Zer dira plagizidak? Zertarako erabiltzen dira?

Plagizidak edo produktu fitosanitarioak konposatu kimikoak dira eta laboreei gehitzen zaizkie, uztan edo uztaren ondoren, izurrite eta gaixotasunetatik babesteko (intsektuak, karraskariak, belar gaiztoak, onddoak, bizkarroiak, bakteriak…). Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen (FAO) arabera, gaur egun, izurriek eta gaixotasunek munduko uzta guztien %25-35 suntsitzen dute; eta belar gaiztoek, aldiz, %10.

Plagizidek handiagotu egiten dute elikagaien ekoizpena munduan, izurri eta gaixotasunen aurka babesten baitute; landareen itxura hobetu egiten dute; landare horien merkataritza-bizitza luzarazi egiten dute eta kontsumitzailea babestu egiten dute hainbat arriskutatik (onddoen kutsaduratik, besteak beste).

Nola metatzen dira elikagaietan? Zer dira plagiziden hondakinak?

Hondakinak, plagiziden (hauen metabolitoak barne) edo horien degradazio produktuen kopuru txikiak dira, eta bildutako edo biltegiratutako elikagaietan egon edo metatu egiten dira. Beraz, gizakiak kopuru handian kontsumituz gero, eragina izan dezakete osasunean.

Elikagaien %95,9k ez dute plagizida hondakinik, eta dutenek oso kopuru txikian izaten dute; beraz, kontsumitzaileentzat seguruak izaten dira (2017ko urteko txostena: Plagiziden hondakinak elikagaietan, EFSA 2019). Horregatik, Europako Batzordeak ezarri egin ditu Hondakinetarako Baimendutako Gehienezko Mugak (LMRak), hau da, elikagaietan edo pentsuetan aurki daitezkeen plagizida hondakinen gehienezko kopuruak. LMRak betetzen dituzten elikagaiak toxikologikoki onargarritzat hartzen dira.

Nola balioesten da horien segurtasuna elikagaietan?

Europa Batasunean ezin dira pestizidak erabili, baldin eta ez bada zientifikoki ziurtatzen:

  • Ez dutela eragin kaltegarririk eragingo kontsumitzaileengan, nekazariengan edo hirugarrenengan.
  • Ez dutela ondorio onartezinik sorraraziko ingurumenean.
  • Eraginkorrak direla.

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) gauzatzen du kontsumitzaileen segurtasunaren balioespena, produktu fitosanitario bakoitzan ondorengo hauek aztertuz: toxikotasuna, elikagaietan aurkitzea espero den gehienezko kopurua, eta kontsumitzaile europarren hainbat dieta.

Zein elikagaitan antzematen dira?

Plagizida hondakinak, fruta eta barazkietan antzemateko probabilitatea haundiagoa da. Hala ere, elikagai talde horietako zenbait produktutan anitzago aurki daitezke: marrubiak, mahatsak, muxikak, albertxikoak, nektarinak, letxugak, tomateak, berenjenak, espinakak eta zerbak.

Zerealetan ere antzematen dira plagizida hondakinak, baina lehortzean eta xigortzean asko murrizten da kopurua aleetan.

Animalientzako edateko urak eta bazkak ere izaten dituzte plagizida hondakinak; beraz, eratorritako produktuek ere izan ditzakete: haragia, esnea eta arrautzak.

Zein ondorio izan ditzakete hondakinek kontsumitzaileen osasunean?

Hainbat eragin toxiko antzeman dira, produktu fitosanitario bakoitzaren toxikotasunaren arabera eta esposizioaren arabera (kontsumitutako plagizida dosia eta esposizio denbora):

  • Toxikotasun larria: Une jakin batean plagizida dosi altuen esposizioa izatea. Halakoak ustekabean gertatzen dira produktu erabiltzaileen artean. Ondorioak larriak dira: urdail, arnas, larruazal eta nerbio nahasmenduak.
  • Toxikotasun kronikoa:
    • Profesionaletan: Plagizida ekoitzi edo uztetan banatzen dituzten profesionalengan dosi handien esposizioek honako eragin hauek sorrarazten dituzte: ugaltze eraginak, eragin kantzerigenoak, mutagenikoak, neurotoxikoak eta immunoezabatzaileak.
    • Kontsumitzailetan: Epe luzean plagiziden kopuru txikien esposizioek kontsumitzaileengan tokiko ondorioak eragiten dituzte (larruazalaren eta mukosen narritadura) edo sistematikoak (hormona, nerbio eta bestelako sistemen nahasmenduak).

Bestalde, umeak kalteberagoak izaten dira; izan ere, gorputz-pisu txikiagoa izaten dute eta organoak garatu gabe izaten dituzte. Beraz, heldu batek izan dezakeen dosiaren esposizio berak toxikotasun-eragin handiagoa izaten du umeengan.

Maiz, uzta bakar batean hainbat plagizida erabiltzen dituzte nekazariek. Plagizida horien konbinazioaren toxikotasun maila eta hauen guztien toxikotasun mailen batura ez da berbera izaten. Horri buruzko azterketa metodologia ez dago oraindik guztiz garatua, baina garrantzizko pausoak ematen ari dire azken urteotan.

Nola murritz daiteke produktu fitosanitorioen erabilera?

Ekoizleek murritz dezakete pestizidak erabiltzea Nekazaritzarako Praktika Egokiak (BPA) aurrera eramanez gero, hau da, elikagaien ekoizpen prozesuko edozein fasetan pestiziden erabilera ziurra, aholkatua eta baimendua eginez gero (landatzea, biltzea, biltegiratzea eta garraiatzea).

Pestizidak erabili ezin direnetan, uzta bildu aurreko segurtasun epeak errespetatzeaz gain, behar-beharrezko kasuetan baino ez dira erabiliko pestizidak giza osasunean izan dezakeen toxikotasun eragina murrizte aldera.

Horretarako, nekazal ustiapenentzat derrigorrezkoa da izurrien eta gaixotasunen Kontrol Integratua ezartzea: uzten kudeaketa hobea egitea, izurrien aurka bestelako alternatibak erabiltzea, izurrien etsai naturalak, kontrolerako feromonak eta uztak tartekatzea, besteak beste.

Gure merkatuetara iristen diren produktuak, bere ekoizpenean  plagiziden erabilera egokia burutu dela bermatzearren, dagokion erakundeak periodikoki Kontrol Ofizialak burutzen dituzte nekazal eta abere ustiategietan. 

Prebentzio aholkuak etxerako

Plagizidak, batik bat, fruten eta barazkien kanpoaldean metatzen direnez, etxean zenbait aholkuri jarraikiz, pestizida hondakinen kopurua %30-70 murritz daiteke. Fruta eta barazkiak ongi garbitzeaz gain, elikagaiak prestatzeak asko murrizten du hondakinen kopurua.

Barazkiak:

  • Barazkien kanpo aldeko hostoak kendu
  • Barazkiak prestatu aurretik, ongi garbitu
  • Umeentzat, haurdunentzat eta bularreko haurrentzat: barazkiak egosteko erabiltzen duzun ura bota, pestizida hondakinak izan baititzake.
  • Barazkiak gordinik jan aurretik, xaboi ur beroaz igurtzi edo eskuilatu minutu batez gutxienez.

Frutak:

  • Frutak prestatu aurretik, ongi garbitu
  • Frutak gordinik jan aurretik, xaboi ur beroaz igurtzi edo eskuilatu minutu batez gutxienez
  • Noizean behin fruta zuritu. Pestiziden hondakinak murriztu egiten dira, baina zuntz eta nutrienteak ere bai.

Bost arrazoi frutak eta barazkiak jaten jarraitzeko

Frutak eta barazkiek balio nutritibo handia izaten dute eta osasuna babestu egiten dute; honako onura hauei esker:

  • A, E, C eta B bitamina, eta potasioa eta selenioa bezalako mineral ugari izaten dituzte.
  • Zuntz kopuru handia izaten dute. Beraz, gomendagarriak dira arazo kardiobaskularrak, idorreria, odoluzkiak edo heste lodia narritakorra izaten dutenentzat.
  • Zelulen zahartzea atzeratu egiten duten antioxidatzaileak izaten dituzte. Beraz, bihotzeko gaixotasunak eta minbizia izateko arriskua murriztu egiten dute. Honako hauek dira antioxidatzaileak: karotenoak (azenarioa), likopenoa (tomatea, angurria, albertxikoa, pomelo gorria), falbonoideak (zitrikoak, sagarra, tipula), reberastrola (mahats beltza).
  • Kaloria gutxikoak izaten dira.
  • Fruta eta barazkien arteko nahasketak hobeto baliatzen du barazkien burdina. Komenigarria da burdin kopuru handia duten barazkiak (lekaleak) C bitamina duten frutekin batera kontsumitzea (laranja zukua, marrubiak edo kiwia postrerako).

Frutak: egunean hiru ale gutxienez kontsumitzea gomendatzen dute, ahal bada, freskoa; izan ere, zukuek ez dute izaten fruta osoak duen zuntza.

Barazkiak: egunean 400 g kontsumitzea gomendatzen dute, hau da, bi anoa; bat gordinik (entsalada) eta bestea prestatuta.

Non aurki dezaket informazio gehiago?

Fitxa: Produktu fitosanitorien hondakinak – ELIKA

Fitosanitarioak – ELIKA

Kontsumitzaileen Osasunaren Zuzendaritza Nagusia- Europako Batzordea.

OCUren fitxa: elikagaien segurtasuna. Frutak eta barazkiak

Sortze data: 2011-05-17

Eguneratze data: 2019-07-30