Haurtxoen elikaduran elikagaiak pixkanaka-pixkanaka sartzeak nahasketa handia sorrarazten du. Nahiz eta pediatren artean ezadostasun txiki batzuk egon, oro har oso antzeko arauei jarraitzen diete elikagaiak sartzeko uneari dagokionez.

Bizitzaren lehenengo sei hilabeteetan, OMEk gomendatzen du esnea ematea, batik bat, amaren esnea. Seigarren hilabetetik aurrera, elikagai osagarriak deitutakoak sartzen dira haurtxoen elikaduran: hasieran glutenik gabeko laboreak, eta ondoren frutak eta barazkiak. Komenigarria da elikagaiak pixkanaka-pixkanaka sartzea dietan, hau da, elikagai baten eta bestearen artean 4-7 egun itxarotea, gerta litezkeen intolerantziak edo alergiak atzeman ahal izateko.

Zein barazki sartu behar da lehenik dietan?

Nahiz eta barazkiek kaloria gutxi izan, oso garrantzitsua da horiek haurtxoen dietan sartzea; izan ere, zuntz, bitamina eta gatz mineral ugari dituzte, haurtxoa egoki hazteko behar-beharrezkoak.

Haurtxoari barazkiak ematen hasten garenean, gomendagarria da patata eta azenarioarekin hastea, eta ondoren lekak, tipula, kalabazina, kalabaza, porrua, tomatea eta apioa sartzea. Aurrerago, beste barazki-mota batzuk sar daitezke, ziazerba eta zerba izan ezik. Horiek urtebetetik aurrera baino ezin dira kontsumitu, nitrato-kopuru handia izaten baitute. Gomendagarria da, halaber, haizeak eragin ditzaketen barazkiak (aza, azalorea…) ekiditea.

Zergatik ezin dizkiot eman haurtxoari ziazerbak eta zerbak?

Ziazerbek eta zerbek nitrato-kopuru handiak izan ditzakete urteko zenbait garaitan. Konposatu horiek modu naturalean aurkitzen dira barazkietan, eta kopurua uztak jasotzen duen argiaren araberakoa izaten da. Hau da, argi-intentsitate handiak fotosintesia errazten du, eta, ondorioz, nitratoen kopuruak behera egiten du. Hori dela eta, neguko uztek nitratoen kontzentrazio-maila altuagoa izaten dute udakoek baino, eta Europako iparraldeko herrialdeetako uztek kopuru handiagoa hegoaldeko herrialdeetakoek baino. Horrexegatik izaten dute aire zabaleko uztek nitrato-kopuru txikiagoa negutegikoek baino.

Nitratoak ez dira oso toxikoak, baina digestioa egitean nitrito bihurtzen dira, eta horiek oso kontzentrazio-maila handietan metahemoglobinemia eragin dezakete, batik bat, haurtxoetan eta ume txikietan, digestio-aparatua heldu gabe izaten baitute. Gaixotasun hau “haurtxo urdinaren sindromea” izenez ezagutzen dugu.

Zer gerta daiteke hartxoari ziazerbak eta zerbak ematen badizkiot?

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agentziak (EFSA) baieztatu egin du 6 eta 12 hilabeteko haurtxoek ziazerbak kontsumitzea ez dela arriskutsua euren osasunerako, aintzat hartuta ziazerbak dietaren parte direla pureen osagai gisa. Nolanahi ere, ziazerbek purearen % 50 osatzen badute eta haurtxoari egunean pure horren anoa bat baino gehiago emanez gero, ezin izango litzakete arriskua baztertu. Horregatik, eta kontuz ibiltzearren, gomendatu dute ziazerbarik ez ematea urtebete baino gutxiago duten haurtxoei.

Zerbei dagokienez, berriz, EFSAk ez du gomendiorik eman Europan oso gutxi kontsumitzen baitira. Espainian, ordea, zerben eta ziazerbenen kontsumoak oso antzekoak direnez eta zenbait eskualdetan ziazerba baino zerba gehiago kontsumitzen denez, Elikagaien Segurtasuneko eta Nutrizioko Espainiako Agentziak (AESAN), arriskua balioetsi ostean, gomendatu du haurtxoek ez kontsumitzea zerbarik.

Eta urtebete bete ostean, kontsumitu ditzakete?

Bizitzako LEHEN URTETIK AURRERA hastea gomendatzen da (Ikusi salbuespenak laburpen-taulan).

Gomendatzen da 1-3 urteko umeei ez ematea espinaka eta zerben anoa erdia baino gehiago (15 gramoko hornigaia).

Halaber, oso garrantzitsua da ziazerbarik eta/edo zerbarik ez ematea urdail eta hesteetako bakterio-infekzioak dituzten umeei, nitratoekiko sentiberagoak baitira.

Eta letxugarekin, zer gertatzen da?

Letxugek nitrato-kopuru txikiagoa izaten dute ziazerbek eta zerbek baino; nolanahi ere, kopuru hori aldatu egiten da urtaroaren arabera. EFSAren Elikakateko Kutsatzaileen Panelak adierazi du letxugetan atzematen den nitrato-kopuruak ez duela arriskurik eragiten haurtxoen eta ume txikien osasunean, eta horien dietan sar daitekeela inolako arazorik gabe.

Nola jakin dezaket erosten ditudan ziazerbek eta zerbek ez dutela nitrato gehiegi?

Europa mailan nitratoen gehienezko mugak ezarri dira letxugetan eta ziazerbetan, bai eta umeentzako elikagaietan ere, 1881/2006 Araudiari jarraiki. Gizakiek kontsumituko dituzten barazkiek ezin dituzte muga horiek gainditu, eta agintariek kontrol ofizialak egin behar dituzte arau hori beteko dela bermatzeko. Zerbei dagokienez, ez dago legezko mugarik; beraz, agintariek zerben kontrolak egiten dituztenean, ziazerbentzat ezarritako mugak hartzen dituzte aintzat.

Zein da barazki-pureak prestatzeko modurik egokiena?

Edozein elikagai prestatzean, ezinbestekoa da higiene-arau egokiei jarraitzea, eta are gehiago, elikagai horiek herritar sentikorrentzat (haurtxoak, ume txikiak edo adinekoak) badira. Behar-beharrezkoa da eskuak garbitzea elikagaiak manipulatu aurretik, bai eta sukaldeko tresnak (taulak eta labanak, besteak beste) garbitzea ere. Horrela, elikagaien arteko kutsadura gurutzatua ekidingo dugu.

Barazki-pureak egiteko, honako hauek gomendatzen dira:

  • Barazkiak egosteko ahalik eta ur-kopuru txikiena erabiltzea (bertan disolbatzen dira gatz-mineralak), eta bigundu bitartean baino ez egostea; izan ere, gehiegi egosiz gero, elikagaiek galdu egiten dituzte nutrienteak. Horretarako, egokiena presio-eltzean egostea da.
  • Puregailuan txikitzea, ahal bada. Horrela, testura atseginagoa lortuko dugu eta haurtxoen artean goragalea eragin dezaketen hariak ekidingo ditugu.
  • Egunero aldatzea barazki-nahasketa, umeak zapore bakar batera ohitzea eta aspertzea saihesteko.
  • Lehenengo urtera arte, gatzik ez gehitzea. Oliba-olioa, aldiz, postrerako koilarakadatxoa (5 ml) gehitzea gomendatzen da.

Zenbat denbora gorde daiteke purea hozkailuan?

Giro-tenperaturak edo hozte-prozesuak ahalbidetu egiten dute nitratoak nitrito bihurtzea. Beraz, gomendatzen da purea hozkailuan gordetzea, ez bada berehalakoan kontsumitu behar; edo izozkailuan gordetzea, ez bada kontsumitu behar egin den egun berean.

Gomendioen laburpena

Non aurki dezaket informazio gehiago?

Sortze data: 2011-11-11