Egoera normalean, dieta egoki eta orekatuak organismo osasuntsuaren garapen arrunterako eta mantenimendurako beharrezkoak diren nutriente guztiak eman ahal dizkigu. Nolanahi ere den, egoera ezin hobe hori praktikan ez da gertatzen pertsona-talde guztien kasuan.

Euren bizimoduaren edota beste arrazoi batzuen ondorioz, kontsumitzaileek erabaki dezakete nutriente jakin batzuen ingesta areagotzea, elikagai-osagarrien bidez.

Zer dira elikagai-osagarriak?

Elikagai-osagarriak elikagai produktuak dira, eta euren xedea da ohiko elikadura osatzea. Nutrienteen edo beste substantzia batzuen iturri kontzentratuak dira, eragin nutrizionala edo fisiologikoa dutenak.

Enlaces de interés

Dosietan merkaturatzen dira: kapsula, pastilla, gragea, pilula edo horien antzeko moduren bat, hauts-poltsak, likido-anpoila, tanta-kontagailudun botila eta banakako kopuru txikitan hartu behar diren likido edo hautsen antzeko beste modu batzuk.

Dosi horiek zehatzak eta beharrezkoak izan behar dute. Garrantzitsua da azpimarratzea substantzia horietako batzuk kontrako eragina izan dezaketela dosi altuetan, eta kaltegarriak izan daitezkeela kontsumitzaileen osasunerako.

Nork erabiltzen ditu elikagai-osagarri horiek eta eta zertarako?

Elikadura orekatuak (fruta, barazki, labore. proteina eta gantz osasuntsuko dietak) beharrezkoak diren nutriente guztiak ematen ditu normalean.

Osagarriak ez lirateke izango arau horren parte, baina herritar- edo pertsona-talde batzuek osagarriak behar izaten dituzte, baita dieta osasuntsua eta orekatua izanda ere, besteak beste umeak izateko adienean dauden emakumeak edo berariazko sendagaiak hartzen dituzten pertsonak.

Ziurrenik elikagai-osagarriak hartu beharko dituzten pertsona-taldeen adibideak:

  • Gomendagarria da haurdunek azido folikoa hartzea sorkuntzaren aurretik eta haurdunaldiaren lehenengo asteetan. Folato-maila egokia izateak murriztu egiten du osasun-arazoren bat (adibidez, arantza zatibitua) duten umeak izatea.
  • Eguzki-argia izateko aukera txikia duten pertsonek D bitamina beharko dute ziurrenik.
  • Baliteke beganoek elikagai-osagarriak hartu behar izatea, B12 eta D2 bitaminei dagokienez.

Zein osagai dituzte elikagai-osagarriek?

Honako hauek dira ezagunenak: bitaminak, mineralak, zuntza, aminoazidoak, gantz-azido poliinsaturatuak, landare-aterakinak eta abar. Zientziak onartu egiten ditu substantzia horiek, eta eraginkorrak dira beharrezko dosian erabiliz gero.

Formulen osaera zehatza elikagai-osagarrien etiketan adierazi behar da.

Nola etiketatu behar dira produktu horiek?

Beti merkaturatuko dira “elikagai-osagarriak” izenpean.

Elikagai-osagarrien etiketak, aurkezpenak eta publizitateak ez dute izango honako baieztapenik: dieta orekatuak eta askotarikoak beharrezkoak diren nutrienteen kopurua ez duela eskaintzen esaten duena edo iradokitzen duena; elikagai-osagarriei gaixotasun bat prebenitu, tratatu edo sendatzeko gaitasuna ematen diena; eta propietate horiek aipatzen dituena.

Etiketan honako datu hauek agertu behar dute:

  • Produktuaren ezaugarri diren nutrienteen edo substantzien kategorien izena, edo nutriente edo substantzia horien izaerari buruzko aipamena.
  • Egunero kontsumi daitekeen dosi gomendatua.
  • Berariaz gomendatutako eguneko dosia ez gainditzeko ohartarazpena.
  • Elikagai-osagarriak dieta orekatua ordezteko ezin direla erabili dioen baieztapena.
  • Produktua umeengandik urrun gorde behar direla dioen ohartarazpena.

Nola kontrolatzen dira?

Elikagai-osagarri batean erabiltzen diren substantzia guztiak baimenduta eta kontrolatuta egongo dira.

Elikagai-osagarrien kontrol eraginkorra bideratzeko, gure herrialdean elikagai-osagarri bat merkaturatzeaz arduratzen denak agintaritza eskudunei jakinarazi behar die elikagai-osagarri hori merkaturatu dela. Horrez gain, elikagai-osagarria merkaturatu aurretik edo merkaturatzearekin batera, produktuaren etiketaren ale bat igorriko die.

Beste alde batetik, gure herrialdean, elkarren onespen printzipioa aplikatuta, baimendutako zerrendetako bitaminen eta mineralen bestelako osagaiak dituzten elikagai-osagarriak merkaturatu daitezke, baldin eta produktu hori Europar Batasuneko beste estatu batean legez merkaturatzen dela egiaztatzen bada. Nolanahi ere den, ezinezkoa da onespen hori aplikatzea Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetako produktuei.

Sortze data: 2014-02-18

Eguneratze data: 2018-08-06