Laborategian landutako elikagaiak. Noiz ikusiko ditugu salgai?
Laborategiko janaria, landutako elikagaiak, janari sintetikoa edo artifiziala, zelulaz egindako elikagaiak… asko dira kultibo zelularretatik eratorritako elikagaiak ezagutzeko terminoak. Nahiz eta elikagaiak ekoizteko modu berria den, produktu horiek ez dira ez kimikoki ez artifizialki sintetizatzen; hortaz, ez da egokia horiei elikagai sintetikoak edo artifizialak deitzea.
Zer dira?
Animalia-jatorriko (haragia edo arraina) edo landare-jatorriko (frutak eta barazkiak) zeluletatik sortzen diren elikagaiak dira. Zelula horiek baldintza itxi eta kontrolatuetan lantzen dira, ugaldu egiten dira eta, ondoren, prozesatu egiten dira elikagaiak sortzeko.
Bereaz, zelulak ez dira bere horretan kontsumitzen; kultibo zelular horiekin egindako elikagaiak kontsumitzen dira. Osaerari dagokionez, ohikoen antzeko elikagaiak dira; izan ere, mantenugaien kopuru eta kalitate bera izan dezakete.
Oro har, animalia-jatorriko elikagai horiek ohiko haragiaren alternatibatzat hartzen dira, jasangarritasuna eta animalien ongizate eta osasuna direla eta.
Nola sortzen dira?
Animalia-jatorriko zeluletan oinarritutako elikagaiei dagokienez, baserriko animalia baten zeluletatik abiatzen da, baina zuzenean muskulu eta haragitik bertatik har daitezke. Konpartimentu itxietan haz daitezkeen zelulak hartzen dira, eta konpartimentu horietan ura, mantenugaiak eta oxigenoa gehitzen dira. Tenperatura ere kontrolatzen da, beraz, ingurune erabat kontrolatu eta monitorizatuan garatzen dira.
Zelulak hazi eta ugaldu egiten dira, eta, ondoren, bildu eta prozesatu egiten dira ohiko elikagaien itxura eta zaporea duten elikagaiak sortzeko.
Ba al dago merkatuan kultibo zelularretatik eratorritako elikagairik?
Europako merkatuan oraindik ez dago halako produkturik, baina …
…bai munduko beste leku batzuetan, besteak beste Singapurren, oilasko-zeluletan oinarritutako elikagaiak egiteko baimena baitago. Elikagai horiek oilasko-nugget gisa merkaturatzen dira, baina oso kopuru txikian oraindik.
Zein prozesuri jarraitzen zaio Europan halako elikagaiak baimentzeko?
Europar Batasunean, elikagai berritzat jotzen dira; hortaz, EFSAren segurtasun-ebaluazioa behar dute eta, ondoren, estatu kideen eta Europako Batzordearen baimena. Europar Batasunak elikagaien segurtasunaren estandar altuenetako bat du. Horren helburua da kontsumitzaileen segurtasuna bermatzea, eta horrexegatik da, hain zuzen ere, baimena emateko prozesua luzea. Hala ere, oraingoz ez zaio baimen-eskaerarik aurkeztu AESANi; beraz, oraindik denbora luzea beharko da elikagai horiek salmenta-puntuetan ikusteko.
Seguruak al dira elikagai horiek?
Halako elikagaiekin lotutako arriskuak ez dira ohiko elikagaien arriskuen desberdinak; izan ere, zelulak hazten diren ingurunean gehitzen den guztia (mantenugaiak, bitaminak, hazkunde-faktoreak) ez da inoiz % 100 purua. Hortaz, azken produktuan kutsadura kimikoa egon daiteke eta elikagai horiek elikagaietan kutsatzaileak mugatzen dituen araudi berbera bete beharko dute.
Kutsadura mikrobiologikoari dagokionez, kultiboan ez dagoenez sistema immunologikorik, berehala hauteman daiteke kultiboa narriatu egingo baita eta baztertu egin beharko da; hortaz, produktua ez da inoiz merkatura iritsiko.
Nutrizio-arriskuei ere erreparatu behako zaie; izan ere, elikagai berriri buruzko araudiak ezartzen du elikagai berriek ez dituztela Europako kontsumitzaileak kaltetu behar mantenugaiei dagokienez. Hortaz, nutrizioaren aldetik, ezin dira izan orain kontsumitzen ditugunak baino okerragoak.
Zein erronka teknologiko ditu elikagaiak ekoizteko teknika horrek?
Ikerketa asko egiten ari dira zelula horiek lantzeko eta ohiko haragiaren elikagai alternatiboak lotzeko behar adinako kopuruan, etekin onekin eta modu errentagarrian.
Zailtasun handiena eskala handian ekoiztea da; izan ere, zelulak bi dimentsiotan (geruza bakar batean) erraz lantzea lotu da, baina beharrezkoa da zelulak hiru dimentsioko egitura batean (bata bestearen gainean) haztea haragiaren egitura imitatu ahal izateko.
Gainera, kasu horretan, zelula mota bakar batean oinarritutako kultibo zelularraz ari gara: normalean muskuluetako zelulak izaten dira; hortaz, zelulak hazten diren ingurunea ohikoaren oso bestelakoa da. Zelula horiek animalietan hazteko behar dituzten baldintzak imitatu behar dira.
Azkenik, etekinari eta errentagarritasunari begira, erronka da, halaber, ohiko haragiak une honetan duen prezioarekin lehiatu ahal izateko.