Zer dira?

Nitratoak ingurumenean modu naturalean dauden konposatuak dira, eta nitrogenoaren zikloaren ondorioz airean uretan eta lurzoruan egoten dira. Alabaina, ziklo hori aldatu egin daiteke zenbait nekazaritza- eta industria-jardueraren bidez.

Zein elikagaitan topa ditzakegu nitratoak?

Nitratoak oso zabalduta daude elikagaietan, eta hauek dira gizakiek nitratoen aurrean dituzten esposizio-iturri nagusiak: barazkiak eta ortuariak, eta neurri txikiago batean, edateko ura eta beste elikagai batzuk (adibidez, kontserbagarriak dituzten haragi-produktuak).

Landare espezie batzuek atal berdeetan metatzen dituzte nitratoak. Hortaz, hosto laboreek (besteak beste, urazak eta espinakak) nitratoen kontzentrazio handiagoak izan ohi dituzte, oro har. Halaber, nitratoak nekazaritzan erabiltzen dira ongarri gisa, bai eta elikagaiak prozesatzean ere, elikagaietako gehigarri baimendu gisa.

Garrantzitsua da aintzat hartzea ortuariak kontsumitzearen ondorioz nitratoen aurreko esposizioaren arriskuak eta onurak alderatzen direnean, kontsumo horren onura aitortuak gailentzen direla. Edonola ere, askotariko elikadura anitza eta orekatua da elikadura egoki eta osasungarriaren oinarrietako bat.

Elikagaietan dauden nitrato eta nitritoen ingestak ondorioak ditu osasunean?

Nitratoak, per se, ez dira oso toxikoak, baina horien metabolitoak eta erreakzio produktuak (esaterako, nitritoak, oxido nitrikoa eta konposatu N-nitrosoak) giza osasunerako kaltegarriak diren eraginetan nahasita daude, adibidez, metahemoglobinemian eta kartzinogenesian.

Nitratoa nitrito bihur daiteke, bakterioen murrizketagatik. Hori elikagaietan (prozesatzean eta biltegiratzean) zein organismoan bertan (listuan eta urdail-hesteetan) gerta daiteke.

Zuzenean hartuta zein nitratoen eraldaketatik sortuta, nitritoekiko esposizioa handiegia bada, odoleko hemoglobina metahemoglobina bihur dezakete, hots, oxigenoa garraiatzen ez duen hemoglobina anomalo. Horrek metahemoglobinemia (MetHb) edo haur urdinaren sindromea eragin dezake, batez ere haur txikien kasuan, eta hauek dira bi sintoma nagusiak:

  • Zianosia: kolore urdinxka azalean eta mukosetan.
  • Ehunen hipoxia: oxigeno-falta ehunetan. Horrek arnasa hartzeko arazoak, takikardia, goragaleak, gorakoak eta, kasu larrietan, konbultsioak eta koma eragiten ditu.

Nitratoak eta nitritoak hartzeko bideak eta izan ditzaketen eragin toxikoak
1. irudia. Nitratoak eta nitritoak hartzeko bideak eta izan ditzaketen eragin toxikoak. Iturria: AECOSAN.

Pertsona zaurgarrienentzako kontsumo-gomendioak

Kontsumo gomendio hauek zaurgarri gerta daitezkeen herritarrei (haurtxoak eta ume gaztetxoak) zuzenduta daude, nitratoen aurreko esposizioa murrizteko xedez:

  • Zuhurtasunez jokatzeko, gomendatzen da pureetan espinakarik eta zerbarik ez sartzea urtebete bete aurretik. Barazki horiek urtebete egin aurretik sartuz gero, saiatu espinaken eta/edo zerben kopurua ez dadila pure osoaren % 20 baino gehiago izan.
  • Egunean, ez eman espinaka eta/edo zerba anoa bat baino gehiago 1 eta 3 urte bitarteko haurrei.
  • Ez eman espinaka eta/edo zerbarik bakterio-infekzio gastrointestinalak dituzten haurrei.
  • Ez izan prestatutako barazkiak giro-tenperaturan (osorik edo purean egonda). Egunean bertan jateko badira, gorde hozkailuan; bestela, izotz itzazu.

Ba al dago nitratoen gehienezko mugarik landare jatorriko produktuetan?

1881/2006 Araudian (EE) ezarrita dago espinaketan, urazetan eta haurrentzako elikagaietan topa daitezkeen nitratoen gehienezko kopurua.

Ortuarietarako finkatu diren gehienezko kopuruek eguzki argia hartzen dute kontuan (argia txikiagoa izateak nitratoak metarazten ditu); horrenbestez, kopurua uztaldiaren (uda edo negua) eta laborantza motaren (aire zabalean edo negutegian) araberakoa da. Hala, baimendutako gehienezko mugak negutegian landu eta neguan bildutako urazei dagozkie, hau da, urriaren 1etik martxoaren 31ra bitartean bildutakoei (gehienez ere, 5.000 mg/kg). Aldiz, mugak txikiagoak dira aire zabaleko laboreetarako (gehienez ere, 4.000 mg/kg), eta udan biltzen badira, hots, apirilaren 1etik irailaren 30era bitartean, badira baimendutako mugak negutegiko urazetarako (gehienez ere, 4.000 mg/kg) zein aire zabalean landutako urazetarako (gehienez ere, 3.000 mg/kg).

Beste alde batetik, haurrentzako elikagaietan, asko jota, 200 mg/kg baino ez da onartzen.

Nola murritz dezakegu landareetan duten presentzia?

  • Kendu landarearen kanpoko zatia kontsumitu aurretik. Kanpoko hostoek dute nitratoen kopuru handiena.
  • Kontsumitu fruta eta ortuari ahal bezain freskoak. Hori eginez, nitratoak nitrito bihurtzea saihestuko dugu.
  • Garbitu tentu handiz gordin kontsumituko den barazkiaren hostoak, banaka. Horrelaxe desagerraraziko dira nitrato eta nitrito batzuk, konposatu horiek disolbagarritasun handia baitute uretan. Garbitu ondoren, lehortu fruta aleak zapi batekin.
  • Prestatu barazkiak, egosteak nitratoen kopurua murrizten du eta.
  • Gorde elikagaiak hozkailuan nitratoak nitrito bihurtzen dituzten bakterioak azkar ugaltzen direlako giro- tenperaturan.
  • Ez erabili zopak edo pureak egiteko nitrato-kopuru handia duten barazkiak egosteko ura, uretan disolbatzen direlako.
  • Ahal dela, kontsumitu sasoian sasoiko landareak.

Jarraibideak fruta eta barazki freskoak modu seguruan manipulatzeko

Fruta eta barazkiak prestatzen dituzunean, hasi eskuak garbi dituzula. Ongi garbitu eskuak 20 segundoz, ur epela eta xaboia erabiliz, eta urarekin xaboia tentuz kendu ondoren, lehortu sukaldeko paperarekin.

  • Ebaki hondatuta edo kolpatuta dauden fruta- eta barazki-zatiak prestatu edo kontsumitu aurretik. Ez erabili usteldu diren fruta eta barazkiak.
  • Garbitu fruta eta barazki guztiak kontsumitu, ebaki edo kuzinatu aurretik.
  • Jan aurretik fruta edo barazkia zuritzeko asmoa baduzu ere, garrantzitsua da lehenik garbitzea, zikinkeria eta bakterioak ez daitezen pasa labanatik fruta edo barazki alera.
  • Karrakatu meloi eta luzokerrak bezalako fruta eta barazki gogorrak, fruta eta barazkietarako eskuila garbia erabiliz.
  • Lehortu fruta eta barazkiak zapi garbi edo paperezko eskuoihal batekin, izan ditzaketen bakterioak are gehiago murrizteko.

Esteka interesgarriak

Sortze data: 2014-03-12

Eguneratze data: 2019-06-26