Udazkena iristearekin batera, herritar ugari joaten da basora perretxikotara. Hala ere, antzeko itxura duten espezie jangarri askorekin egon ohi diren ezjakintasuna eta nahasteak direla eta, urtero-urtero, perretxiko garaia iristen denean, intoxikazio ugari izaten dira, eta horietako batzuk, gainera, heriotza eragin dezakete.

Perretxikoak lau kategoriatan sailka daitezke:

  • Perretxiko jangarriak: zapore eta usain atsegina dute, eta horregatik sukaldaritzan balio handia dute. Horiek kontsumitzean, ez dute inolako kalterik eragiten.
  • Jan ezin daitezkeen perretxikoak: ez dira egokiak kontsumitzeko; izan ere, zapore eta usain txarrekoak dira, gogortasun desatsegina dute, zahartutako itxura eta abar. Horiek kontsumitzeak ez du inolako eragozpenik sortzen, baina digeritzen zailak dira.
  • Perretxiko toxikoak: ez dituzte arazo larriak sortzen; hala nola, haluzinazioak, beherakoa, gastritisa, goitigaleak, takikardiak eta abar. Mediku-tratamendu egokia eginez gero, ordea, eragozpen horiek arindu egiten dira ondoriorik utzi gabe.
  • Perretxiko pozoitsuak: jaterakoan eragozpen larriak, lesio iraunkorrak edota heriotza eragin dezakete.

Zenbat perretxiko espeziek eragiten dute intoxikazioa?

Iberiar Penintsulan goi-mailako 1.500 onddo-espezie daude katalogatuta, eta horietatik 100 espeziek arriskutsuak edo ez horren arriskutsuak izan daitezkeen gai toxikoak dituzte.

Perretxikoen intoxikazioak eragindako heriotzen % 90 inguru Amanitinas generoko perretxikoek eragiten dute: A. phalloides, A. virosa, A. verna eta A. gemmata. Horien toxina nagusia alfa-amanitina da.

Hain ezagunak ez diren beste espezie pozoitsu batzuk jarraian adierazitako genero hauen baitan daude: Coprynus, Clitocybe, Ihocybe, Gyromitra, Sarcosphaera, Cortinarius, Galerina, Lepista, Tricholoma, Entoloma, Hpholoma, eta abar.

Zer sintoma eragiten dituzte perretxiko pozoitsuek?

Perretxikoek sortutako pozoidurak (micetismo ere esaten zaio) modu ezberdinetan eragin diezaioke gizakiari. Besteak beste, digestio-nahasteak eta alergia-erreakzioak eragin ditzake, nerbio-sisteman eta barneko organoetan kalteak, edota, are larriago, heriotza.

Sintomak 6 ordu baino lehenago agertzen badira, gehienetan ez dira oso arazo larriak izaten.

  • Oro har, gastroenteritis, goragale, goitigale eta beherakoak eragiten dituzte.
  • Beste kasu batzuetan, disfuntzioak sortzen dituzte nerbio-sisteman, eta haluzinazioak edo pseudo-mozkorkeria sortzen dute.
  • Perretxiko jakin batzuek alergia eragin dezakete.

Sintomak agertzeko epea 6 ordutik gorakoa bada, intoxikazioak larriagoak izaten dira; izan ere, toxinek bizitzeko behar ditugun organoetako (gibela, giltzurruna…) zelulei kalte eragiten diete, eta organoa galtzea edota heriotza bera gerta daitezke.

Nola bereiz ditzakegu perretxiko jangarriak perretxiko pozoitsuetatik?

Perretxiko bat jangarria den edo ez jakiteko modu bakarra espeziea behar bezala identifikatzea da, eta hori ezagutza eta eskarmentuari esker lortzen da. Horrez gain, irudidun gida ugari daude behar bezala identifikatzen laguntzeko. Horietako batzuk, gainera, poltsikoan sartzeko modukoak dira.

Uste oker asko dago, gezur hutsak; besteak beste, jarraian adierazitako hauek:

  • Perretxiko guztiak pozoitsuak dira koilara bat edo zilarrezko beste edozein objektu bat belzten dutenean elkarrekin egostean. – GEZURRA
  • Baratxuriak eta tipulak belztu egiten dira perretxiko pozoitsuekin prestatzen direnean. – GEZURRA
  • Perretxiko pozoitsuek pozoia galtzen dute ozpin edo gatzetan sartzen badira, eta esnea garraztu egiten dute. – GEZURRA
  • Perretxiko pozoitsu guztiak kolore bizikoak dira. – GEZURRA
  • Perretxiko pozoitsuek kolorea aldatzen dute moztean. – GEZURRA
  • Usain eta zapore atsegineko perretxikoak onak dira; perretxiko pozoitsuek, berriz, usain txarra dute. – GEZURRA
  • Perretxiko gazteak beti dira jangarriak, eta ez dira erabat garatuta daudenak bezain arriskutsuak. – GEZURRA
  • Lamina arrosak dituzten perretxikoak jangarriak dira; eraztuna eta bolba dutenak, berriz, toxikoak. – GEZURRA
  • Leku berean sortzen diren perretxikoek ezaugarri berak dituzte. – GEZURRA
  • Zuhaitzetan edo hildako motzondoetan sortzen diren perretxikoak ez dira toxikoak. – GEZURRA
  • Animaliek haginka egindako perretxikoak ez dira arriskutsuak. – GEZURRA

Eta ez badakit ziur zein perretxiko den?

Ikusten ari garen perretxikoa zein den ziur ez badakigu, ez hartu. Natur ingurunean gauzatzen diren ekintza guztietan, inguratzen gaituen zonaldea errespetatu edota babestu egin behar dugu, ahal dugun heinean. Beraz, garrantzitsua da ingurumena babesten lagunduko diguten beste aholku hauei jarraitzea:

  • Perretxikoaren identifikazio zehatza zein den ziur ez badakizu, ez hartu eta ez zapaldu.
  • Perretxikoak saskietan bildu, ez plastikozko poltsetan. Horrela, esporak berriro ere barreia daitezke basoan.
  • Perretxikoak aiztoa baliatuta bildu, palanka moduan erabiliz, perretxikoa osorik hartzeko. Horrela, errazagoa izango da identifikatzea. Gainera, mizelioa babestuko dugu, horren ordez beste perretxiko bat irten ahal izateko.

Perretxiko bat hartu badugu eta bere identifikazioa zein den ziur badakigu, elkarte mikologikoek eta udal batzuek antolatutako zenbait zerbitzu daude (ikusi katalogoa) Horien bidez, aukera dago bertara joan eta bildutako perretxiko horiek identifikatu eta osasunaren aldetik aztertzeko.

Zer egin dezaket perretxikoen pozoia saihesteko?

  • Kontsumitu soilik % 100 ziur ezagutzen dituzunak.
  • Ez nahastu perretxiko jangarriak zalantzazkoekin, ezta horien zatiekin ere.
  • Perretxiko bat lehenengo aldiz kontsumitzen denean, kontsumitu zati txikiak, alergia edo hipersentiberatasun-erreakzioak eragiteko arriskua gutxiagotze aldera.
  • Ez kontsumitu perretxiko gordinak. Hobe da janaria erabat prestatzea; izan ere, horrela, toxinak duen indarra gutxiagotu egin daiteke.
  • Saihestu alkoholaren kontsumoa, perretxiko espezie jakin batzuek horren eragina indartzen dute eta.

Zer egin behar dut perretxiko toxiko edo pozoitsua jan dudala uste badut?

Perretxiko toxiko edo pozoitsua jan dugula pentsatzen badugu, medikuarengana jo behar dugu berehala. Horren ondorengo tratamendua azkar egitearen mende egongo da, hain justu, sor ditzakeen lesioen eraginak handiagoak edo txikiagoak izatea.

Diagnostikoa egiteko, oso lagungarria da perretxikoa kontsumitu dugunetik eta sintomak agertu direnetik zenbat denbora igaro den jakitea. Era berean, komeni da kontsumitutako perretxikoa ekartzea, oraindik izatekotan, eta ahal bada, gordinik eta zatitu gabe.

Lotura interesgarriak

Sortze data: 2012-10-03