Zer dira kutsatzaile kimikoak eta nola iristen dira elikagaietara?

Kutsatzaile kimikoak jatorri kimikoko substantziak dira eta elikagaietan egon daitezke ingurumenaren kutsaduraren ondorioz (izan jarduera industrialengatik, izan istripu naturalengatik). Halaber, kutsatzaile horiek elikagaietara irits daitezke elikakateko edozein fasetan: elikagaiak ekoiztea, fabrikatzea, eraldatzea, prestatzea, ontziratzea, garraiatzea eta biltegiratzea. Hori gerta daiteke elikagaiei xede teknologikoren batekin gehitzen zaizkielako edo prozesuetan sortzen direlako.

Nola eragiten diote giza osasunari?

Kutsatzaile kimikoak arriskutsuak izan daitezke osasunerako, elikadura toxiinfekzioak eragin baititzakete pertsonengan kutsatutako elikagaiak eta ura kontsumitu ostean.

Toxikotasuna konposatu kimikoaren eta kontsumitutako elikagaian dagoen kopuruaren araberakoa izaten da. Oro har, kutsatzaile kimiko gehienek epe luzera izaten dute eragin toxikologikoa, hau da, bizitza osoan izandako esposizio metatuaren ondorioz. Horri toxikotasun kronikoa deitzen zaio. Kutsatzaile batzuek baino ez dute izaten toxikotasun akutua edo une jakin batean kopuru handiak kontsumitzearen ondoriozko eragina.

Nola kontrolatzen da kutsatzaileen presentzia elikagaietan?

Kutsatzaile kimiko gehienak ezin dira kendu elikagaietan daudenean; hortaz, bermatu egin behar da elikagaietako kutsatzaileen kopurua onargarria dela, ez dela arriskutsua giza osasunerako. Hori dela eta, elikagaien segurtasunaren arloko araudiak gehieneko mugak ezartzen ditu elikagaietan baimenduta dauden kutsatzaileei dagokienez.

Balio horietan oinarrituta, elikagai-eragileek ekoizpen praktika egokiak aplikatu behar dituzte, ziurtatzeko elikagaiek bete egiten dituztela gehieneko muga horiek. Halaber, elikagaien segurtasunaren arloko agintariek bermatu egin behar dute eragileek bete egiten dutela araudi hori, kontrol ofizialaren bidez.

Nola prebeni daitezke arrisku horiek?

Elikagaiek sor litzaketen arriskuak ebaluatzeaz arduratzen diren erakundeek, besteak beste elikagaien segurtasunerako agentziek, kutsatzaile horiei buruzko zientzia-ebidentzia osoa biltzen dute eta herritarrek jasaten duten arriskua balioesten dute. Gainera, halakorik balego, arriskuak kontrolatzeko edo murrizteko gomendioak ematen dituzte.

Bestalde, badira eragileentzako praktika egokien gidak eta kodeak, elikagaiek ekoizteko prozesuetan aplikatu beharrekoak, elikagaietan kutsatzaileak agertzea prebenitzeko edo kontrolatzeko.

Azkenik, etxean aintzat hartu behar dira elikagaiak kontserbatzeko, prestatzeko eta kozinatzeko gomendio erraz batzuk, elikagaien kutsadura prebenitzeko.

¿Cuáles son los principales contaminantes químicos?

Toxinak

Substantzia toxikoak dira, elikagaiak ekoizteko katean dauden mikroorganismoak sintetizatzen dituztenak. Sortzen badira, ezin dira suntsitu.

  1. Micotoxinak: laborantzetako onddoek sortzen dituzten konposatu toxikoak dira, klima-baldintzak haiek hazteko egokiak direnean (giro epel eta hezeak). Landare-jatorriko elikagaietan egon daitezke, besteak beste laboreetan eta horien eratorrietan.
  2. Itsasoko biotoxinak: algek sortzen dituzten konposatu toxikoak dira, itsasoko organismoetan metatzen direnak, eta arrain eta moluskuetan egon daitezke.

Ingurumen-kutsatzaileak

Inguruneko edo jarduera industrialetako substantzia kimikoak dira. Airea, ura eta lurzorua kutsa ditzake, eta elikagaietara sar daitezke:

  1. Metalak: metal batzuk funtsezko elementuak dira gizakiarentzat; beste batzuk, ordea, “metal astunak” izenekoak, oso iraunkorrak dira eta toxikoak izan daitezke, elikagaietan dauden kopuruaren arabera. Honako hauek dira garrantzitsuenak: merkurioa, kadmioa, beruna, artsenikoa y  kromoa.
  2. Dioxinak eta PCBak: jarduera industrialeko substantziak dira. Gantz-ehunetan metatzen dira; hortaz, animalia-jatorriko elikagaietan aurki daitezke.
  3. Nitratoak: nitrogenotik eratorritako konposatuak dira, ekosistema mantentzeko ezinbestekoak. Azken hamarkadotan ongarri nitrogenatu eta hondakin organiko asko erabiltzen direnez, lurzoruan nitrogeno-soberakina dago, eta landare-elikagaietan metatu daiteke.
  4. Microplastikoak: plastikoen mikropartikulen gehikuntza, batez ere itsasoetan, arrisku emergentetzat jotzen da, eta arriskutsua da itsas espezieentzat; horren ondorioz, arrainetan eta horien eratorrietan egon daitezke.

Prozesuko kutsatzaileak

Elikagaiak ekoizteko katean gehitzen edo sortzen diren substantziak dira:

  1. Benzopirenoak: hainbat elikagai-prozesutan (besteak beste, elikagaiak koipetsuak keztatzea, idortzea edo parrilan erretzea) sortzen diren konposatuak dira; izan ere, materia organikoa ez da erabat erretzen.
  2. Histamina: higiene-, manipulazio- eta kontserbazio-baldintzak egokiak ez direnean elikagaietan modu naturalean dauden bakterioek sortutako substantzia da. Intoxikazio arina eragiten du, baina hainbat pertsona intoleranteak izan daitezke substantzia honekiko.
  3. Produktu fitosanitarioen hondakinak: produktu fitosanitarioen eta horien metabolitoen kopuru txikiak dira. Landare-elikagaietan metatu daitezke laboreetan erabiltzen diren tratamenduen ondorioz.
  4. Albaitaritza produktuen hondakinak: antibiotikoak eta beste sendagai batzuk aziendaren gaixotasunak tratatu eta prebenitzeko erabiltzen dira; baina, behar bezala erabiltzen ez badira, hondakinak gera daitezke animalia-jatorriko elikagaietan: haragia, esnea eta arrautzak, besteak beste.
  5. Furanoak: furanoa eta bere konposatu metilfuranoak konposatu organikoak dira; tratamendu termikoan zehar sortzen dira, elikagaietan modu naturalean dauden substantzietatik abiatuta. Substantzia horiek iraunkorrak eta biometagarriak dira.
  6. Akrilamida: almidoi ugariko elikagaiei (patatak eta laboreak, adibidez) 180°C-tik gorako tenperatura aplikatzean sortzen den substantzia kimikoa da.
  7. A Bisfenola: konposatu kimiko bat da, batez ere elikagai eta edarien ontziak egiteko plastikoa ekoizteko erabiltzen dena. Elikagai eta edarietara igaro daiteke kopuru txikian; batik bat, behar bezala erabiltzen ez bada.
  8. Ftalatoak: substantzia kimiko horiek elikagaiekin kontaktua izango duten plastikoak egiteko erabiltzen dira (Adibidez PVCa); hortaz, elikagai koipetsuetara igaro daitezke.
  9. Nitratoak eta nitritoak: nitrato- eta nitrito-gatzak elikagai-gehigarri gisa erabiltzen dira haragian, arrainetan eta esnekietan, bakterioen hazkundea ekiditeko. Elikagai-gehigarri gisa baimendutako kopuruetan erabiltzen badira, osasunean duten eragina ez da kezkagarria.
  10. 3-MCPD, glizidola eta ester glizidilikoak: Konposatu kimikoak dira eta koipe ugariko elikagaiak tenperatura altuan (> 200°) prozesatzean sortzen dira (olioak fintzean, margarinak eta eratorriak egitean).

Non aurki dezaket informazio gehiago?

ELIKA- Arriskuen Infogramak

ELIKA- Arrisku kimikoen fitxak

EFSA- Contaminantes químicos en alimentos

AESAN- Seguridad Química – Contaminantes

Sortze data: 2011-11-27