Giza kontsumorako elikagaien herena, gutxi gorabehera, alferrik galtzen da; ondorioz, urtean 1,3 milioi tona hondakin sortzen da mundu mailan. Europako Batzordeak argitaratutako txostena baten arabera, herritar bakoitzak egoera onean dauden 179 kg elikagai botatzen ditu zaborretara.

Zer dela-eta galtzen dugu alferrik hainbeste elikagai?

Elikagaiak elikakate osoan galtzen dira alferrik, ekoizpenean zein banaketan eta salmentan. Baina, ziurtatu da elikagaien % 40 baino gehiago etxeetan botatzen dela zaborretara. Eta, hori, batez ere, erosketak egitean planifikazio ezaren, etiketetan agertzen diren datuak (iraungitze-data eta biltegiratzeko aholkuak) gaizki interpretatzearen, hondakinak botatzearen eta abarren ondorioz gertatzen da.

Zein ondorio du hainbeste janari botatzeak?

Elikagaiak ekoizteko energia eta gero eta murritzagoak diren baliabide (besteak beste, ura eta lurraren erabilera) ugari kontsumitzen ditugu. Gainera, elikagaiak ekoizteak negutegi efektuko gasen zuzeneko isurketen % 17 eragiten ditu, bai eta ingurumenaren gaineko eraginen % 20-30 ere. Hortaz, argi dago elikagaiak botatzeak hondatze ekonomikoa eragiteaz gain, ingurumenean eragina duela eta baliabideak urriarazten dituela.

Zer egin dezakegu kontsumitzaileok?

Etxeetan alferrik galtzen diren elikagaiak % 60 murriztu ahal ditugu, eta ondorioz, dirua aurreztu eta ingurumena babes dezakegu honako aholku hauei jarraiki:

  • Asteko menuaren plangintza egin, ziurtatu zein osagai dugun eta soil-soilik behar ditugun osagaien zerrenda egin.
  • Erostean, zerrendakoa baino ez erosi, ez utzi eskaintzek erakartzen eta frutak zein barazkiak aleka erosi, beharrezkoa dugun kopurua baino ez erosteko.
  • Egiaztatu iraungitze-data eta lehentasunezko iraupen-data. Berehala kontsumitu behar ez bada, hartu beranduen iraungitzen den produktua.
  • Biltegiratu produktuak modu egokian, ontzietako argibideen arabera, edo hozkailuan, baldin eta 1 eta 5ªC artean kontserbatu behar bada. Erosi berri ditugun produktuak jarri lehenagotik erosita ditugunen atzean, azken horiek lehenago kontsumitu ahal izateko.
  • Zerbitzatu anoa txikiak. Hobe da janaria bi aldiz hartzea, platerean uztea baino.
  • Baliatu janari-hondakinak: gorde afaltzeko edo hurrengo egunean kontsumitzeko, edo izoztu hurrengo baterako. Erabili helduegi dagoen fruta irabiakiak edo tartak egiteko, eta barazkiak zopak edo pureak egiteko.
  • Hondakinekin ongarria egin lorategirako edo landareentzat. Fruten eta barazkien azalekin egin konposta, ongarri ezin hobea baita.

Zein da iraungitze-dataren eta lehentasunezko iraupen-dataren arteko aldea?

Etxeetan zaborretara botatzen diren elikagaien % 20 bi kontzeptu horiek nahastearen ondorioz botatzen ditugu. Beraz, ezinbestekoa da bi kontzeptuok argitzea:

Elikagai baten iraungitze-datak elikagai hori kontsumitzeko azken eguna adierazten du; izan ere, osasun-ikuspegiaren arabera, egun horretatik aurrera elikagai hori ez da segurua. Oso galkorrak diren produktuetan erabiltzen da; besteak beste, esneki, haragi edo errainetan. Datan eguna, hilabetea eta urtea zehazten dira, eta elikagaia datan zehaztutako egunean ere kontsumi daiteke.

Lehentasunezko iraupen-datak honako hau adierazten du: produktuak zein egunera arte mantentzen dituen bere horretan berezko dituen baldintzak (zaporea, aroma, kolorea eta egitura). Data horretatik aurrera, elikagaia kontsumi daiteke, ez baitu arriskurik eragiten osasunean. Nolanahi ere, ez da bermatzen elikagaiaren propietateak bere horretan mantenduko direnik, alegia, elikagaiaren zenbait ezaugarri sentsorialek aldaketak izan ditzakete. Ur gutxiko edo deshidratatutako eta esterilizatutako elikagaietan (lekaleak, laboreak, olioak, latak eta abar) erabiltzen da.

Bi kasuotan, etiketan elikagaia kontserbatzeko baldintzak jarri beharko dira, adierazitako iraupena ziurtatu ahal izateko. Baldintza horiek bete ezean, produktuaren bizitza nabarmen murrizten da. Halaber, garrantzitsua da adieraztea ontzia ireki ostean, murriztu egiten dela iraungitze-data edo lehentasunezko iraupen-data.

Beraz, nahiz eta lehentasunezko kontsumo-data igaro, ez da beharrezkoa elikagaia zaborretara botatzea, ez baita arriskutsua osasunerako.

Non aurki dezaket informazio gehiago?

Sortze data: 2012-07-18