileentzako saltokiek) produktuen sarrerei eta irteerei buruzko informazio-erregistroak gorde beharko dituzte, gutxienez, 3 urtez.

Oilo arrautzen trazabilitatea

Arrautzei dagokienez, trazabilitatea ustiategian bertan kontrolatzen da; izan ere, bertan erregistratzen dira produkzioaren xehetasun guztiak: hegaztien eta pentsuaren jatorria, egindako osasun-kontrolak eta elikagaien segurtasunari dagozkion gainerako faktore garrantzitsuak.

Enbalatze-zentroan erregistratu egiten dira igorritako lote bakoitzaren jatorria eta helmuga, eta ontzian markatzen dira edozein unetan trazabilitate osoa ahalbidetzen duten osasun-erregistroa nahiz bestelako informazioak.

Trazabilitatea egitea ahalbidetzen duen informazioa honako hauetan gelditzen da erregistraturik: kateko operatzaile bakoitzean, ontzian, azken produktuan eta kontsumitzaileengana heldu artean egindako ibilbideko dokumentuetan.

Arrautza-oskolean, elikagaietarako baimendutako tintaz, jatorrizko ustiategia identifikatzen duen kodea ageri da, eta osasun-agintariei eta kontsumitzaileei oiloaren hazte-moduari eta jatorrizko herrialdeari buruzko informazioa ematen zaie. Kode hori ezinbestekoa da arrautza freskoetan, eta oskolean bestelako informazio gehigarria gehitu ahal zaio: errunaldi-data, lehentasunezko kontsumoaren data edo marka komertziala, esaterako.

Lotura interesgarriak elikagaien trazabilitateari buruz:

Sortze data: 2011-12-13

Eguneratze data: 2011-12-13