“Elikagaiek 200 gaixotasun baino gehiago transmiti ditzakete”Urtero, 10 pertsonatik batek elikagai bidezko gaixotasunen bat hartzen du – OME 2016.

Elikagai bidezko toxiinfekzioak edo elikagai bidez transmititutako gaixotasunak esaten zaie jatorri biologikoko (infekzioa) edo kimikoko (intoxikazioa) agenteek kutsatutako elikagaiak edo ura kontsumitu ondoren pertsonek hartzen dituzten gaixotasunei.

Animalia-jatorriko elikagaiak (haragia, arrautzak, esnea, etab.) kontsumitzeagatik sortutako toxiinfekzioei “elikagai bidez transmititutako zoonosiak” esaten zaie.

¿Zein da jatorria?

Biologikoa

Toxiinfekzioaren jatorria elikagaietan dagoen agente biologiko bat denean, agente patogenoen arabera sailkatzen dira:

  • Bakterioak: elikagai bidezko infekzio gehien eragiten dituzten bakterio patogenoak dira Salmonella, E.coli, Listeria eta Campylobacter.Horien atzetik ditugu Yersinia, Brucella eta Micobacterium; horiek ere elikagaiak kontamina ditzakete. Zenbait bakteriok, hala nola Clostridium, Bacillus eta Staphylococcus izenekoek, toxinak sortzen dituzte, eta horiek intoxikazioak sor diezazkiekete gizakiei.
  • Birusak: elikagaien eta edarien bidez transmititutako infekzioen sortzaileen artean, bigarren tokian ditugu norobirusak, hepatitisaren birusa eta errotabirusa.
  • Parasitoak: elikagai bidezko infekzioen erantzule diren parasito nagusiak dira Echinococcus, Trichinella, AnisakisetaToxoplasma.

Kimikoa

Toxiinfekzioa elikagaietan dagoen agente kimiko batek eragiten duenean, infekzio-iturriaren arabera sailkatzen dira:

  • Toxina naturalak: onddo batzuek, tenperatura- eta hezetasun-egoera jakin batzuetan daudenean, mikotoxinak sortzen dituzte, eta horiek elikagaiak kontaminatu eta epe luzerako intoxikazioak eragiten dituzte.
  • Naturan dauden kontaminatzaileak: industria-jardueren ondorioz sortzen diren eta lurrean, airean eta uretan zabaltzen diren hondakinak, elikagaiak kontaminatzeko arriskuarekin. Hemen sartzen dira metal astunak, nitratoak, dioxinak eta PCBak, sugar-atzeratzaileak, mikro eta nanoplastikoak, etab.
  • Nahita gehitutako produktuak: laboreei edo animaliei aplikatutako produktuen hondarrak, hala nola albaitaritzako medikamentuen eta produktu fitosanitarioen hondarrak, garbitzeko eta desinfektatzeko produktuak, gehigarriak eta entzimak.
  • Prozesuko kontaminatzaileak: elikagaiak eraldatzean eta/edo ontziratzean sortzen diren substantzia kimikoak, hala nola akrilamida, A bisfenola, furanoak, ftalatoak, ester glizidikoak, HAPak, etab.

Zein dira kontaminatzeko moduak?

Jatorrian

Lehen sektoreko ekoizpenean (baserria, hilketa, uzta), animalia-jatorriko elikagaiak (esnea, haragia, arrautzak, etab.) edo landare-jatorriko elikagaiak (zerealak, frutak, barazkiak, etab.) kontaminatu egin daitezke animaliak edo uztak manipulatzean higiene-neurri egokiak ez hartzeagatik.

Prozesuan

Hala elikagaiak eraldatzean, biltegiratzean eta banatzean nola etxean prestatzean, higiene-neurri egokiak ez hartzeagatik edo elikagaiak gaizki manipulatu eta kontserbatzeagatik gerta daiteke elikagaiak kontaminatzea modu hauen bidez:

  • Kontaminazio gurutzatua elikagai gordinen eta prestatuta eta jateko moduan dauden elikagaien artean.
  • Pertsonak: elikagaien manipulatzaileak agente biologiko eta kimikoen eramaile izan daitezke, eta elikagaiak kontamina ditzakete.
  • Ura: gerta daiteke prozesuan zehar erabilitako ura (ureztatzeko, garbitzeko, desinfektatzeko) kontaminatuta egotea eta, ondorioz, agenteak elikagaietara transmititzea.

Europan, elikagai bidez transmititutako zoonosien 320.000 kasu baino gehiago deklaratu dira, baina benetako kopurua askoz ere handiagoa dela uste da – EFSA 2014.

2019an, elikadura-jatorriko 5.175 agerraldi jakinarazi ziren, 2018an baino % 12,3 gutxiago – EFSA 2021

Jardunbide egokiak: etxean elikagai bidezko toxiinfekzioak prebenitzeko 5 gako

Higienea eta Garbiketa


Eskuak garbitu
  • Eskuak xaboiarekin garbitzea elikagaiak prestatu aurretik, eta sarri-sarri garbitzea prestatu bitartean.
  • Eskuak garbitzea batez ere komunera joan ondoren edo animaliak ukitu ondoren.
  • Gaixo dauden pertsonek elikagaiak presta ditzatela saihestea.
  • Sukaldeko gainazalak, oholak, tresnak eta oihalak garbitzea eta desinfektatzea.
  • Elikagaiak eta sukaldeko eremuak babestea izurri eta intsektuetatik.

Elikagai gordinak eta prestatuak bereiztea


Elikagai gordinen eta prestatuen arteko kontaminazio gurutzatua saihestea:

  • Elikagai gordinak bereiztea prestatuta eta/edo jateko moduan daudenetatik.
  • Ez erabiltzea tresna berak (oholak, labanak, etab.) elikagai gordinak eta prestatuak manipulatzeko.
  • Elikagai fresko eta galkorrak jatorrizko ontzian edo ontzi itxietan gordetzea.

Elikagaiak behar bezala prestatzea


  • Elikagaiak guztiz egitea eta bero edukitzea kontsumitu arte (65 ºC).
  • Prestatutako elikagaiak ez uztea giroko tenperaturan 2 ordu baino gehiago.
  • Frijitutako, erretako edo labean egindako elikagaiak ez egitea gehiegi, produktu kimiko toxikorik ez sortzeko (adibidez, akrilamida).

Elikagaiak behar bezala hoztea


  • Elikagai galkorrak garraiatzean, hotz-kateari bere horretan eustea.
  • Elikagaiak ez desizoztea giroko tenperaturan, baizik eta hozkailuaren beheko aldean.
  • Elikagaiak ez edukitzea denbora luzez izozkailuan.
  • Arrautzak ez garbitzea hozkailuan sartu aurretik.
  • Kontserbatzeko aholkuak errespetatzea (denbora eta tenperatura), baita elikagaien etiketan agertzen den iraungitze-data ere.
  • Sobera dauden elikagaiak ahalik eta azkarren hoztea (<5 ºC) eta 24 ordutan kontsumitzea, berotu ondoren (65 ºC).

Ur eta elikagai seguruak erabiltzea


  • Ahal dela, elikagai freskoak aukeratzea.
  • Iraungitze-data igarotakoan, elikagaiak botatzea.
  • Jatorri bermaturik ez duten elikagairik ez kontsumitzea.
  • Egoera txarrean dauden kontserbak botatzea (mailatuta, puztuta).
  • Edateko ura erabiltzea elikagaiak garbitzeko eta prestatzeko.
  • Frutak eta barazkiak ondo garbitzea kontsumitu edo prestatu aurretik.
  • Esne gordinik ez kontsumitzea.
  • Arrautza gordinarekin egindako elikagaiak (maionesa, saltsak, kremak) 24 ordutan kontsumitzea.

Non aurki dezaket informazio gehiago?

Sortze data: 2019 – 05- 14