Sukaldean garbiketa-lanak egiteko erabiltzen ditugun belaki eta espartzuek kontrako eragina izan dezakete behar bezala erabiltzen ez baditugu.

Hezetasun baldintzek eta tresna horien zirrikituetan biltzen diren janari-hondakinek oso ingurune egokia osatzen dute mikroorganismoak (bakterioak eta onddoak) hazteko. Horietako batzuk, gainera, kaltegarriak izaten dira osasunerako. Nolanahi ere, jarraibide erraz batzuk aintzat hartuta, arriskuak ekidin daitezke.

Kutsatutako belakiak erabiltzearekin lotutako arriskuak

Giza osasunerako arriskua eragiten duten eta belakietan ugaldu daitezkeen mikroorganismo nagusiak, besteak beste, Salmonella, Campylobacter edo Escherichia coli bakterioak dira.

  • Salmonella pertsonen eta animalia osasuntsuen hesteetan egoten diren bakterioen talde batekoa da. Elikagai freskoetara iristen denean, oso azkar ugaltzen da; eta pertsona batek kutsatutako elikagai hori kontsumitzen duenean, bakterioen kopuru handiak salmonellosia, alegia bakterio horrek eragiten duen infekzio gastrointestinala, eragin dezake.
  • Campylobacter bakterioa hegazti osasuntsuen hesteetan bizi diren bakterioen multzo batekoa da, eta gizakiari transmititzen zaio, batik bat, haragi gordina edo gutxi prestatutakoa kontsumitu eta gero. Horrek campylobacteriosia eragiten du. Campylobacteriosia gastroenteritis akutuarekin eta sabeleko minarekin lotuta dago.
  • Escherichia coli, berriz, gizakien eta animalien hesteetan egiten diren bakterioen multzokoa da, eta, oro har, ez dira kaltegarriak izaten. Nolanahi ere, toxinak ekoizten dituzten E. coli anduia batzuek (motak) sintoma gastrointestinal larriak eragiten dituzte gizakien artean. E.coli gehienak ez dira kaltegarriak, baina Shiga toxina ekoizten duten anduiek edo berotoxigenikoek sintoma gastrointestinal larriak eragin ditzakete.

Sukaldeko tresnak garbitu ondoren, janari hondakinak gera daitezke belakien zirrikituetan, eta horrela ugaltzen dira bakterioak. Belakiak erabili ondoren, urez eta xaboiz garbitzen dira, baina hori ez da nahikoa material organiko guztia kentzeko. Gainera, erabilera batetik bestera heze egoten direnez eta sukaldeetan tenperatura altua izaten denez, belakiak oso ingurune egokiak izaten dira bakterioak ugaltzeko.

Belakiak egoera onean edukitzeko jarraibideak

Sukaldeko belakiak txukun izateari dagokionez, komenigarria da honako jarraibide hauek aintzat hartzea, arazoak ekiditeko:

  1. Garbitu belakiak detergentez, xaboia zein ura kendu ostean.
  2. Eduki belaki bat baino gehiago; horrela, beti izango dugu bat lehorra eta erabiltzeko prest, bestea garbitzen dugun bitartean.
  3. Sartu belakia mikrouhin-labean 2-3 minutuz, beroak desinfektatu egingo baitu. Ziurtatu belakiak ez duela metalezko elementurik; izan ere, metalak sua har dezake mikrouhin-labean.
  4. Itxaron bi minutu belakia mikrouhin-labetik atera baino lehen, ez erretzeko.
  5. Belakia desinfektatzeko beste modu bat honako hau da: garbitu urez eta lixibaz edo urez eta limoiz. Nolanahi ere, sistema hauek ez dira mikrouhin-labea bezain eraginkorrak.

Sukaldeko trapuen erabilera egokiari buruzko aholkuak

Sukaldean aintzat hartzeko beste jarraibide egoki batzuk

  • Garbitu eskuak ur beroa eta xaboia erabiliz, elikagaiak (batez ere haragi eta arrain gordinak) erabili aurretik eta ondoren.
  • Eduki garbi eta egoera onean sukaldeko azalerak, mozteko taulak eta elikagaiekin kontaktuan egoten diren gainerako lanabesak.
  • Bereizi elikagai gordinak eta kuzinatutakoak, eta ez erabili tresna berberak elikagai gordinak eta kuzinatutakoak mozteko edo manipulatzeko.
  • Gorde elikagaiak ontzi ezberdinetan, gordinen eta kuzinatutakoen artean kontaktua ekiditeko.
  • Elikagaiak erabat kuzinatu edo prestatu, eta saiatu elikagaiak barrutik gordinik gera ez daitezen, bereziki, haragia, oilaskoa, arrautzak eta arraina.
  • Gorde elikagaiak tenperatura seguruan: ez utzi kuzinatutako elikagaiak giro-tenperaturan. Gorde hozkailuan ahalik eta lasterren kuzinatutako elikagaiak eta elikagai galkorrak.
  • Ez desizoztu giro-tenperaturan, hozkailuaren azpiko aldean baizik.
  • Erabili ur edangarria, fruta eta barazkiak garbitzeko. Ez kontsumitu janaririk iraungitze-data igaro ostean, ez eta prozesatu gabeko esnerik ere, hobe da esne pasteurizatua edo esterilizatua hartzea.

Sortze data: 2012-11-06