Zein da pertsona baten nutrizio-egoera optimoa?
Nutrizioak pertsona edo kolektibo batengan sortzen duen osasuna eta ongizatea da nutrizio‑egoera.
Pertsonok “nutrizio-beharrak” ditugu, gure organismoak ondo funtzionatu eta osasuntsu egongo bada. Energiaren eta nutrienteen beharra adinaren eta egiten dugun ariketa fisikoaren araberakoa izaten da. Hau da, pertsona bakoitzarentzat egokia den elikagai kopurua bere egoeraren (hazten ari den, haurdunaldia, gaixoaldia, etab.) eta egiten duen ariketa fisikoaren araberakoa da.
Elikadurak hiru atal barne hartu behar ditu osasun-egoera optimoa edukiko bada:
- Fisiologikoa: proteinak, gantzak, etab.
- Biokimikoa: gatzak, ura, etab. Bizitzeko behar direnak.
- Metabolikoa: gure metabolismoak elikagaien bidez eskuratzen dituen osagai batzuk behar ditu ondo funtzionatzeko (adib.: bitaminak, etab..).
Nutrizio-egoera optimoa lortzen da elikagaien bidez eskuratzen diren nutrienteek behar fisiologiko, biokimiko eta metabolikoei ondo erantzuten dietenean
Zer gertatzen da gutxiegi ego gehiegi jaten dugunean?
Gure nutrizio-beharrak osatzeko baino gehiago zein gutxiago jan, “malnutrizio” deritzan egoeran sartzen gara, eta horrek epe motz-ertainean arazoak sor ditzake.
“Malnutrizio” egoerara iristen bagara, onena da dietetika eta nutrizioan profesionala den norbaiten aholkuei jarraitzea. Gure nutrizio-egoera ebaluatuko du eta gomendioak egingo dizkigu jaten dugun elikagai-kopurua eta kalitatea eta egiten dugun ariketa fisikoa doitzeko
Zergatik ez du balio dieta berak jende guztiarentzat?
Denok desberdinak gara eta gure nutrizio-beharrak ez dira berdinak; beraz, litekeena da batzuei “funtzionatzen” dien dieta bat besteentzat ez izatea hain egokia. Horregatik, beharrezkoa da elikadura pertsona bakoitzaren beharretara eta ohituretara egokitzea.
Lehenengo pausua da norbanakoaren egungo nutrizio-egoera ebaluatzea, proba antropometriko, biokimiko, immunologiko edo klinikoen bidez.
Proba antropometrikoen bidez (pisua, altuera, gorputz-masaren indizea -GMI-, gorputzaren konposizioa, etab.) jakin daiteke pertsona bat pisuan behetik dagoen, dagokion pisuan, pisutik gora dagoen edo obesoa dagoen, eta beraz jakin daiteke behar dituenak baino energia eta nutriente gutxiago edo gehiago jan dituen.
GMI indizearen bidez jakin dezakegu pertsona bat bere altuerari dagokion pisuan dagoen, edo hortik gora edo behera dagoen. Kalkulatzeko, pisua (kilotan) zati altuera (metrotan) ber bi egin behar da (GMI=p/t2)
Proba biokimiko, immunologiko edo klinikoek hainbat nutrienteren gabezia dagoela atzematen laguntzen dute, burdina (anemia) edo bitamina jakin batzuk, esaterako.
Nutrizio-egoeraren ebaluazioa osatzeko elikadura-/dieta-ohituren eta ariketa fisikoaren azterketa egiten da, eta horren bidez jakin daitezke egungo egoeraren nondik-norakoak.
Bukatzeko, osasun-arloko profesionalak nutrizio-egoera optimora itzultzeko egin beharreko aldaketak proposatuko ditu. Askotan ez dira dietari buruzko proposamenak bakarrik izaten, ohiturak eta bizitza estiloa dakartenak ere izan daitezke.
Zergatik ez da komeni “dieta miragarriekin” fidatzea?
“Dieta miragarriak” deritzaten dieta asko daude. Honako mezu hauen antzekoekin etorri ohi dira:
- Pisua azkar galtzeko promesa: 5 kilo hilean
- Ziurtatzen dute ez duela ahalegin handirik eskatzen
- Seguruak direla diote, ez direla osasunarentzat arriskutsuak
Dieta horiek kaloria-, bitamina- eta mineral-gabezia sortu ohi dute, eta asaldura metabolikoak eragin; beraz, ezin zaie luzaroan eutsi eta osasunarentzat arriskutsuak dira.
Tarte laburrean emaitzak eragiten badituzte ere, dieta horiek gure osasuna eta ongizatea arriskuan jartzen dituzte, eta azkenean “Errebote-efektua” edo “ Yo-yo efektua” etortzen da. Hau da, dieta hasi aurretik geneukan pisura heltzen gara berriro (gehiago ez bada) tarte laburrean.
Bukatzeko, garrantzitsua da azpimarratzea pisua galtzeko eta gure nutrizio-egoera ezin hobera iristeko prozesuak pertsonalizatua izan behar duela, eta mediku baten edo nutrizioan espezialista den norbaiten kontrolarekin egin behar dela.
Sortze data: 2022-06-06