Palma olioa
Duela zenbait urtetatik auzitan dago “palma-olioa”, baina ez Elikagaien eta Nutrizioaren Segurtasunean duen eraginagatik, gaur-gaurkoz ez baitago frogatua gantz-mota horrek giza osasunari kalte egiten dionik baldin eta dieta osasungarria izanez gero, ezpada haren laborantzak ingurumenean eta gizartean daukan inpaktuagatik.
ZER DA PALMA-OLIOA? JATORRIA ETA PROPIETATEAK
Palma-olioa Afrikako Elaeis guineensis palmondoaren fruituetatik ateratzen den olioa da, jateko modukoa. Herrialde tropikaletan landatzen da; zehazki, Indonesian eta Malaysian. Bi herrialde horiek mundu osoko ekoizpenaren %85 fabrikatzen dute.
Landare-olio gehienak ez bezala, ia-ia gantz-azido aseen %50 ditu (batik bat, azido palmitikoa), gantz-azido monoasegabeen %37-46 (batik bat, azido oleikoa) eta gantz-azido poliasegabeen %10, eta aberatsa da A eta E bitaminetan.
Palma-olio findua oso egonkorra da (erdisolidoa giro-tenperaturan, eta nekez zaharmintzen edo oxidatzen da), eta ez dauka ez zaporerik ez usainik.
ZERTARAKO ERABILTZEN DA?
Gaur egun, munduan gehien kontsumitzen den olioa da, eta nagusiki elikagaiak egiteko erabiltzen da (%80).Neurri txikiago batean, produktu kosmetikoak eta garbigarriak formulatzeko erabiltzen da, baita biodiesela ekoizteko ere (%20).
Elikagaien industrian erruz erabiltzen da, haren propietateak eta prezio apala direla eta (oso errentagarria da palmondoak landatzea). Propietateei ondo eusten dienez tenperatura beroetan, frijituko diren elikagaietan edo tenperatura beroetan kontserbatu behar direnetan erabili ohi da.
Ekilore-olioaren ordez ere erabiltzen da, batez ere aurrez prestatutako jakietan, opil industrialetan eta beste janari prozesatu batzuetan. Gainera, hidrogenatzen ez denez, trans gantz-azidoen ordez erabiltzen da elikagai ugaritan.
Horregatik guztiagatik, elikagai landu eta ontziratu askotan aurki dezakegu, besteak beste:
- Margarinak, kremak eta txokolatezko estaldurak
- Opil, gozo eta pastel industrialak
- Zizka-mizkak (patata frijituak…)
- Izozkiak eta beste esneki batzuk
- Aurrez prestatutako jakiak (pizzak…)
ADIERAZI BEHAR AL DA ETIKETAN?
Elikagai bat fabrikatzean palma-olioa erabiltzen bada, osagaien zerrendan adierazi beharko da. Hartara, kontsumitzaileak eskura izango du informazioa beti, jaki bat hartu ala ez erabakitzeko.
2014ko abenduaz geroztik (1169/2011 Araudia), fabrikatzaileek nahitaez zehaztu behar dute etiketan zein motatako landare-olioa edo -gantza den, eta haren jatorria identifikatu: ekilore-olioa, palma-olioa, koko-olioa edo oliba-olioa, esaterako.
ELIKAGAIEN SEGURTASUNAREN GAINEKO INPAKTUA
Elikagaien Segurtasunaren ikuspuntutik, palma-olioaren gantza “prozesu-kutsatzaileak” direlakoekin lotu izan da, substantzia jakin batzuk sortzen direlako (3-monokloropropanediola –3-MCPD–, 2-monokloropropanediola –2-MCPD– eta gantz-azidoen ester glizidilak –GE–) landare-olioak tenperatura beroetan fintzean (gutxi gorabehera, 200 gradutan).
Europako Elikagaien Segurtasunerako Agintaritzak (EFSA), 2016ko maiatzean, aztertu zuen ea arriskurik zegoen prozesu-kutsatzaileak egoteko zenbait jakitan, palma-olio finduan esaterako. EFSAk ondorioztatu zuen kutsatzaile horiek ez dutela arriskurik eragiten biztanleen osasunean, baina kezka agertu zuen adin-talde gazteen inguruan bereziki, produktu eraldatu gehiago kontsumitzen dituztelako.
Hori dela eta, Europan lanean ari dira olioak fintzeko prozesuan sortzen diren kutsatzaileen gehieneko mugak berrikusteko, kontsumoaren bidezko esposizioa murrizte aldera.
NUTRIZIOAREN GAINEKO INPAKTUA
Palma-olioa aberatsa da gantz aseetan; horregatik, hobe da palma-olio gehiegi ez kontsumitzea, gantz ase gehiegi jateak kolesterola areagotzen duelako eta arteriosklerosiari nahiz gaixotasun kardiobaskularrei bide eman diezaiekeelako.
Hala mundu osoan (OME) nola Europan, Elikadurari eta Nutrizioari buruzko Europako Ekintza Planak neurriak sustatzen ditu elikadura osasungarria izan dezaten herritarrek, batik bat haur eta gazteek, gaixotasun kardiobaskularrak eta diabetesa murrizteko xedez. Izan ere, nutriente jakin batzuk ez jateak edo gehiegi kontsumitzeak desorekatu egin dezake dieta, eta gaitzok harrapatzeko arriskua handitu.
Gainera, lanean dabiltza elikagaien industriarekin eta elikagaien konposizioa birformulatzen edo hobetzen diharduten beste agente batzuekin. Agenteok, hain zuzen ere, osagaietako batzuk murrizten edo ezabatzen dituzte (gatza, azukre erantsia, gantz aseak edo trans gantzak…), baina segurtasuna, zaporea eta testura mantenduz. Hori funtsezkoa da dietan nutrizio-gomendioak bete ahal izateko.
INGURUMENEKO INPAKTUA
Herrialde tropikaletako palmondo-hazkuntza oihan tropikalen deforestazioarekin eta biodibertsitatearen galerarekin lotu izan da; izan ere, espezie asko arriskuan daude habitat naturalak suntsitzen dizkietelako. Horrez gain, esan ohi da palmondoaren hazkuntzak giza eskubideak urratzen dituela.
Nazio Batuen Ingurumen Programaren arabera (UNEP), Indonesiako palmondo-sailen % 70 eta Malaysiako % 50 inguru garai batean oihan tropikala ziren eremuetan daude kokatuta.Gainera, Munduko Natura Funtsaren (WWF) kalkuluen arabera, Indonesiak basoen % 98tik gora galduko ditu hamar urtean baino gutxiagoan, palma-olioa lortzeko egiten den suntsiketa indiskriminatuaren ondorioz.
Hori dela eta, Europako Parlamentua palma-olioari eta oihan tropikalen deforestazioari buruzko arauak lantzen ari da.
GOMENDAGARRIA AL DA PALMA-OLIOA KONTSUMITZEA?
Askotariko dieta orekatu batean, eguneroko dietako kaloria guztien % 10 baino gutxiago hartu behar dira gantz aseen bidez. Halaber, gantz asegabe gehiago kontsumitu behar da, ahal dela monoasegabeak (oliba-olioarenak, adibidez) eta poliasegabeak (arrainenak, adibidez), baita fruitu lehor gehiago ere, besteak beste.
Gaur-gaurkoz ez dago frogatuta palma-olioa arriskutsua denik giza osasunerako, baldin eta askotariko dieta orekatua egiten bada.
ERREFERENTZIAZKO AGIRIAK
- Palma-olioa. AECOSAN – 2017ko apirila
- Palma-olioa. ACSA – 2017ko ekaina
- Elikagaietako prozesu-kutsatzaileen arriskuaren ebaluazioa. ELIKA – 2016ko maiatza
- Palma-olioari buruz jakin behar duzun guztia. OCU – 2015eko azaroa
BESTE LOTURA INTERESGARRI BATZUK
- Palma-olioari eta ohian tropikalen deforestazioari buruzko ebazpen-proposamena. Europako Parlamentua – 2017ko martxoa
- World agriculture: towards 2030/2050. FAO – 2016ko ekaina
- Elikadurari eta Nutrizioari buruzko Europako Ekintza Plana. OME – 2014ko iraila
- Olioak, guztiak berdinak dira?. ELIKA- 2015eko urria
Sortze data: 2017-05-15
Eguneratze data: 2019-07-11