Zer dira?

Itsas biotoxinak zenbait itsas mikroorganismok, eskuarki algek, sortzen dituzten toxinak dira. Alga horien hazkunde handia dagoenean (“marea gorriak”), toxina horiek masiboki ekoizten dira. Ondorioz, zenbait itsaskik, hala nola molusku bibalbioek, gasteropodoek eta krustazeoek toxina horiek metatzen dituzte.

Jarraian, ikerketa zientifikoei lotutako itsas biotoxina nagusiak aipatuko dira, pertsonei intoxikazioak eragitearen arduradun nagusiak direnak:

  1. Azido domoikoa (DA)
  2. Saxitoxina (STX), toxina paralitiko (PST) ere deitua
  3. Tetrodotoxinak (TTX)
  4. Azido okadaikoa (OA)
  5. Iesotoxinak (YTX)
  6. Pektenotoxinak (PTX)
  7. Azaspirazidoen taldeko toxinak (AZA)
  8. Imina ziklikoak (IC)
  9. Ziguatoxinak (CTX)
  10. Brebetoxinak (NST)
  11. Palitoxinak (PITX)

Nola transmititzen zaizkie pertsonei?

Itsas biotoxinak bide bakarretik transmititu dakizkieke pertsonei: barruan toxina-kontzentrazio handia metatu duten itsaskiak kontsumituz.

Zer elikagaitan topa daitezke? Ba al dago legezko mugarik?

Itsas biotoxinekin kutsatuta egoteko arrisku handiena duten elikagaiak itsas organismo iragazleak dira, esate baterako molusku bibalbioak (txirlak, muskuiluak, ostrak eta bieirak) eta, neurri txikiagoan, gasteropodoak (lapak, barraskiloak) eta krustazeoak (lanpernak, karramarroak, otarrainxkak, ganbak, etab.).

ostras

Europako araudiak(Europako 853/2004 Erregelamendua) itsas biotoxinekin kutsatutako edozein arrantza-produktu suntsitzera behartzen du, toxikotasun altua dutelako. Alabaina, badago gorago aipatutako itsaskientzako salbuespen bat, horietarako biotoxina-talde batzuen (OA, PST, YTX, DA, AZA eta PTX) gutxieneko kontzentrazio bat onartzen baita.

Zer eragin dituzte gizakien osasunean?

Itsas biotoxinek kontzentrazio baxuetan ez dute ondorio kaltegarririk, baina kantitate handietan intoxikazio larriak eragin ditzakete pertsonengan.

Biotoxinaren ezaugarri kimikoen eta elikagaian duen kontzentrazioaren arabera, intoxikazio edo sindrome desberdinak ager daitezke, eta nagusiki sintoma diarreikoak, neurotoxikoak, paralitikoak eta anamnesikoak sortzen dituzte.

Ba al dago biotoxinen “ingestio toleragarririk”?

Biotoxinen toxikotasun akutua kontuan izanda, EFSAk Erreferentziazko Dosi Akutua (ARfD*) ezarri zuen 2009an biotoxinen talde batzuetarako (OA, PST, YTX, DA, AZA eta PTX).ARfD kontsumitzaileen osasunerako arrisku hautemangarririk gabe 24 orduan edo gutxiagoan kontsumi daitekeen elikagai bateko gehieneko biotoxina‑kantitatea da.

2010ean, EFSAk itsaskiak kontsumitzearen ondoriozko biotoxina-esposizioa ebaluatu zuen, aipatutako erreferentziazko dosiak kontuan hartuta, eta ondorioztatu zuen YTX eta PTX taldeen legezko mugak seguruak direla eta, aldiz, balitekeela OA, DA, AZA eta PST taldeetako biotoxinetarako legezko mugek itsaskien muturreko kontsumoa duten pertsonak ez babestea.

*Alabaina, nabarmendu behar da EFSAk arriskuen ebaluazioetan itsaski-haragiaren 400 gramoko anoa erabili duela. Kontuan izanik, herrialde batzuetan, besteak beste Espainian, kontsumoa askoz ere baxuagoa dela (43-65 gr/egun, itsaskia guztira), arriskua gehiegi balioestea ekarriko luke horrek.

Nola saihets daitezke biotoxinen ondoriozko intoxikazioak?

Itsas biotoxinen bidezko intoxikazioari aurrea hartzeko neurri bakarra itsaskiak baimendutako eremuetatik ateratzea da; izan ere, agintari eskudunek hazkuntza-eremuen zaintza eta kontrol sakona egiten dute, eta itsaskiak ateratzea debekatzen dute biotoxinak ekoizten dituzten algak masiboki hazten direnean.

Era berean, garrantzitsua da itsaskiak saltzeko baimena duten establezimenduetan erostea,produktuak baimendutako eremuetatik atera direla bermatzeko.

Itsaskiak egosteak ez ditu biotoxinak suntsitzen, gehienek beroa jasaten dute eta.

Non topa dezaket informazio gehiago?

Itsas biotoxinen fitxa teknikoa

Sortze data: 2022-06-25