1. Nola transmititzen da COVID-19a?

2. COVID-19a (koronabirusa) elikagaien bidez transmititzen da?

3. Nola jokatu behar dugu kontsumitzaileok elikagaiak erostean?

4. Zer-nolako neurriak hartu behar dituzte elikagaien sektoreko langileek?


Nola transmititzen da COVID-19a?

Koronabirusak normalean animaliengandik pertsonengana transmititzen dira, baita pertsonatik pertsonara ere. Uste da COVID-19aren jatorria animaliengan dagoela, baina ez dugu ezagutzen pertsonenganako lehen infekzioaren jatorria.

Honela transmititzen da birusa:

  • Zuzenean, infektatutako pertsona baten gorputz-fluidoekiko kontaktuaren bidez (eztul edo doministikuen ondoriozko suspentsioko tantak).
  • Zeharka, infektatutako pertsona baten eztul edo doministikuen ondoriozko suspentsioko tantek kutsatutako gainazalekiko edo beste edozein elementurekiko kontaktuaren bidez.

Birusak hainbat ordu biziraun ditzake gainazaletan. Etxean erabili ohi ditugun detergenteak nahikoa dira birusa hiltzeko.

2. COVID-19a (koronabirusa) elikagaien bidez transmititzen da?

Antzeko koronabirus-agerraldien esperientziek —adibidez, arnas sindrome akutu larria (SARS-CoV) eragiten duen koronabirusa, edo Ekialde Ertaineko arnas sindromea eragiten duena (MERS-CoV)— argi uzten dute ez zela elikagaiak kontsumitzearen bidezko transmisiorik egon. Gaur egun ez dago probarik koronabirus berria zentzu horretan ezberdina dela pentsatzeko.

Koronabirusek ostalari bat behar dute hazteko (animalia edo gizakia), eta ez dira elikagaietan garatzen. Elikagaiak kozinatzea nahikoa litzateke birusak hiltzeko. SARSaren kasuan, tratamendu eraginkorra da elikagaia 60 ºC-tan jartzea, gutxienez 30 minutuz.

3. Nola jokatu behar dugu kontsumitzaileok elikagaiak erostean?

  • Ohiko erosketa-jarraibideei jarraitu behar diegu, eta gehiegizko kontsumoa saihestu behar dugu. Beharrezkoa da arduraz kontsumitzea eta benetako beharren arabera erostea. Hala, elikagaien hornidura bermatzen lagunduko dugu eta, gainera, elikagaien xahuketa saihestuko dugu.
  • Saltokiak ematen ari diren jarraibideei jarraitzea une oro (pertsonen arteko tartea, salmahaietarako tartea, eskularruen erabilera…).
  • Pertsona bakarrak joan behar du erosketak egitera. Garrantzitsua da jende multzo handiak saihestea eta jende gutxien dagoen uneetan joatea dendetara. Beti utzi behar da 1,5-2 metroko tartea beste pertsona batzuekin.
  • Ez dugu elikagaien gainean doministiku edo eztul egin behar. Saihestu egin behar dugu, halaber, elikagaietatik oso gertu gaudenean hitz egitea (adibidez, mugikorretik).
  • Saihestu egin behar dugu erosketak egin bitartean begiak, sudurra edo ahoa ukitzea. Geure aurpegia ukitu dugula ohartzen bagara, eskularruak bota eta beste batzuk jantzi behar ditugu.
  • Saihestu egin behar dugu erosiko ez ditugun elikagaiak ukitzea. Edonola ere, erabili eta botatzeko beste eskularru batzuk erabili behar ditugu fruta ukitzean, besteak beste.
  • Ahal dela, erosketa txartelarekin edo mugikorrarekin ordaindu behar dugu.
  • Etxera iritsitakoan, eskuak berriro garbitu behar ditugu eta elikagaiak ohiko moduan gorde/biltegiratu.
  • Gordinik jan behar ditugun fruta eta barazkiak urarekin garbitu behar ditugu.

4. Zer-nolako neurriak hartu behar dituzte elikagaien sektoreko langileek?

Hasteko, arnas sintomak edo sukarra dutenek etxean geratu behar dute, beren lantokira joan gabe. Halaber, etxean geratu behar dute koronabirusarekin infektatuta egon litekeen pertsonaren batekin harremanetan egon badira.

Oro har:

1. Eskuak askotan garbitu eta/edo gel hidroalkoholikoarekin igurtzi.

2. Eskuekin ukitzen ditugun gainazalak gehiagotan garbitu produktu desinfektatzaileekin, bereziki pertsona batek baino gehiagok erabiltzen dituzten makinak eta tresnak.

3. Utzi gutxienez metro eta erdiko tartea pertsonen artean. Gomendatzen da barrerak edo kartelak jartzea, langileek segurtasun-tarte hori errespeta dezaten.

4. Eztul eta/edo doministiku egitean, ahoa eta sudurra ukondoarekin edo zapi batekin estali. Gero, zapia zaborretara bota berehala.

5. Saiatu begiak, sudurra eta ahoa ez ukitzen.

Edonola ere, elikagaiak manipulatzen dituzten langileek eskuak garbitu behar dituzte honako kasu hauetan:

  • lanean hasi aurretik
  • kozinatuta eta jateko prest dauden elikagaiak manipulatu aurretik
  • elikagai gordinak manipulatu edo prestatu ondoren
  • hondakinak manipulatu ondoren
  • garbiketa-lanak egin ondoren
  • komunera joan ondoren
  • zintz, doministiku edo eztul egin ondoren
  • jan, edan edo erre ondoren
  • dirua, txartelak, mugikorrak eta halakoak eskuetan izan ondoren
  • balantzak, orgak, kaxak, bilgarriak eta bestelako tresnak edo elementuak erabili ondoren, baldin eta berriki beste pertsona batek erabili dituela uste badute

Informazio gehiago-Koronabirusaren (COVID-19) aurkako jarduketa-protokoloa, xede gisa duena elikagaien ekoizpen- eta hornidura-katearen funtzionamendua eta eraginkortasuna bermatzea eta, aldi berean, arriskuak murriztea eta birusaren hedapena kontrolatzea.