Zer dira mikotoxinak?

Mikotoxinak konposatu toxikoak dira eta onddo-mota desberdinek (nagusiki, Aspergillus, Penicillium, Fusarium eta Alternaria generoetakoek) naturalki sortzen dituzte. Onddoek ohiz esporak erabiltzen dituzte barreiatzeko eta, modu horretan, landareak infektatzen dira. Horrez gain, hezetasun eta tenperaturari dagokionez, giroko baldintzak egokiak badira, esporak ernamuintzen dira, onddoak garatu eta, bide batez, toxinak eratzeko.

Gizakien edo animalien osasunean arazoak sortzen dituzten mikotoxina arruntenak Aflatoxinak, Okratoxina A eta Fusarium generoko toxinak dira, hala nola Deoxinibalenola.

Zein elikagaitan daude?

Mikotoxinak elikadura-katean honako bide hauek erabiliz sar daitezke:

  • Zuzenean, prozesatu gabeko elikagaien bitartez (zerealak, egoskariak, hazi oleaginosoak, frutak, barazkiak, fruitu lehorrak, fruta lehortuak, kafe-aleak, kakao-aleak eta espeziak), mikotoxinak dituzten laboreetatik datozen produktu prozesatuen bidez (ogia, pasta, gosariko zerealak, etab.), edarien bidez (ardoa, kafea, kakaoa, garagardoa, zukuak) eta haurren elikagaien bidez.
  • Zeharka, mikotoxinekin kutsatutako pentsuak kontsumitu dituzten animalietatik eratorritako elikagaien bidez. Hor sartzen dira, besteak beste, haragia, arrautzak eta esnea.

¿ Elikagaietan gehieneko mikotoxinen mugak arautuak al daude?

Mikotoxinen gehieneko mugak zehaztu behar dira, bai elikagaietan, baita laboreetan ere, ahalik eta mailarik txikienean mantentzeko (ALARA printzipioa). Helburua mikotoxinekiko giza esposizioa murriztea da.

Elikagaietan gehieneko mikotoxinen mugak 1881/2006 Araudiak, elikagaietan kutsatzaile zehatzen gehieneko edukia finkatzen duenak, aurrez ikusten ditu.

Nola eragiten du pertsonengan mikotoxinekiko esposizioak?

Animalia eta gizakien osasunarekiko ondoreei mikotoxikosiak deritze. Mikotoxinekin kutsatuta dauden elikagaiak kontsumitzean pertsona eta animaliengan hainbat ondorio toxiko sortzen dira eta larritasuna mikotoxina motaren, toxikotasunaren, esposizio-mailaren, adinaren eta indibiduoak duen nutrizio-egoeraren araberakoa da. Halaber, elikagaietan egon daitezkeen beste mikotoxina batzuen ondorio sinergiko edo konbinatuek ere eragina dute.

Konposatu horien kontrako ondorio larrienak izan daitezke genotoxizitatea, kartzinogenizitatea eta mutagenizitatea, urdail, heste, gibel eta giltzurrunetako arazoekin batera. Gainera, mikotoxina jakinek estrogenoen metabolismoaren gainean dihardute eta immunodepresoreak dira. Hala, infekzioen ondorioz sortzen diren gaixotasunekiko erresistentzia murrizten da.

Ba al dago mikotoxinen “dosi onargarririk”?

Eguneko Ingestio Onargarria (EIO) edo Asteko Ingestio Onargarria (AIO) esaten zaio bizi osoan zehar egunero edo astero har daitekeen kutsatzaile baten kopuruari, osasunerako arrisku hautemangarririk gabe.

Erreferentziako balio toxikologiko horiek EFSAk (Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritza) ezartzen ditu, mikotoxina bakoitzerako; izan ere, agintaritza hori arduratzen da arriskuen ebaluazioa gauzatzeaz, mikotoxinek gizakien edota animalien osasunean izan dezaketen eragina ezagutzeko.

Mikotoxinekiko esposizioak ahalik eta txikiena izan behar du, pertsonak babesteko. OME-ek (Osasunaren Mundu Erakundeak) estatuetako agintariei eskatzen die herrialdeetan merkaturatzen diren elikagaietako mikotoxinen mailak ahalik eta baxuenak direla gainbegiratu eta bermatzeko eta estatuko zein nazioarteko legeriak betetzeko.

Nola kontrolatzen dira elikagaietako mikotoxinen mailak?

Elikagaietako mikotoxina-mailak Nekazaritzako Jardunbide Egokiak (NJE) aplikatzearen bidez murriztu daitezke nagusiki.

Higieneko Jardunbide Egoki horiek aplikatuko dira bai uztatutako elikagaiak jaso eta gordetzeko fasean (zerealak, fruitu lehorrak, frutak, barazkiak…), bai eratorritako elikagaiak prozesatu, ontziratu, garraiatu eta biltegiratzeko fasean.

Halaber, elikagai-enpresetako operadoreek bermatu beharko dute merkaturatzen dituzten produktuek ez dituztela gainditzen Europako legerian ezarritako mikotoxinen mailak; horretarako, bermatu beharko dute arriskuak aztertzeko programek zein kontrol estuko guneek (APPCC) arrisku hori aurreikusten dutela.

Zer egin dezakegu kontsumitzaileok, mikotoxinekiko esposizioa murrizteko?

Lizuna duten elikagaiak mikotoxinez kutsatuta egon daitezke; ondorioz, horiek kontsumitzea kaltegarria izan daiteke. Elikagaiak behar bezala kontserbatzea eta kontsumitu arte denbora gehiegi ez itxarotea gomendatzen da.

Etxean elikagai bidezko toxiinfekzioak prebenitzeko, garrantzitsua da OMEren 5 jardunbide egoki hauek gauzatzea elikagaiak prestatu eta kozinatzean:

  • Garbitasuna mantentzea.
  • Elikagai gordinak eta kozinatuak bereiztea.
  • Guztiz kozinatzea.
  • Elikagaiak tenperatura seguruan edukitzea.
  • Ur eta lehengai seguruak erabiltzea.

Non aurki dezaket informazio gehiago?