Eguraldi onarekin batera, jende asko naturan aire zabaleko jarduerak egitera irteten da; adibidez, mendizaleak.

Aire zabalean kirola egiterakoan, animaliak (bai etxekoak eta bai basatiak) topatu ditzakegu, eta animalia horiek patogenoak transmititu ditzakete.

Mendiko txango atsegin bat, ezagutza-faltaren ondorioz, tratamendu medikoa behar duen arazo bihurtu daiteke.

Hortaz, prebentzio-neurri gisa, gomendatzen da naturako bi patogeno-iturri hauek kontrolatu eta ekiditea: akainak eta mendiko animalien babeslekuak.

Akainak

Animaliak (etxekoak eta basatiak) parasitatzen dituzten eta euren odolaz elikatzen diren artropodoak dira Odola irensteko ziztatzean, hainbat animalia-gaixotasun transmititu ahal dizkigute, gizakiei ere eragiten dietenak: ZOONOSIAK.

Akaina-espeziearen arabera ezaugarri hauek aldatzen badira ere, oro har lurrean bizi dira, eta belarretan edo sasi artean ezkutatu ohi dira. Hala ere, batzuk gordelekuen barruan bizi dira, eta beste batzuk giza eraikuntzen barruan, hala nola txakur-etxoletan.

Zoonosi horietako batzuek tratamendu medikoa behar dute, hala nola hauek: Lyme-ren gaixotasuna, anaplasmosia, babesiosia eta Krimea-Kongoko sukarra.

Gaixotasun horietakoren bat izateko probabilitatea hainbat faktoreren araberakoa da, hala nola akainaren bizilekua, akaina mota eta gorputzean egondako denbora.

Gaixotasun horiek prebenitzeko modurik onena ziztada ekiditea da, honako gomendio hauei jarraituta:

  • Erabili gorputz osoa estaltzen duten arropa eta oinetakoak: mauka eta galtza luzeak, bota itxiak eta galtzen beheko zatia estaltzen duten galtzerdiak.
  • Erabili kolore argiko arropa, akainak errazago ikusteko.
  • Jarri arreta landaretza itxia eta belar altuko belardiak dituzten eremuetan: ibili hobeto bidearen erditik belarraren artean baino, eta ez eseri zuzenean bertan.
  • Erabili baimendutako uxagarriak arropan, botetan edo kanpin-dendan.
  • Jarri kanpo-erabilerarako parasito-kontrakoa txakurrari.

Aire zabalean egon ondoren:

Berrikusi arretaz arropa, ziurtatzeko ez dela akainik gelditu bertan. Berrikusi ondo zure gorputza; une egokiena dutxatu ondoren da. Berrikusi arretaz zure azala ziztadak edo lotutako akainen bat hautemateko. Konturatu gabe gertatu daiteke, ziztada ez baita mingarria.

Berrikusi gorputz-atal hauek:

Lotutako akainen bat hautematen baduzu, kendu lehenbailehen. Akainek gaixotasunak transmititu ahal dizkigute lotuta badaude eta orduak ematen badituzte gure odola irensten.

Nola kendu akainak: ahaztu etxeko erremedioak, hala nola olioa eta ozpina…izan ere, urdailaren edukia eta patogenoak erregurgiaraz diezazkiekete. Teknika onena ertz kamutseko eta puntako pintzak erabiltzea da: eutsi akainari indarrez, azaletik ahalik eta gertuen, eta egin tira gorantz pixkanaka (marrazkian ikusi daitekeen moduan). Garrantzitsua da akaina ez zapaltzea. Garbitu gorputz-atala ur eta xaboiarekin, ipini antiseptikoa eta garbitu eskuak.

GARRANTZITSUA: Hurrengo egunetan sukarra edo legenik baduzu, eskatu arreta medikoa.

Mendiko animalien babeslekuak: Q sukarra

Q sukarra ardiei, ahuntzei, behiei eta pertsonei eragiten dien gaixotasuna da, eta ZOONOSI bat da.

Erraz heda daiteke gaixotasuna eragiten duen bakteria duten hauts-partikulekin kutsatutako airea arnasterakoan.

Mendiko animaliek, hala nola ardi eta ahuntzek, kobazuloak erabiltzen dituzte erditzeko, behar duten babesa ematen baitiete. Erditzean, ardi eta ahuntzek bakteria zabaldu dezakete, eta denbora asko iraun dezake bizirik..

Animalia horiek udaberrian erditu ohi dute, eta une hori bat dator gure aire zabaleko jarduerekin.

Horregatik, aire zabaleko jarduerak egiterakoan kontuan hartu behar dira gomendio hauek kutsadura ekiditeko:

  • Animalia askeek erabili ahal izan dituzten babeslekuak (kobazuloak) ekiditea.
  • Animaliekiko kontaktua ekiditea (behiak, ahuntzak eta ardiak), eta, bereziki, erditzen ari direnekin.
  • Txakurrei ez uztea kontaktuan sartzen aipatutako hondar biologikoekin.

Infektatutako pertsonen erdia baino gutxiago gaixotzen da, eta infekzio gehienak arinak dira. Sintomak 2 aste beranduago agertu ohi dira; beraz, sukar handia, zefalea, giharretako eta eztarriko mina, goragalea, gorakoa eta bularreko eta sabeleko mina baduzu, eskatu arreta medikoa, ziur asko tratamendu antibiotiko bat beharko duzulako.

Sortze data: 2021-06-08