A bisfenola, BPA izenez ere ezaguna, hainbat plastiko eta erretxina fabrikatzeko hamarkadetan erabili izan den substantzia kimikoa da.

Elikagaiekin eta edariekin kontaktuan egoteko zenbait ontzitan aurki zitekeen, baita laten eta beste ontzi batzuen barne-estalduretan ere.

BPA erosketa-txarteletako, garraio publikoko txarteletako eta abarretako paper termikoan tinta finkatzeko ere erabiltzen zen.

Konposatu horrek kezka eragiten du, konposatua duten materialetatik kantitate txikiak haiekin kontaktuan dauden elikagaietara edo edarietara igaro baitaitezke.

Nondik dator elikagaien bidez ahoratu dezakegun BPA?

BPA plastikotik harekin kontaktuan dagoen elikagaira igaro daiteke, «migrazio» izeneko prozesu fisiko baten bidez.

Horregatik, 2011ko ekainetik aurrera debekatu egin zen BPA erabiltzea haurtxoentzako plastikozko biberoiak fabrikatzeko, eta 2024aren amaieran, elikagaiekin kontaktuan egoteko materialak fabrikatzeko erabiltzea ere debekatu zen (salbuespen eta industriak egokitzeko epe jakin batzuekin).

Migrazioa BPAren eraginpean egoteko bideetako bat baino ez da; beste bide batzuk ere badaude, hala nola aireko hautsa.

Eta, orduan… oraindik badago BPArik erosketa-tiketetan?

2020an, paper termikoan BPA erabiltzea ere debekatu zen, pisuaren % 0,02ko edo hortik gorako kontzentrazioetan.

Elikagaien ondoren, paper termikoa zen BPAren eraginpean egoteko bigarren iturri garrantzitsuena.

 Gure osasunerako arriskutsua izan daiteke?

Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritzak (EFSA) 2023an egindako ebaluazioan, immunitate-sisteman izan zitzakeen ondorioak identifikatu ziren, eta Europako biztanleek elikagaien bidez jasaten zuten esposizioa segurutzat jotako maila baino handiagoa zela ondorioztatu zen.

Horregatik, EFSAk nabarmen murriztu zuen kontsumitzaileentzat onargarritzat jo daitekeen BPA kantitatea.

Beraz,…

EFSAren azken ebaluazio zientifiko horren ondorioz, Europako agintariek babes-neurriak indartu zituzten.

2024ko abenduan, Europako Batzordeak murrizketa berriak onartu zituen, eta BPA erabiltzea debekatu zuen elikagaiekin kontaktuan egoteko material eta objektu gehienetan. Batzordearen 2024ko abenduaren 19ko (EB) 2024/3190 Erregelamendua.

Neurri horien helburua da biztanleek BPArekiko duten esposizioa murriztea eta talde kalteberenen babesa areagotzea.

Erabaki hori Europako estrategiaren parte da, ebidentzia zientifiko berriak agertzen direnean eguneroko produktuetan kezka sor dezaketen substantzien presentzia murrizteko.

Ba al dago kezkatzeko arrazoirik?

Murrizketa berriak ezarri izanak erakusten du, hain zuzen ere, ebaluazio- eta kontrol-sistemek behar bezala funtzionatzen dutela. Zientziak ezagutza berriak eskaintzen dituenean, agintariek araudia berrikusten dute eta osasun publikoaren babesa hobetzeko neurriak hartzen dituzte.

Zer egin dezakegu kontsumitzaileok?

Kontsumitzaileok ere gomendio erraz batzuk jarrai ditzakegu esposizio hori ahalik eta gehien murrizteko:

  • Ontziak eta bilgarriak erabiltzean, BETI fabrikatzailearen jarraibideak betetzea.
  • Tenperatura altuak jasateko diseinatuta ez dauden plastikozko ontzietan elikagaiak ez berotzea.
  • Hondatuta edo oso higatuta dauden plastikozko ontziak aldian-aldian ordeztea.
  • Elikadura askotarikoa eta orekatua izatea.
  • Ahal denean, elikagaiak gordetzeko beste material batzuk aukeratzea, hala nola beira edo altzairu herdoilgaitza.

Intereseko informazioa

Sortze Data: 2020/07/13