Gizartean, hainbat bizi-ohitura aldatu dira azkenaldi honetan, eta horrek zaildu egin du dieta osasungarriari eustea. Horren ondorioz, hainbat gaixotasun agertu dira elikadura-desorekari lotuak. Gauzak horrela, kontsumitzaile askok interesa erakutsi dute dieta orekatzen laguntzen duten produktuetan, eta horien artean elikagai funtzionalak ditugu, besteak beste.

Zer dira elikagai funtzionalak?

Europar Batasunean ez dago definizio bateraturik horrelako produktuak definitzeko, baina onartuenetako batek horrela dio: “jatorrizko elikagaien eta dieta anitzean eta orekatuan kontsumitzen diren elikagaien ezaugarri organoleptikoak izan behar dituzte elikagai funtzionalek, oinarrizko nutrizio-beharrak ase behar dituzte eta, horrez gain, zientziak frogatu behar izan du, batetik, elikagai horiek osasungarriak izan daitezkeela osasunerako edo, bestetik, gaixotasunen bat izateko arriskua murriztu dezaketela”.

Elikagai funtzionalen motak

Elikagai aberastuak

Nutrienteren bat gehitu zaie elikagai hauei, eta nutriente horrek eragin osasungarria izan dezake gorputzean. Horien artean honako hauek ditugu: mineralak, bitaminak, antioxidatzaileak, gantz-azidoak, zuntza…

Hiru eratan aberastu daitezke:

  • Berriz gehitzea: Elikagai bat ekoiztean galtzen diren nutrienteak berriro gehitzen zaizkio elikagaiari (esate baterako: esne gaingabetuari gantzaren bitamina liposolubleak gehitzen zaizkio).
  • Indartzea: Elikagaiari nutriente bat edo gehiago gehitzen zaizkio, bai elikagai horrek era naturalean nutriente horiek dituenean, bai horrelakorik ez duenean ere. Modu horretan, elikagaia nutriente horren iturri garrantzitsu bihurtzen da (esate baterako: gatzari iodoa gehitzen zaio).
  • Estandarizazioa: Elikagaiari nutrienteak gehitzen zaizkio nutrienteren baten maila aldatu denean. Horrelako prozesuak erabili ohi dira produktu horien ordez beste batzuk erabili nahi direnean. Esate baterako: hanburgesa begetalei B12 bitamina gehitzen zaie (bitamina hori animalia jatorriko produktuetan baino ez dago).

Eragin zehatza duten elikagai funtzionalak

Elikagai horiek diseinatuta daude oso efektu zehatza lortzeko, esate baterako: diabetikoentzako dietarako, hipertentsioa jaisteko…

Elikagai probiotikoak

Probiotikoak dituzten elikagaiak dira. Osasunaren Munduko Erakundeak honako definizio hau eman du probiotikoak definitzeko: “izaki bizidunak dira; eta zehaztutako dosian kontsumituz gero, onurak ekar liezazkiokete osasunari”.

Probiotikoak esneki hartzituetan erabiltzen dira bereziki, baina gaur egun bestelako sektore batzuetara ere ari dira zabaltzen (haragizko produktu hartzituak, zukuak eta landare jatorriko bestelako elikagaiak). Gainera, horrelako produktuak liofilizatuta edo/eta kapsuletan sartuta aurkitu ditzakegu.

Ikerketa ugari egin dira probiotikoen onurak gizakietan neurtzeko, eta, besteak beste, honako onura hauek antzeman dira: laktosarekiko intolerantzia hobetzea, sistema immunitarioa modulatzea, kolesterol eta tentsio maila altua jaistea eta, azkenik, infekzio-, hantura-, alergia- eta tumore-gaixotasunen aurrean babesa ematea.

Elikagai prebiotikoak

Prebiotikoak dira “digeri ezin daitezkeen osagaiak eta osasunari onurak ekar liezazkioketenak, koloneko bakteria baten edo batzuen hazkundea edo/eta aktibitatea estimulatzen baitute ausaz”.

Gaur egun, prebiotikoak erabiltzen dira elikagai funtzionalak ekoizteko; batetik, osagai gisa hesteetako bakteria onuragarrien hazkundea estimulatzen dutelako (prebiotikoak bereziki), eta, bestetik, propietate teknologiko garrantzitsuak dituztelako. Gauzak horrela, hainbat elikagai ekoizteko erabiltzen dira: jogurtak, postreak, edariak, ogia, betegarriak, produktu dietetikoak, pastelak eta galletak, gozogintzarako azukrea, zopak eta saltsak eta haurrentzako elikagaiak.

Zer nolako elikagai funtzionalak aurkitu ditzakegu gaur egun merkatuan?

ELIKAGAI FUNTZIONALA OSAGAI FUNTZIONALA OSASUNEAN ERAGIN DITZAKEEN ONURAK
ESNE ABERASTUAK Omega-3 gantz-azidoekin (EPA eta DHA) Gaixotasun kardiobaskularrak eta minbizi mota batzuk izateko arriskua murrizten laguntzen dute, eta nerbio-ehunaren garapena eta begietako funtzioak hobetu egiten dituzte. Hanturazko prozesuak murriztu ditzakete.
Azido oleikoarekin Odoleko kolesterol-kontzentrazioa eta gaixotasun kardiobaskularrak murrizten laguntzen du.
Azido folikoarekin Hodi neuraleko malformazioak murriztu ditzake eta gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua murrizten laguntzen du.
Kaltzioarekin Hezur eta hortzetako garapenean lagundu egiten du. Nerbio-transmisioan eta giharretako mugimenduetan hartzen du parte. Osteoporosiari aurrea hartu diezaioke.
A eta D bitaminekin Begietako funtzioan eta kaltzioaren absortzioan lagundu egiten dute, hurrenez hurren.
Fosforo eta Zinkarekin Hezurretako garapenean lagundu egiten dute eta sistema immunitarioa hobetzen dute.
HASTAPEN ETA JARRAIPENERAKO UMEENTZAKO ESNEA Gantz-azidoekin 0tik 3 urte bitarteko umeen garapena hobetzen laguntzen dute.
Bitamina eta Mineralekin Elikagai hauek kontsumitu daitezke amak umeari bularra eman ezin dionean.
JOGURT ABERASTUAK Kaltzioarekin Hezur eta hortzetako garapenean lagundu egiten du. Nerbio-transmisioan eta giharretako mugimenduetan hartzen du parte. Osteoporosiari aurrea hartu diezaioke.
A eta D bitaminekin Begietako funtzioan eta kaltzioaren absortzioan lagundu egiten dute, hurrenez hurren.
ESNE HARTZITUAK Omega-3 gantz-azidoekin (EPA eta DHA) eta Azido oleikoarekin Gaixotasun kardiobaskularrak eta minbizi mota batzuk izateko arriskua murrizten laguntzen dute, eta nerbio-ehunaren garapena eta begietako funtzioak hobetu egiten dituzte. Hanturazko prozesuak murriztu ditzakete.
Bakteria probiotiko zehatzekin Sistema gastrointestinalaren funtzionamendua erraztu egiten dute eta beherakoen intzidentzia zein iraupena murriztu egiten dute. Hesteetako mikrofloraren kalitatea hobetu egiten dute.
ZUKU ABERASTUAK Bitamina eta Mineralekin A eta D bitaminak: Begietako funtzioan eta kaltzioaren absortzioan lagundu egiten dute, hurrenez hurren. Kaltzioa: Hezur eta hortzetako garapenean lagundu egiten dute. Nerbio-transmisioan eta giharretako mugimenduetan hartzen dute parte. Osteoporosiari aurrea hartu diezaiokete. Burdina: Oxigenoa odolean zehar garraiatzen lagundu egiten dute. Anemiak agertzea saihestu dezakete.
ZEREAL INDARTUAK Zuntz eta Mineralekin Zuntza: Koloneko minbizia izateko arriskua murriztu egiten dute. Hesteetako mikrofloraren kalitatea hobetu egiten dute. Burdina: Oxigenoa odolean zehar garraiatzen lagundu egiten dute. Anemiak agertzea saihestu dezakete.
OGI ABERASTUA Azido folikoarekin Hodi neuraleko malformazioak murriztu ditzake eta gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua murrizten laguntzen du.
ARRAUTZA ABERASTUAK Omega-3 gantz-azidoekin Gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua murriztu dezakete.
MARGARINA ABERASTUAK Fitosterolekin Odoleko kolesterol-kontzentrazio altua eta gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua murrizten laguntzen dute.
GATZ IODATUA Iodoarekin Iodoak lagundu egiten du hormona tiroideoen fabrikazioan. Hormona horiek ezinbestekoak dira garapen fisiko eta psikiko normalean eta tiroidearen disfuntzioak saihesten.

 

Nola arautzen dira?

Elikagai funtzionalen higiene- eta segurtasun-baldintzak beste elikagai batzuek bezala daude araututa. Gainera, elikagai berrien kasuan, arau zehatzagoak dituzte.

Horrez gain, Espainiako eta Europako legediak jasotzen du elikagai bat nutrienteren batekin aberastuta dagoenean elikagai horren ontziak jaso behar duela ezinbestez nutrizioaren gaineko etiketa. Etiketan zehaztuta agertu beharko da zein den nutriente horren kontzentrazio erreala.

Sortze data: 2011-06-14

Eguneratze data: 2018-08-27