Azido glutamikoa eta “glutamato” izenaz ezagutzen diren azido glutamikoaren gatzak zenbait produkturen zaporea hobetzeko baimenduta dauden zapore-indartzaileak dira.

Izena irakurrita produktu kimiko kaltegarria dela irudi dezakeen arren, naturalki dago presente elikagai askotan

Substantzia hori naturalki dago presente elikagai batzuetan, besteak beste: gaztetan (Parmako gazta, Roquefort gazta, Emmental gazta eta Cheddar gazta), urdaiazpikoan, intxaurretan, shiitakeetan, behi- eta oilasko-haragian, algetan eta beste askotan.

Bosgarren zaporea, “Umamia” , sortzen du. Japonieraz, “gozo-gozo” esan nahi du.

Saporeak mingainean

Horregatik, elikagaien industrian zenbait elikagairi gehitu eta haragiaren antzeko zapore osoagoa lortzeko erabiltzen da.

SEGURUA AL DA GLUTAMATOA DUTEN ELIKAGAIAK KONTSUMITZEA?

Elikagaien segurtasunaren arloko agintaritza gorenak (EFSAk) ebaluatu eta berrebaluatu egin ditu substantzia bera eta elikadura-industrian duen erabilera, eta ondorioztatu du segurua dela, baldin eta eguneko ingestioak ez badu kontsumitzailearen gorputz-pisuaren kg bakoitzeko 30 mg glutamato gainditzen. Beraz, 70 kg pisatzen dituen pertsona batek egunean har dezakeen dosia konposatu horren 2 gramo puru baino handiagoa da.

ZEIN ELIKAGAIK DUTE GLUTAMATO ERANTSIA?

Besteak beste, okintza-produktuetan, zopa eta saldetan, saltsetan, haragi-produktuetan eta elikagaiak ontzeko eta gozatzeko produktuetan egoten da.

Honela agertzen da etiketetan: E620, E 621, E 622, E 623, E 624 eta E 625.

NONDIK DATOR GLUTAMATOA?

Konposatu hau ongailu eta zapore-indartzaile gisa erabili izan da XX. mende hasieratik (1909an patentatu zen).

Hasieran, glutenaren hidrolisiaren bidez ekoizten zen, eta, aurrerago, soja-babak erabiltzen hasi ziren. Gaur egun, landareen (kanabera-azukrea eta antzeko beste labore batzuk) hartzidura bakterianoa lortzeko prozesu baten bidez sortzen da.

GLUTAMATOARI LOTUTAKO GEZURRAK

Gezur (fake-news) asko daude substantzia honen toxikotasunaren inguruan, eta hainbat elikagaitan presente dagoela ohartarazten dute. Gogoan izan behar dugu, EFSAz gain, Munduko Osasun Erakundeak ere ebaluatu zituela glutamatoa eta haren gatzak, Elikagai Gehigarrien Adituen Batzorde Mistoaren (CMEAA) bidez, eta ondorioztatu zuela, baimendutako dosietan hartuta, substantzia segurua dela.

ZER DA JATETXE TXINATARRAREN SINDROMEA?

Asko idatzi da “jatetxe txinatarraren sindromeaz”; izan ere, ekialdeko sukaldaritzan erabiltzen den konposatu horrek zenbait sintoma eragiten ditue, besteak beste, zorabioak, buruko mina, palpitazioak eta gehiegizko izerditzea. Horri dagokionez, esan behar dugu EHUNEKO TXIKI BATEK baino ez dituela intolerantzia-episodio iragankorrak izan otordu bakar batean konposatu horren kantitate handia kontsumitzeagatik. Edonola ere, sintoma horiek beren kabuz desagertzen dira eta ez dute inolako tratamendurik behar.

ONDORIOA

Garrantzitsua da azpimarratzea elikagai-gehigarriak ebaluatu egiten direla elikagaietan erabiltzeko baimena eman baino lehen, seguruak direla eta inoren osasuna arriskuan jartzen ez dutela bermatzeko.

Egun arte eskuragarri dauden datuekin, eskumena duten agintariek erabaki dute konposatua segurua dela elikagaietan erabiltzeko, ohiko kontzentrazioetan erabiltzen bada.

ERREFERENTZIAK

Sortze data: 2021-09-20