Zer dira sulfitoak?
Sulfitoak sufrearen eratorriak dira eta elikagaiak kontserbatzeko gehigarri gisa erabiltzen dira.
Sulfitoak elikagaiei gehitzen zaizkie:
- Koipe eta olioak ez herdoiltzeko.
- Elikagaien jatorrizko kolorea ez aldatzeko.
- Elikagaien bizitza erabilgarria luzatzeko.
- Bakterio, lizun eta legamiak ez hazteko, batik bat ingurune azidoetan (horregatik erabiltzen dira, besteak beste, zukuetan).
Halaber, elikagaien almidoiak zuritzeko eta bilgarriak (besteak beste, zelofana) egiteko ere erabiltzen dira zenbaitetan sulfitoak.
Zein elikagaietan aurkitzen dira?
Sulfitoak, batik bat, honako hauek kontserbatzeko erabiltzen dira:
- Mahats-zukuak, mostoak eta ardoak, sagardoa eta ozpina.
Ardoak berez izaten ditu sulfitoak, baina oso maila baxuan. Hala ere, gehiago eransten zaizkio hobeto kontserbatzeko. Mendeak dira hori egiten dela, eta helburua da bakterioak eta lizunak eragoztea, ardoa ez herdoiltzea eta aromari eta freskotasunari eustea. Horrela, ardoaren kalitatea bermatzen da. Ardoari sulfito gehiegi eransten badiogu, txartu egiten da ardoaren kalitatea; izan ere, galdu egiten du kolorea, usain garratza hartzen du eta aldatu egiten du bere zaporea.
Honako hauetan ere erabiltzen dira sulfitoak kontserbatzaile gisa:
- Ziapea eta fruta eratorriak.
- Barazki kontserbak eta itsaskiak; izan ere, jarduera antioxidatzailea dutenez, eragotzi egiten dute entzimak direla-eta elikagai horiek iluntzea.
Sulfitoak elikagaietako etiketetan
Sulfitoei dagokienez, etiketan adierazi beharko dira baldin eta sulfitoen kontzentrazio-maila 10 mg/litro edo 10 mg/kilo baino handiagoa bada.
Hainbat modutara egin daiteke sulfitoen aipamena etiketan:
- Sufre dioxidoa (E220)
- Sodio sulfitoa (E221)
- Sodio sulfito azidoa (E222)
- Sodio metabisulfitoa (Sodio disulfitoa) (E223)
- Potasio metabisulfitoa (Potasio disulfitoa) (E224)
- Kaltzio sulfitoa (E226)
- Kaltzio sulfito azidoa (Kaltzio bisulfitoa) (E227)
- Potasio sulfito azidoa (Potasio bisulfitoa) (E228)
Horrela, etiketak informazioa eskainiko dio kontsumitzaileari, sulfitoak dituzten elikagaiak aukeratu edo baztertu ditzan.
Gehigarri batek E hizkia izateak bermatu egiten du gehigarri horri segurtasun kontrolak egin zaizkiola eta kontsumitu egin daitekeela Europako Batasunean.
Sentikortasuna sulfitoen aurrean
Sulfitoek arazoak sor ditzakete pertsona kalteberetan (asmatikoak), asma eragin baitezakete. Honako hauek dira asmaren ezaugarriak: arnasa hartzeko zailtasuna, arnasketa etena, txistu-hotsa (kongestionatuta dauden arnasbideetatik igarotzean aireak egiten duen soinua) eta eztula.
Gizakion organismoan elikagaien bidez kontsumitzen dugun sulfitoa entzima batek metabolizatzen du, hain zuzen ere, sulfitooxidasa izeneko entzimak. Jarduera entzimatiko normala duten pertsonen artean ez da arazorik sortzen; baina, sulfitoen aurrean kalteberak diren pertsonen artean, elikagaietan dagoen sulfito-maila nahikoa izan daiteke erreakzio kaltegarriak eragiteko. Hala ere, ez dago garbi zein den erreakzio hori eragiten duen mekanismo zehatza. Kasu horietarako neurri bakarra dago: ekidin egin behar dira sulfitoak dituzten elikagai eta edariak.
Sulfitoek ez dute ez eragin teratogenorik, ez kartzinogenorik. Beraz, elikagaietan dagoen sulfito-maila ez da kaltegarria izaten biztanle gehienentzat.
Elikagaietako gehigarriak erabiltzeko baimena
Gehigarri bat erabiltzeko baimena emateko, hiru baldintza bete behar dira:
- Egiaztatu egin behar da, batetik, teknologia aldetik beharrezkoa dela; eta, bestetik, gehigarri horren bidez lortu nahi den xedea ezin dela eskuratu ekonomia eta teknologia arloan erabil litezkeen beste metodo batzuen bidez.
- Proposatutako dosiek ez dute arriskurik eragingo kontsumitzaileen osasunean, eta hori, ahal den neurrian, eskura dauden zientzia-datuen arabera egiaztatu beharko da.
- Ez dute gaizkiulerturik eragingo kontsumitzaileen artean.
Non aurki dezaket informazio gehiago?
Gehigarrien gaineko oinarrizko informazioa -ACSA-
Gehigarren gaineko informazioa -AESAN-
Sortze data: 2012-07-27