Birusak agente infekzioso mikroskopikoak dira, eta, ugaltzeko, zelula bizi bat behar dute. Birusek mota guztietako organismo bizidunak infektatzen dituzte: pertsonak, animaliak, landareak… baita bakterioak ere. Bakterioak ez bezala, birusak ezin dira ugaldu eta ezin dute toxinarik sortu elikagaietan; baina elikagaietan eta ingurumenean egon daitezke, bakterioak baino baldintza gogorragoetan eta epe luzez.

Transmisio-bide nagusiak birusaren eramailearen eta pertsona osasuntsuaren arteko harreman zuzena eta kontaminatutako elikagaiak eta urak kontsumitzea dira.

Zein dira birus enteriko ohikoenak elikagaietan?

Birus enterikoak (edo digestiboak) elikagaien bidezko transmisioan gehien inplikatutako birusak dira, eta digestio-bideko zelulak infektatzen dituzte.

  • Norobirusa (lehen, «Norwalk» motako birusa esaten zitzaion): mundu osoko gastroenteritis ez-bakterianoaren agerraldien % 90aren sortzailea da, gutxi gorabehera. Norobirusek adin guztietako pertsonei eragiten diete, eta, nagusiki, pertsonatik pertsonarako kontaktuaren eta kontaminatutako elikagaien bidez transmititzen da.
  • A hepatitisaren birusa (AHB): A hepatitisa eragiten du, giltzurrunean hantura akutua eragiten duen gaixotasun infekziosoa. Infekzioaren ostean, gaixoaren immunitate-sistemak antigorputzak sortzen ditu A hepatitisaren aurka, eta, beraz, immune bihurtzen da etorkizunari begira. Transmisioa askotan gertatzen da ura edo elikagaiak kontaminatuta egoteko arrisku handia dagoen herrialdeetara bidaiatzen denean.
  • E hepatitisaren birusa (EHB): kontaminatutako animalia-jatorriko produktuen bidez transmititzen da (nagusiki txerriaren eta deribatuen bidez). Ez da oso ohikoa, baina epidemilogia konplexua du, eta Europan arrisku emergentetzat jotzen da.
  • Rotabirusa: gordin kontsumitzeko prestatuta dauden elikagaien bidez transmititzen da (entsaladak, fruta prestatua, aperitiboak edo ogitartekoak), jardunbide higieniko-sanitario urriak dituzten elikagaien manipulatzaileek elikagai horiek kontaminatu ondoren.

Norobirusak eta AHBak birus enteriko ohikoenak dira, baina badaude ura eta, oso gutxitan, elikagaiak kontaminatu ditzaketen beste birus-mota batzuk ere, hala nola adenobirusak, astrobirusak, sapobirusak, parbobirusak, etab.

Zer elikagaitan daude eta nola iristen dira horietara?

Birus enterikoak manipulatzen den elikagai orotan aurkitu daitezke, ondoren kozinatu ez badira.

Norobirusen eta AHBen kasuan, elikagai ohikoenak molusku bibalbioak dira (ostrak, txirlak, bieirak, muskuiluak…). Halaber, birus enterikoak isolatu ahal izan dira landare eta frutetatik (urazak, tipuletak, mugurdiak eta masustak). Bestetik, krustazeoak ere kontaminatu daitezke ur beltzen kontaktuagatik, eta frutak ere kontaminatu daitezke ur kontaminatuekin ureztatzearen ondorioz.

EHB birusa gordin (pateak, hestebeteak) edo gutxi kozinatuta (hanburgesak, saltxitxak) kontsumituko diren txerri-haragiaren eta deribatuen bidez transmititzen da.

Eta, honako hauek, birus guztiek kontaminatu ditzakete: ura, izotza, kontsumitzeko prest dauden elikagaiak (ogitartekoak, entsaladak, etab.), pasteurizatu gabeko esne gordina eta horrekin eginiko esnekiak.

Elikagaien manipulatzaileak dira jatorririk ohikoena elikagaien kontaminazio-kasuetan. Hori dela eta, jardunbide higieniko egokiei jarraitu behar zaie, batez ere komunera joan ondoren.

Zer ondorio kaltegarri dituzte giza osasunarentzat?

Birusengatiko infekzioak oso kutsakorrak dira, eta Europako gastroenteritis akutu ez-bakteriano nagusiak sortzen dituzte.

Birus enterikoen ondoriozko gaixotasunen sintoma nagusiak beherako urtsua eta gorakoa dira; eta buruko mina, sukarra eta abdomeneko mina ere ager daitezke. Oro har, sintomak infekzioaren hurrengo egunean edo bi egun geroago hasten dira, eta 10 egun arte iraun dezakete, birusaren arabera.

A edo E hepatitisengatiko infekzioen kasuan, populazio-talde zaurgarrienetan (5 urtetik beherako haurrak, 65 urtetik gorakoak eta immunideprimituak), gaixotasunak gibeleko gutxiegitasun akutua eragin dezake.

Birus horien eraginpeko gaixoak erabat sendatzen dira ia beti, epe luzerako ondoriorik gabe. Nolanahi ere, aintzat hartu behar da gastroenteritisa larriagotu egin daitekeela gorako eta beherakoaren bidezko likido-galerak eragiten duen deshidratazioagatik. Hori dela eta, bereziki garrantzitsua da adinekoak, immunideprimituak, haurtxoak eta haurrak zaintzea, likido-galerak saihesteko.

Nola murriztu dezakegu arriskua? Etxean prebenitzeko gomendioak.

  • Elikagaiak guztiz kozinatzea (60 ºC) eta bero mantentzea kontsumitu arte. Elikagaiak kontsumitu ondoren, soberakinak albait arinen gordetzea hozkailuan (< 5º C) eta 24 ordutan kontsumitzea, berriro berotuta. 60 ºC-ko tratamendu termikoa da birusak suntsitzeko tratamendu eraginkor bakarra.
  • Kontaminazio gurutzatua saihestea elikagaiak garraiatu, prestatu eta biltegiratzean.
  • Gaixoek janaria presta dezatela saihestea: gastroenteritisa daukaten elikagaien manipulatzaileek ez lukete elikagaiak prestatzen lan egin beharko sintomak desagertu eta 2 edo 3 egun igaro arte.
  • Higiene egokia mantentzea eskuak garbitzeari dagokionez: elikagaiak manipulatu aurretik eta komunera joan ondoren, eskuak ondo garbitu behar dira ura eta xaboia erabiliz. Norobirusak kutsatutako pertsonen gorakoan eta gorotzetan egoten dira gaixotasunaren lehen egunetik, eta sintomak desagertu eta 2 edo 3 aste igaro arte ere egon daitezke. Hortaz, ezinbestekoa da eskuen higiene egokia mantentzea birus horiek hedatu daitezela saihesteko. Eskuetarako desinfektatzaile alkoholdunak (% 62a etanola, gutxienez) erabilgarriak izan daitezke, baina ez dute eskuak ura eta xaboiarekin garbitzeko prozesua ordezten.
  • Kontaminatutako azalerak garbitu eta desinfektatzea: gaixotasunaren agerraldi sintomatiko baten ostean (gorakoa edo beherakoa), kontaminatutako azalera guztiak (mahaiak, zoruak, ateetako heldulekuak) garbitu, desinfektatu eta urarekin pasatu behar dira. Desinfektatzeko, lixiba kloratua edo birusaren suntsipena bermatzen duen desinfektatzaile bat erabili daiteke. 
  • Kontaminatutako ehunak garbitzea: gorako edo gorotzekin kontaminatutako ehun guztiak (eskuoihalak, mahai-oihalak, izarak eta, oro har, arropa) kontu handiz manipulatu eta berehala garbitu behar dira, birusaren hedapena saihesteko. Garbitzeko, detergenteak, garbiketa-ziklo luzeak eta lehortze-prozesu egokiak erabili behar dira.

Non aurkitu dezaket informazio gehiago?

Sortze-data: 2011-05-03