Zer dira dioxinak?

Dioxinez hitz egiten dugunean, oro har, hiru konposatu motari egiten diegu erreferentza: Dioxinak, Furanoak eta PCBak.

Dioxinak eta Furanoak kutsatzaile kimikoak dira, hain zuzen ere industriak (errauskailuak, zementu-fabrikak, zentral termikoak…) ingurumenera isurtzen dituenak.

PCBak, berriz, nahita sortzen ziren garai batean transformadoreetan, kondentsagailuetan, pinturetan eta abarretan erabiltzeko; baina, 1985az geroztik debekatuta dago PCBak erabiltzea. Nolanahi ere, oraindik ere PCBak antzeman daitezke ingurumenean.</p>

Dioxinak, Furanoak eta PCBak oso produktu iraunkorrak dira, eta nekez degradatzen dira. Hortaz, luze irauten dute ingurumenean. Horren eraginez, uretan, lurzoruan eta sedimentuetan geratzen dira, nagusiki lurreko eta uretako animaliengan pilatuz, eta, ondorioz, horietatik eratorritako elikagaietan.

Zein ondorio izaten dute osasunean?

Guztira 29 konposatu dira toxikoak. Horietatik 10 dioxinak dira, 7 furanoak eta 12 PCBak. Horietatik toxikoena TCDD izeneko dioxina dugu. TCDDa gizakiarentzat kartzinogenoa da. Ezin da ziurtatu gainerako 28 konposatuak kartzinogenoak direnik; beraz, “gizakiarentzat kartzinogeno posible”tzat hartzen dira.

Konposatu horiekiko esposizio kroniko eta luzea erlazionatuta dago nerbio-sistemaren, sistema immunologikoaren eta ugalketa-aparatuaren nahasmenduekin, giltzurrunetako kalteekin, azaleko gaixotasunekin, gaixotasun kardiobaskularrekin eta diabetesarekin.

Zein elikagaitan antzeman daitezke?

Kutsatzaile kimiko horien kopuru txikiak antzeman daitezke animalia jatorriko elikagaietan: arraina, haragia, arrautzak, esnekiak eta olio eta koipeak.

Konposatu horien kopurua gero eta txikiagoa da elikagaietan; izan ere, neurri ugari hartzen ari dira ingurumenera egiten diren isuriak murrizteko.

Elikagai horiek kontsumituz gero, arriskurik izan al dezakegu?

Dioxinak modu orokortuan daude ingurumenean eta, ondorioz, baita elikakatean ere; hori dela eta, pertsona guztiak egon dira dioxinekin kontaktuan, baina espero da horrek ez duela eraginik izango gizakion osasunean.

Nola murritz dezakegu arriskua?

Elikagaietan pilatzen direnean, ezin dira ezabatu; ondorioz, gizakien esposizioa murrizteko modu bakarra jatorrira jotzea da, hau da, ingurumenean dagoen dioxina kopurua murriztea.

Nazioarte mailan neurri ugari hartzen ari dira industriek dioxina eta furano gutxiago isurtzeko ingurumenera. Horri esker, antzeman da kutsatzaile horien kopurua gero eta txikiagoa dela elikagaietan.

PCbei dagokienez, 1985ean debekatu egin zen PCBak erabiltzea. Harrezkero, horien kopuruak ere behera egin du ingurumenean zein elikagaietan.

Nolanahi ere, konposatu horiek oso iraunkorrak dira eta zenbait hamarkadatan antzeman daitezke naturan. Horiek suntsitzeko prozesua motela da.

Gomendatuta loturak:

Sortze data: 2010-09-04