“Elikagaiei alergia izatea” da elikagai baten edo osagai baten (alergenoa) aurrean pertsonen sistema immunologikoak izan dezakeen erantzun desegokia edo kontrako erreakzioa. Organismoak alergenotzat hartzen du edozein gorputz arrotz; eta, defentsa mekanismo gisa, antigorputza sorrarazten du. Antigorputz horrek alergenoarekin bat egitean sortzen dira erreakzio alergikoak. Elikagaiekiko alergia gehienak elikagaiak kontsumitzean sortzen dira; baina, baita elikagaia ukitzean edo elikagaia edo egoste lurrunak arnastean ere.

“Elikagaiei intolerantzia izatea” da metabolismoak berak, sistema immunologikoak parte hartu gabe, sortzen duen kontrako erreakzioa. Adibidez, laktosa ez toleratzea, hau da, esnearen azukrea behar den bezala ezin digeritzea.

Zenbat pertsonak dituzte elikagaiekiko alergiak eta intolerantziak?

Elikagaiekiko alergia osasun-arazo garrantzitsua da; izan ere, hirukoiztu egin dira elikagaiekiko alergien diagnostikoak bi hamarkada baino apur bat gutxiagoan, eta alergiak eta intolerantziak eragin ditzaketen 170 elikagai baino gehiago ezagutzen dira.

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzaren (EFSA) arabera, kalkulatzen da elikagaiekiko alergiek Europako biztanle helduen % 2ri eragiten dietela, eta haurren % 6-8ri.

Espainian, Alergologia eta Immunologia Klinikoaren Espainiako Elkartearen (SEAIC) arabera, elikagaiekiko alergiek biztanleria orokorraren % 1-3ri eragiten diete, eta ohikoagoa da 3 urtetik beherako haurren artean; azken horietan % 8ri ere eragin diezaiekete. Hala ere, egoera iragankorra da eta elikagai horiekiko tolerantzia areagotu egiten da adinean aurrera egin ahala. Elikagai horiek esnea, arrautza, soja eta zerealak dira, besteak beste.

Elikagaiekiko intolerantziei dagokienez, laktosarekiko intolerantziak biztanleriaren % 10 ingururi eragiten dio eta zerealen glutenarekiko intolerantziak, berriz, biztanleria orokorraren % 1i.

Zein dira eragin alergikoaren sintomak?

Alergenoen (elikagaiak) eta antigorputzen arteko borrokak aurrea egiten duen neurrian, sintomak azaldu egiten dira.

  • Sintoma arinak: normalean ahoaren inguruko erupzioa arinaz gain, aho alergiaren sindromea antzematen da (azkura ahoan eta eztarrian). Larruazaleko sintomak ere antzematen dira: urtikaria eta angiodema (azkura, negala, ekzema, eta ezpainak, betazalak eta eskuak handitzea.
  • Sintoma larriak: digestio-sintomak (goragalea, gorakoa, beherakoa, sabel-karranpak) eta larruazaleko sintomekin lotutako arnas-sintomak (doministikuak, konjuntibitisa izan dezakeen mukidun rinitis larria eta, inoiz gutxitan, asma).
  • Sintoma oso larriak eta ez oso ohikoak: anafilaxia erreakzio alergiko larri gisa; azkar ezartzen da eta hilgarria izan daiteke, eta bi organori edo sistemari edo gehiagori eragiten die. Azaleko sintomekin adierazi ohi da, hala nola urtikaria eta angioedemarekin, eta, halaber, beste sistema batzuei ere eragiten die, esate baterako arnas sistemari, digestio-sistemari edo sistema kardiobaskularrari. Shock anafilaktikoa: anafilaxiaren adierazpen oso larria, tentsio arteriala bat-batean jaistea eragiten duena.

Nola jakin dezaket alergiarik dudan?

  • Erreakzio alergikoak elikagaia kontsumitu eta minutu gutxiren edo ordubeteren buruan ager litezke. Antzematen diren sintomak eta horien larritasun maila kontsumitutako elikagai kopuruaren araberakoak izaten dira, eta egun edo aste batzuez iraun dezakete.
  • Sintoma arinak edo larriak dituztenek sendagile alergologoarenera joan beharko lukete, berak susmoa egiaztatuko bailuke historia klinikoaren, larruazalaren analisien eta odol analisi berezien bidez. Halatan, antigorputza neurtuko luke alergeno mota zehazteko (elikagaia edo osagaia).
  • Anafilaxia koadroa izan duten gaixoek larrialdi zerbitzura joan beharko lukete berehala.

Zein da tratamendua?

Alergia edo intolerantzia diagnostikatuko balitz, frogatuta dagoen eta eraginkorra den tratamendu bakarra alergenoa ez kontsumitzea, ez ukitzea eta ez arnastea da; hau da, inplikatutako elikagaia erabat baztertzea.

Alergien aurkako sendagairik edo txertorik ez dagoenez, baztertze-dietak gomendatzen dira.

Zer jarraibide bete behar ditut?

Kuzinatzeko aholkuak: Nola kuzinatu eta prestatu elikagaiak?

  • Alergenoa dietatik guztiz ezabatu, hala elikagaia bera nola elikagai hori osagai gisa izan dezaketen produktuak baztertu behar dira.
  • Lehengo eta behin alergia duenarentzako jakiak kuzinatu behar dira, beste elikagai batzuen bidezko kutsadurak eta kontaktuak ekiditeko
  • Eskuak ondo garbitu.
  • Higienizatu lan-azalera guztiak eta garbitu sukaldeko tresna guztiak erabili aurretik (hobeto alergikoarentzat bakarrik erabiltzen badira): labanak, oholak, irabiagailuak, sukaldeko trapuak, zartaginak, etab.
  • Ez berrerabili alergia edo intolerantzia sortzen duten elikagaiak edo osagaiak eduki ditzaketen elikagaiak frijitzeko erabili den olioa.
  • Elikagai berezi guztiak hozkailu eta armairuetan hermetikoki gorde behar dira eta etiketa ere jarri behar zaie, kutsadura gurutzatua ekiditeko.

Etxetik kanpo gogoratzeko aholkuak: nola lagun nazakete nire jatekoak hautatzen?

Europar Batasunean elikagaien alergia- eta intolerantzia-kasuen % 70 etxetik kanpo sortzen dira; beraz, honako hauek gomendagarriak dira:

  • Eraman mediku-ziurtagiria eta alergiari aurre egiteko beharrezko sendagaiak (bronkio-zabaltzaileak, antihistaminikoak.).
  • Eraman alergia/intolerantzia sortzen dizuten alergenoen eta alergeno horiek dituzten elikagaien zerrenda zurekin (baita ingelesez ere atzerrira bidaiatuz gero).
  • Aldez aurretik galdetu ea menu berezirik dagoen etxetik kanpo jatean (jatetxeak; hegazkineko, itsasontziko, treneko eta abarreko cateringetako jatekoak).
  • Ondo azaldu elikagaiak eta horiekin egindako produktuak zerbitzatzen eta kuzinatzen dituztenei zein alergia duzun, elikagai horiek menutik kanpo gera daitezen.
  • Saihestu osaera ezezaguneko elikagaiak kontsumitzea.
  • Eraman zurekin kontsumitzeko elikagai segururen bat.

Aholkuak ikastetxe eta instituturako: zer esan behar dut nire institutuan? Eta jantokian?

  • Eman mediku-ziurtagiria zuzendariei, irakasleei eta eskolako jantokira, eskolan/institutuan bazkalduz gero
  • Eraman alergiak/intolerantziak eragiten dituzten alergenoen zerrenda.
  • Saihestu osaera ezezaguneko elikagaiak kontsumitzea.
  • Ikastetxeak eskura izan behar ditu alergia-erreakzio bati aurka egiteko sendagaiak.
  • Ondo azaldu irakasleei eta zure kideei zein den zure alergia edo intolerantzia, saiheste aldera alergia edo intolerantzia eragiten duen edozein elikagai kontsumitzea ikastetxean/institutuan egiten diren ekitaldietan (urtebetetze-ospakizunak, Olentzero, inauteriak, ikastetxeko jaia edo ikasturte amaierako jaia, etab.).
  • Irakasleek alergiak edo intolerantziak dituzten ikasleen berri eman behar diete euren kideei, solidaritate-klima sortzeko eta alergiadunak/intolerantziadunak bere burua ezberdin gisa ikustea saihesteko. Jantokian ez dira bereizi behar.
  • Jantokiak jarduera-protokoloari jarraitu behar dio eskola-jantokietako menu bereziak egitean.
  • Jantokiko zaintzaile eta laguntzaileek informazio egokia izan eta sentsibilizatuta egon behar dute. Zehazki, zaindu egin beharko dute ikasleak osaera ezezaguneko elikagaiak kontsumitzea, hala nola, eskolako kideek konturatu gabe eskaintzen dizkietenean.

Nola jakin dezaket zer alerta dauden niri eragin ahal didaten elikagaiei buruz?

AESANeko “Alergenoen elikadura alertetan” ofizialki jakinarazi diren produktuen berri izateko, ELIKAtik bi bide proposatzen dizkizugu gure Twitterra edo Telegram… Hemen informazio gehiago aurki dezakezu.

Non aurki dezaket informazio gehiago?

Sortze data: 19-12-2012