Klima-aldaketaren eragina elikagaien segurtasunean
Klima-aldaketak eragin zuzena du elikakateko segurtasunean eta jasangarritasunean, eta arrisku berriak ekartzen ditu animalia eta landareentzat; eta, ondorioz, baita gizakientzat ere.Elikagaiak kontsumitzean, gaixotasun berrien edo berragertzen direnen eraginpean gaude, eta horiek osasun-arazoak eragin diezazkigukete.
Zer-nolako eragina du klima-aldaketak gure planetan?
Klima-aldaketak gorabeherak eragiten ditu urtaroetan; tenperaturak altuagoak dira udan eta baxuagoak neguan:
- Alde batetik, tenperaturak areagotzeak kalteak eragiten ditu landare eta
animalietan. Gainera, itsasoaren maila igotzea ere eragiten du, eta,
horrekin, baliabide hidrikoak murriztea. - Bestetik, muturreko fenomeno meteorologikoak areagotzen dira (lehorteak
eta uholdeak, ekaitzak eta izozteak), eta horien eraginez lurzorua higatu
eta haren konposizioa eraldatzen da.
Hitz batean, klima-aldaketak baliabide naturaletan (ura, lurzorua eta airea) eragiten du, horien murrizketa eta kutsadura ekarriz, baina baita landare eta animalietan ere, gaixotasun berriak eragin baititzake.
Zer-nolako ondorioak eta arriskuak eragiten ditu elikakatean?
Muturreko fenomeno meteorologikoek eta tenperaturak areagotzeak ondorio negatiboak dituzte alor hauetan:
Nekazaritza
- Laboreen errendimendua eta kalitatea murrizten da, eta, ondorioz, galerak handiagoak dira zelaietan, eta landatutako elikagaien xahuketa ere handiagoa da.
- Mikroorganismoen (bakterioak, onddoak eta birusak) erresistentzia areagotzen da. Horietako batzuek mikotoxinak eragin ditzakete, eta azken horiek landareetara iristen badira, elikagaien bidezko toxiinfekzioak sor ditzakete.
- Intsektu polinizatzaileen kopurua murrizten da (adibidez, erleak), eta horrek laboreen loraketari eragiten dio.
- Landare toxikoak eta belar txarrak areagotzen dira.
Abeltzaintza
- Estres termikoa sortzen da animalietan. Horrek haien ongizatean eta jateko gogoan
eragiten du, eta, ondorioz, animalia-jatorriko elikagaien ekoizpenean ere bai. - Bektoreen bidez (eltxoak, akainak) transmititutako
animalien gaixotasunak areagotzen dira; hala nola, mihi urdinaren gaitza edo
txerri-izurria. - Birus, bakterio eta parasito erresistenteak ugaldu edo berriro agertzen dira, eta
animalietara transmititu ondoren, elikagaien bidez gizakiengana ere iristen
dira. - Mikrobioen aurkako erresistentziak
areagotzen dira:
Tokiko tenperatura altuek antibiotikoekiko erresistenteak
diren bakterioen bidezko infekzioen intzidentzia handiagoa eragiten dute.
Ur-ingurunea (itsasoak, ibaiak eta lakuak)
Klima-aldaketak ur-ingurunean substantzia kimiko toxikoak agertzea sustatu dezake (adibidez, ibaietan kontzentratuta lehorteetan zehar, edo itsasora uholdeen bidez iritsita). Substantzia horiek uretako organismoetan eragiten dute, eta gizakiengana ere irits daitezke arrain eta itsaskien kontsumoaren bidez.
Hona hemen kutsatzaile kimiko horien zenbait adibide: itsas biotoxinak, alga toxikoen gehiegizko hazkuntzaren eraginez; eta mikroplastikoak eta nanoplastikoak edo metal astunak itsasoetara iristea, euriak eramanda.
Kontsultatu elikagaietako arrisku kimiko eta biologikoen infogramak
Nola egin diezaiokegu aurre klima-aldaketari?

FAOk mundu-mailako zenbait gomendio ezarri ditu datozen urteetan klima-aldaketari aurre egiteko:
- Elikagaien ekoizpen jasangarria: nekazaritzan eta abeltzaintzan
jardunbide egokiak aplikatzeak (hala nola laboreen eta ureztatzearen maneiu
egokia, animaliak ondo elikatzea eta simaurrak ongarri gisa aprobetxatzea)
berotegi-efektuko gasen emisioak murritz ditzake. - Kontsumo arduratsu eta jasangarria: tokiko eta sasoiko elikagai begetalak hautatzeak, arrantza jasangarritik datorren arraina kontsumitzeak, haragia modu orekatuan jateak, elikagai prozesatuen kontsumoa murrizteak eta elikagaien xahuketa murrizteak klima-aldaketaren ondorioak arintzen lagun dezakete.
Gehiago jakin nahi duzu?
- EFSA-2020:
Klima-aldaketa elikagai eta pentsuen
segurtasunerako arrisku emergenteen sustatzaile gisa - FAO-
2022: Climate
change impacts and adaptation options in the agrifood system - FAO-2020:
Climate change: Unpacking the burden on food safety - MITERD-2021:
Klima-aldaketaren ondoriozko inpaktuak eta
arriskuak Espainian
Sortze data: 2023-01-24