Elikagai irradiatuak

Elikagaiak irradiatzea da elikagaiak, besteak beste, gamma izpiak, X izpiak edo elektroi-sortak bezalako iturrietatik datorren energiaren eraginpean jartzea. Prozesu horretan, elikagaia ez da berotzen, mikrouhinetan sartzen denean ez bezala. Irradiazioaren bidez, bestalde, elikagaiak ez dira erradiaktibo bihurtzen.

Zertarako erabiltzen da?

Mikroorganismo patogeno jakin batzuk desagerrarazteko: irradiazioak mikroorganismoen DNAri eraso egiten dio eta desagerrarazi egiten ditu.

Ernetzea galarazteko: patata, baratxuri eta tipuletan kimu berdeak agertzea ekiditen du.

Ontzea kontrolatzeko: zenbait fruta eta barazkik moteldu egiten dute ontze-prozesua, elikagai horien ezaugarri organoleptikoak galtzea ekidinez.

Deskonposizioa atzeratzeko: deskonposizio-prozesuak moteldu edo geldiarazi egiten ditu, elikagaiak usteltzea eragiten duten bestelako mikroorganismo ez patogenoak desagerrarazten dituelako.

Zein neurritan dute eragina produktuan?

Hainbat ikerketaren bidez erakutsi da elikagaiak irradiatzean ez dela nutriente kopuru handirik galtzen, nahiz eta zenbait bitaminaren kopuru txikia galdu. Hori, dena dela, elikagaiak prozesatzeko beste metodo batzuk (ontziratzea eta lehortzea) erabiltzean ere gertatzen da.

Zein produktu irradia daiteke?

Espainiako legeari jarraiki, elikagai-kategoria bakarrari ezar dakioke: “belar aromatiko lehorrak, espeziak eta ongailu begetalak” kategoriari.

Nolanahi ere den, EBko beste estatu kide batzuetan baimenduta dago beste elikagai batzuk irradiatzea. Hala nola:

  • Frutak eta barazkiak, sustraiko barazkiak barne.
  • Laboreak, labore-malutak, arroz-irina.
  • Espeziak, ongailuak.
  • Arrainak, mariskoak.
  • Haragi freskoak, eskortako hegaztiak, igel-hankak.
  • Esne gordinarekin egindako Camembert gazta.
  • Arabiako goma, kaseina/kaseinatoak, arrautza-zuringoa.
  • Odolarekin eginiko produktuak.

Zerrenda zehatza

Nola jakin dezaket elikagai edo osagai bat irradiatu den?

Nazioartean onetsitako sinbolo bat erabiltzen da irradiazio-prozesuak (Radura) jasan dituzten elikagaietako etiketetan. Alabaina, sinbolo hori ez da agertzen Europako etiketetan.

Europan, etiketan adierazi behar da produktuak edo osagaiak irradiatu egin direla. Espainian, zehazki, “Irradiatua” edo “Irradiazio ionizatzaileekin tratatua” azaldu behar da.

Noiz baimentzen da irradiazioa?

Europar Batasuneko legeriarekin bat, elikagaien irradiazioa honako kasu hauetan bakarrik baimen daiteke:

  • Justifikatuta dagoenean eta teknologiaren ikuspegitik beharrezkoa denean.
  • Osasunerako arriskurik sortzen ez duenean eta proposatutako baldintzei jarraiki egiten denean.
  • Kontsumitzaileentzat onuragarria denean.
  • Higiene -eta osasun-neurriak edo ekoizpen- zein nekazaritza-prozedura zuzenak ordezkatzen ez dituenean.

Elikagaien irradiazioa honako helburu hauek lortzeko bakarrik erabil daiteke:

  • Elikagaiek sortutako gaixotasunen arriskuak murriztea, organismo patogenoak deuseztatuta.
  • Elikagaien hondatze-prozesua murriztea, deskonposizio-prozesua mantsotuta edo geldiarazita eta prozesu hori eragiten duten organismoak deuseztatuta.
  • Galtzen den elikagai-kopurua murriztea, galera hori ontze-prozesu goiztiarrek, ernetze-prozesuek edo kimuen agerrerak eragin badute.
  • Elikagaietan landare eta landare-produktuetarako organismo kaltegarriak desagerraraztea.

Elikagaiak instalazio baimenduetan bakarrik tratatu ahal izango dira: Elikagaiak irradiatzeko EBn baimena duten instalazioen zerrenda. Bestalde, hirugarren herrialde batetik ezin da irradiazio ionizatzailearekin tratatutako produkturik ekarri, baldin eta Europar Batasunak baimendutako irradiazio-instalazio batean tratatu ez bada. Instalazioa ez bada Europako estatu batekoa, baimena FVOk eman behar du.

Estatu kideek bermatu behar dute irradiatutako edozein elikagai behar bezala identifikatuta (etiketatzea) dagoela eta instalazio baimendu batean legeak jasotako zehaztapenei jarraiki tratatu dela.

Bibliografía

Sortze data: 2012-11-28

Eguneratze data: 2019-07-09