Duela 30 urte baino gehiago hasi ziren Euskadin fluor-kopuru txikiak gehitzen kontsumoko uretan, 30.000 biztanle baino gehiagoko hirigune gehienetan (biztanleriaren % 78), hortzetako txantxarra prebenitzeko. Gaur egun, praktika hori kentzea aztertzen ari dira, aho-hortzen estrategiaren emaitzak osotasunean baloratu ondoren eta egungo egoera epidemiologikoa kontuan hartuta.

Zergatik gehitzen zaio fluorra urari?

Fluorra da edateko ura kontsumituta aho-hortzen osasunerako eragingarria dela frogatu ahal izan duen substantzia kimiko gutxietako bat.

Urak berez ditu fluor-kontzentrazio aldakorrak, ur horren lurraren osaeraren arabera. Urari fluor-kopuru txikiak gehitzea, bere garaian, baliagarria izan zen umeen artean txantxarrak ekiditeko; izan ere, 80ko hamarkadan arazo horrek oso kezkatzen zituen osasunaren arloko profesionalak eta administrazioa.

Beste herrialde batzuek ordurako erabiltzen zuten estrategia hori eta oso emaitza onak ematen zituen.

Kaltegarria al da ur fluorduna edatea?

Ezin izan da egiaztatu Euskadin urari botatzen zaion fluor-kopuruak (0,9 mg/l) toxikotasun-arazoak eragiten dituenik, ezta kontrako efekturik gizakien osasunean ere. Aitzitik, egiaztatu ahal izan da onura handiak dituela hortzetako txantxarra prebenitzeko.

Zer dela-eta ari dira baloratzen ura fluoratzeari uztea?

Gaur egun, Euskadiko umeek orain dela hiru hamarkada baino askoz ere txantxar gutxiago izaten dituzte; izan ere, aho-hortzetako higienea hobea da eta programa odontologiko publiko, unibertsal eta doakoak eraginkorrak dira. Uraren fluorazioak, halaber, lagundu egin dio egungo egoera epidemiologikoari; baina, neurri horri eustearen onurak ez dira hain nabarmenak gaur egun. Hori dela eta ari dira fluorra kentzeko aukera aztertzen.

Beste herrialde batzuetan ere fluorra gehitzen zaio urari?

Gaur egun, honako herrialde hauetan gehitzen zaio fluorra urari: Erresuma Batua, Irlanda, Poloniako eta Serbiako leku gutxi batzuk eta Espainiako lau autonomia-erkidego (Murtzia, Andaluzia, Extremadura eta Euskadi).

Garai batean neurri hori ezarri zuten Espainiako gainerako autonomia-erkidegoek azken urteetan utzi egin diote ura fluoratzeari. Bere garaian edateko urari fluorra gehitzea erabaki zuten beste herrialde batzuek ere bertan behera utzi dute neurri hori, besteak beste: Suedia, Finlandia, Herbehereak, Eskozia, Ipar Irlanda, Alemania, Suitza, Hungaria eta Txekiar Errepublika.

Azkenik, badira inoiz neurri hori ezarri ez zuten herrialdeak (besteak beste, Danimarka, Belgika, Luxenburgo, Norvegia, Austria, Frantzia, Italia eta Grezia), izan urak berez zuelako fluorra edo izan beste estrategia batzuk ezarri zirelako (adibidez, gatza, esnea edo hortzetako pasta fluoratzea).

Erreferentziak

 

Fecha de creación: 10-09-2021