Azken urteotan animaliak maneiatzeari, garraiatzeari eta hiltzeari buruzko araudi berriak sartu dira indarrean, eta horietan animalien ongizatea gehiago errespetatzen dituzten baldintzak ezarri dira.

Arau hauek espezie bakoitzaren portaera estudiatu duten ikerkuntza zientifikoetan oinarritzen dira.

Zergatik eskatzen da animalien ongizatea handiagoa izatea?

  • Animalien ongizatea gaur egungo gizarteak eskatzen duen baldintza da, eta gero eta garrantzi handiagoa du, zenbait arrazoi tarteko:
  • Animaliekin eginiko gehiegikerien eta animalien sufrimenduaren aurreko gaitzespenaren inguruko gizarte-kontzientzia handiagoa da.
  • Zientzia-ezagutza handiagoa dago animalien jokaerari, estresaren fisiologiari edo animaliak maneiatzeko modu egokiari buruz.
  • Zenbait azterlanek lotu egiten dizute abereen bizitza-baldintza egokiak eta produktuen kalitatea eta segurtasuna. Halaber, erakutsi egin da lotura estua dagoela animalien ongizatearen, animalien osasunaren eta elikagaien bidez transmititutako gaixotasunen artean (hala nola, Salmonella, Campylobacter eta E. coli).

Zeren araberakoa da animalien ongizatea?

Animalien ongizatea, neurri handi batean, gizakien maneiatze-moduen menpe dago. Bestalde, beste faktore batzuek ere eragin zuzena dute: alojamendu-baldintzak, erabilgarri dagoen espazioa, hazkuntza-dentsitatea, garraio-baldintzak eta zorabiatzeko eta hiltzeko metodoak.

Animalien ongizatearen esparruko ikerketak nabarmen egin du aurrera azken urteotan, eta ematen dituen emaitzak gaiari buruzko araudiak sortzeko oinarria dira.

Zer araudi dago Europan?

EBn daude, animalien ongizateari dagokionez, munduko estandar handienak. Jada Europar Batasuneko Funtzionamendu Tratatuan ezarri zen animaliak izaki minberak direla eta guztiz aintzat hartu behar direla euren beharrizanak, EBren politika jakin batzuk formulatzean eta ezartzean.

Animalien ongizateari buruzko Europako araudiak ekoizpen-fase guztiak hartzen ditu bere baitan: abeltzaintza-ustiapena, garraioa eta animaliak hiltzea. Gainera, animalia-espezie bakoitzak bere hazkuntza-ezaugarri eta beharrizanak ditu; beraz, espezie jakin batzuetarako araudi zehatza dago.

Araudi batzuen indarraldia orain dela gutxi hasi da, eta horrek ekarri du azken urteotan abeltzainek eta beste operatzaile batzuek (hala nola, garraiolariak eta hiltegietako langileak) eskakizun berrietara egokitu behar izatea. Hainbat kasutan, inbertsio ekonomiko handiak egin dira. Sektore batzuetan (hegaztienean edo txerrienean, esate baterako) araudira egokitzeak sektorea berregituratzea ekarri du.

Espezie bakoitzak bere legeria du

Txerriak hazteko betekizunak

Txerri emeak taldetan hazi behar dira, estaltze-aroaren eta erditzearen arteko denbora-tarte jakin batean. Halaber, 2006az geroztik debekatuta dago txerri emeentzako lokarriak erabiltzea.

  • Txerrikumeei dagokienez, hormigoizko lurzoru parrilladunak erabiltzen direnean, irekiduren zabalera 11 mm-koa izango da gehienez ere, eta habexkena, gutxienez, 50 mm-koa.
  • Ebakitzeetarako, debekatuta dago arrazoi terapeutikoek edo diagnostikoak ekarri ez duten beste edozein prozedura, salbuespenak salbuespen. Azken horien artean dago txerrikumeen haginen punta leuntzea edo zati bat moztea bizitzako lehenengo zazpi egunak igaro aurretik, ordotsen letaginen luzera murriztea edo txerri arrak zikiratzea, ehundurak urratuta ez bada.

Oiloak hazteko betekizunak

Oilo erruleei dagokien araudia 3/2002 Errege Dekretua da, besteak beste, honako hauek xedatzen dituena:

  • Kaiola arrunten debekua, 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera.
  • Kaiola guztiek izan beharko dute aberastutakoak (egokitutakoak).
  • Aberastutako kaioletan oilo bakoitzeko leku gehiago dago, eta habiak, kotak, atzazaletako limak eta komunak dituzte, oiloek aztarrika egin ahal izateko.

Aire zabalerako sarbidea duten oiloen ustiategiek, halaber, beste betekizun batzuk ere bete behar dituzte:

  • Oilo bakoitzeko landa-eremua 4 m²-koa izango da landako oiloentzako eta oilo ekologikoentzako.
  • Kanpora irteteko tranpa kopurua proportzionala izango da oiloen kopuruarekin.
  • Kanpoaldeko eremuetan gerizpeak eta ur-guneak jarri behar dira, hegaztiak eguzkitik babesteko eta edateko.

Txahalak hazteko baldintzak

1047/1994 Errege Dekretuak, Txahalak babesteko gutxieneko arauei buruzkoak, araupetzen ditu. 229/1198 Errege Dekretuak aldatu zuen eta 6 hilabetera arteko txahalei dagokie. Horren arabera,

  • Zortzi aste baino gehiagoko txahalik ezin izango da sartu banakako esparruetan (baldin eta albaitari batek ziurtatzen ez badu txahalak isolatuta egon behar duela tratamendua hartu ahal izateko).
  • Banakako esparru guztiek izango dituzte txahalen arteko ikus- eta uki-eremu zuzena bermatuko dituzten horma zulatuak. Gaixorik dauden abereak isolatzeko banakako esparruetan baino ez dira baimenduko horma solidoak.
  • Taldeka hazteko honako neurri hauek ezartzen dira:
    • 1,5 metro koadroko espazio librea izango dute 150 kilo baino gutxiagoko txahalek.
    • 1,7 metro koadroko espazio librea izango dute 150 eta 220 kilo bitarteko pisua duten txahalek.
    • 1,8 metro koadroko espazio librea izango dute 220 kilo baino gehiagoko txahalek.
  • Beste alde batetik, taldeka ez dauden txahalak ezin dira lotu. Edoskitze-aroan edo errapea hartu bitartean taldeka dauden txahalak bakarrik lotu ahal izango dira, gehienez ere ordubetez.
  • Txahal guztiek hartuko dute behi-oritza, jaio ondoren ahalik eta lasterren, betiere jaio ondorengo lehenengo sei orduetan. Azkenik, nabarmendu egiten du txahal guztiek jasoko dituztela, gutxienez, bi elikagai-anoa (orain artean 1 anoa/egun zen nahitaezkoa).

Baita esperimentatzeko animaliak ere

Esperimentatzeko animaliei dagokien legeria ere badago, animalien babesari dagokionez.

Hain zuzen ere, 2013ko otsailean onetsi da Espainian 53/2013 Errege Dekretua, animalien esperimentazioa araupetzen duen araudia aldatzen duena.

Egungo legeria-aldaketa animalien babesari buruzko Europako legeria berriak dakar, eta ikertzaileak animaliekin esperimentatzeko bestelako formulak bilatzera bultzatzen ditu.

Gainera, 2013ko martxoaren 11z geroztik, debekatuta egongo da Europar Batasun guztian kosmetikoak egiteko animaliekin esperimentatzea eta animalietan testatutako produktu berriak (edo horien osagaiak) merkaturatzea. Urte horretako martxoaren 11tik aurrera, debekatuta dago enpresa batek Europar Batasunean saldu nahi duen edozein kosmetika-produktu (garbiketa-artikuluak, oreak, xaboiak, makillajea, haginak garbitzekoak…) aldez aurretik animalietan frogatu izana munduko edozein lekutan.

Ondorioak

  1. Gaur egungo gizarteak gero eta kezka handiagoa du animalien ongizatearen inguruan.
  2. Europar Batasunak gaiaren inguruko legeria zorrotzena badu ere, oraindik ere zeregina dago, batik bat zenbait puntu kritikotan; hala nola, animaliak garraiatzean eta hiltzean.
  3. Europan gai horri buruz gero eta ikerketa gehiago egiten dira, eta horrek ahalbidetu egiten du animalia-espezie bakoitzaren ezaugarriak hobeto ezagutzea eta hazte- zein maneiatze-baldintzak modu eraginkorragoan araupetzea.

Informazio gehiago

Sortze data: 2013-09-20

Eguneratze data: 2019-06-21