Mikroplastikoak elikakatean
Minutuero milioi bat plastikozko botila erosten dira, eta urtero 500.000 poltsa erabiltzen dira
Sarrera
NBEren Ingurumen Programak (UNEP) dioenez, plastikoen kutsadura leku guzti-guztietan dago, hasi Indonesiako hondartzetatik eta Ipar poloko ozeanoaren hondoraino, eta elikakatean gora egin dezake, gure mahaira bertara iritsi arte.
Mikroplastikoak arriskutsuak dira itsas espezieentzat bereziki, eta itsas espezieok, era berean, elikakatean sar ditzakete substantzia kimiko toxiko batzuk.
Hori dela eta, plastikoen mikroplastikoen kontzentrazioa areagotzea, batik bat itsasoetan, arrisku gero eta handiagotzat jotzen da.
¿Zer dira Mikroplastikoak?
Oro har, mikroplastikoen partikulak 5 milimetro baino gutxiago dituzten haiek dira.
Mikroplastiko primarioak tamaina hori izateko fabrikatzen diren plastikoak dira; mikroplastiko sekundarioak, aldiz, plastikoak zatitzearen ondorioz sortzen dira.
Nanoplastikoak ingeniaritzako materialetatik sor daitezke, edo hondakin mikroplastikoak zatitzearen ondorioz.
Mikroplastikoen tamaina 0,1 eta 5.000 μm artekoa izaten da, eta nanoplastikoena 1 eta 100 nm artekoa (0,001-0,1 μm), gutxi gorabehera.
Partikula mikroplastikoak bi iturritatik datoz batez ere:
- Plastikoak fabrikatzeko prozesuan erabilitako plastiko-erretxinaren pikorrak, edo granailatzeko makinetarako edo aurpegiko esfoliatzaile kosmetikoetako urratzaile gisa berariaz fabrikatutakoak, etab.
- Objektu plastikoak –batez ere zaborretakoak– pixkanaka hondatzetik eta desintegratzetik sortutako plastiko zatiak, honako hauek barne: bilgarriak, arropak, etxean erabiltzeko gauzak (adibidez, hortzetako eskuilak eta bizar-aitzurrak), eraikuntzarako materialak, etab.
FAOren arabera, 1950ean ez zegoen ia mikroplastikorik, eta orain, berriz, urtean 250 milioi tonatik gora sortzen dira; horietatik asko itsasora iristen dira azkenean.
Plastikoak batik bat hondartzetan degradatzen dira, olatuen kolpeek eta izpi ultramoreek lagunduta, eta prozesua ia-ia eten egiten da itsasoaren hondoraino iristen diren partikulen kasuan.
Zein da mikroplastikoen arrisku nagusia?
Osasun publikorako arrisku nagusia da elikakatean sar daitezkeela eta partikula horiek dituzten elikagaiak substantzia kimiko toxikoekin kutsa daitezkeela.
Era berean, mikroplastikoak arriskutsuak dira itsas espezieentzat batez ere, eta, gaur egun, ingurumenerako garrantzi handiko arazoa dira.
Plastikoaren presentzia aurkitu da itsas hegazti askotan, baita lehorreratutako ugaztunetan ere. Halaber, plastikoen ingestioa arrain-espezie ugaritan dokumentatu da; espezie horietako asko, gainera, garrantzitsuak dira merkataritzari dagokionez. Horrez gain, partikula plastikoak aurkitu dira krustazeoetan eta kusku biko moluskuetan (muskuiluak, ostrak, etab.), eta zuntz sintetikoak ere aurkitu dira itsas zizareetan. Ikusi da tamaina txikiko planktonak ere plastiko-partikulak kontsumitzen dituela.
EFSAko adituen talde batek egindako ebaluazio baten arabera, mikroplastikoen % 4 gehigarriak izan daitezke, batez beste, eta plastikoek kutsatzaileak adsorba ditzakete.
Gainera, frogatu da ingestioaren bidez transferi daitezkeela kutsatzaileak, hala nola kutsatzaile organiko iraunkorrak, eta ikusi da, halaber, biometatze-prozesu bat gertatzen dela. Nagusiki honako gehigarri plastiko eta kutsatzaile adsorbatu hauei buruzko informazioa dago eskura: ftalatoak, A bisfenola, difenil etel polibromatuak, hidrokarburo aromatiko poliziklikoak (HAP) eta bifenilo polikloratuak (PCB).
Bestalde, itsas organismoetan eginiko ebidentzia esperimentalaren arabera, mikroplastikoek elikakateko maila desberdinen artean transferituak izateko gaitasuna dute. Esate baterako, itsas jatorriko pentsuak (irinak) hegaztien eta txerrien abeltzaintza-ekoizpenean erabiltzen dira, eta, beraz, litekeena da partikula mikroplastikoak itsas jatorririk ez duten elikagaietan ostatu hartzea.
Urtero zortzi milioi tona plastiko iristen dira ozeanoetara, eta itsas bizitza arriskuan jartzen dute
Zer neurri ari dira hartzen arazo honi aurre egiteko?
Litekeena da ozeanoetan gero eta plastiko-hondakin gehiago egotea; izan ere, plastikoen kontsumoa areagotzen ari da ezinbestean, eta munduko toki askotan oraindik ere ez dituzte hondakinak behar bezala berrerabiltzen, birziklatzen eta kudeatzen.
Hori dela eta, Nazio Batuen Batzar Nagusiak ekintzarako dei bat onartu zuen, ekainaren hasieran Ozeanoen Konferentzian adostu ondoren. Agiri horrek adierazten du NBEko estatu kideek konpromisoa hartzen dutela ekosistema horien osasunaren eta produktibitatearen gainbehera geldiarazteko eta ekosistema horiek babesteko eta lehengoratzeko.
Horrez gain, agerian uzten du ozeanoak kutsatuta eta plastikoz eta zaborrez beteta daudela, eta arrain-populazioak galtzen –eta, are, desagertzen– ari direla.
Ekintzarako deiak azpimarratzen du, alde batetik, konpromisoa dagoela 2030erako Garapen Iraunkorrerako Helburuetako ozeanoei buruzko 14. puntua betetzeko, eta, bestetik, epe luzerako neurriak hartu behar direla.
BIBLIOGRAFIA:
Sortze data: 2017-10-23