Noizean behin, entzuten dugu dieta berri bati esker pisua gal dezakegula ia ahaleginik egin gabe: “mirari-dietak” esaten zaie. Dieta horiek oso zorrotz mugatzen dituzte kaloriak eta horrek, oro har, bitamina- eta mineral-gabezia eragin ohi du. Are gehiago, metabolismoan ere aldaketak eragin ditzakete; hortaz, dieta horiek ezin dira denbora luzean mantendu eta osasunerako arriskutsuak ere izan daitezke.

Artikulu honetan “mirari-dieta” ezagunenak aztertuko ditugu, eta, horrekin batera, behar bezalako elikadura izateko gakoak ere emango dira.

Jakin behar dena

Elikagaiak hartzea ezinbestekoa da bizitzeko; izan ere, organismoak bere funtzioak bete ahal izateko beharrezko nutrienteak eta energia ematen dituzte. Alabaina, elikagaiak era egokian hartu behar dira; hau da, elikagaiak hartzea ez da nahiko: osasun ona izateko, beharrezkoa da behar bezala elikatzea, alegia, elikadura osasungarria izatea.

Elikadura osasungarria eta nutrizioa

“Elikatzea” hitzak esan nahi du elikagaiak borondatez hartzea eta, oro har, gosea asetzeko egiten da. Alabaina, nutrizioa borondatez kanpoko prozesua da, eta horren bidez, organismoak hasiera bateko elikagai eraldatuak (produktu kimiko bihurtu direnak), nutrienteak baliatzen ditu. Nutrizioa, hortaz, elikatzearen ondorio da.

Elikadura osasungarria dela esaten da osasunerako onuragarria denean; zehazki, honako egoera honetan:

  • Nahiko denean organismoaren eskakizunak betetzeko eta oreka mantentzeko.
  • Bere osaeran osoa eta anitza denean, adinaren eta bizi-baldintzen arabera egokitutako nutriente-kopuru eta proportzioetan.
  • Norbanakoaren beharrizanetara eta energia-gastura egokitutakoa.

Nutrienteak

Nutrienteak elikagaietan dauden substantziak dira, organismoak ezin ditu sortu eta euren helburua da energia, aminoazidoak edo metabolismoa erregulatzen duten elementuak sortzea.

Nutrienteak honela sailka daitezke:

  • Energia-nutrienteak edo makronutrienteak: proteinak, karbohidratoak eta lipidoak.
  • Nutriente ez-energetikoak edo mikronutrienteak: bitamina eta mineralak.

Elikagaiak

Elikagaiak sei taldetan sailka daitezke, duten nutriente nagusiaren arabera:

  • Esnekiak eta eratorriak: esnekiak kaltzio-iturri bikaina dira. Halaber,kalitate handiko proteinak, laktosa eta bitaminak (A, D, B2 eta B12) ere sortzen dituzte.
  • Elikagai proteikoak: haragi, arrain, arrautza eta esnekiak dira.
  • Elikagai hidrokarbonatoak: egoskariak, laboreak eta tuberkuluak.
  • Barazki eta ortuariak: ura da euren osagai nagusia (% 80 edo % 90), eta ur horretan disolbatuta daude gatz mineralak eta bitaminak. Halaber, zuntz dietetiko disolbagarri eta disolbagaitz asko dute.
  • Frutak: mineral eta bitaminak ematen dituzte (A eta C bitaminak bereziki), baita zuntza ere.
  • Gantzak, olioa eta gurina.

“Mirakulu-dietak”: ondorioak eta arriskuak

Lehenengo asteetan muskulu-masa galtzen da; izan ere, muskuluek ur asko dute eta likidoak galtzen dira. Horren ondorioz, hasiera batean pisu-galera ikusgarria gertatzen da, eta era okerrean interpretatzen da, emaitza dietaren arrakastari egozten baitzaio.

Beste alde batetik, “mirakulu-dietek” duten kaloria-kopuru (energia) txikiaren ondorioz, gorputzak proteinak deuseztatzen ditu energia lortzeko, eta horrek muskulu-masa galtzea eta gorputz zetonikoak agertzea dakar. Azken horiek etengabe askatzen direnean, arriskutsuak izan daitezke.

“Mirakulu-dietek” duten beste arrisku bat da galdutako pisua oso arin berreskuratzen dela (errebote-efektua) behin dieta utzita. Halaber, osasunerako arriskuak gora egiten du, gantz-ehunak gehitu egiten baitira. Errebote-efektu hori sortzen da organismoak pisu-galerari aurre egiten diolako. Horretarako, eraginkortasun metabolikoa areagotu egiten da, energia aurrezten da eta jateko gogoa handitzen da; hortaz, errazagoa da pisua berreskuratzea eta, gainera, gantz-ehunaren bidez egin ohi da.

Honako hauek dira dieta-mota horiekin lotutako arrisku nagusiak:

  • Pertsonen arrisku metabolikoa larriagotu egiten da.
  • Desnutrizioa gertatzen da, proteinak galtzen direlako. Halaber, bitamina eta mineralen defizita dago.
  • Elikaduraren inguruko jokabide nahasketak (anorexia eta bulimia).
  • Errebote-efektua.

“Mirakulu dietak”

Nola ezagutu

Honako hauen bidez ezagut daitezke “mirakulu-dietak”:

  • Hitzematea pisua arin galduko duzula: 5 kilogramo baino gehiago hilabetean.
  • Ziurtatzea ahaleginik egin gabe egin daitezkeela.
  • Guztiz seguruak direla adieraztea, osasunerako arriskurik ez dagoela azaltzea.

“Mirakulu-dietak”: motak

Oro har, “mirakulu-dietak” hiru talde handitan sailka daitezke:

  • Orekarik gabeko dieta hipokalorikoak: Mayo klinikaren dieta, har ezazu erdia dieta, Gourmet dieta eta Zero dieta. dira era horretakoak. Dieta horiek errebote-efektua eragiten dute; hots, gantz-materia handitu egiten da eta muskulu-masa galdu egiten da. Dieta horiek monotonoak izan daitezke eta gabeziak izan ditzakete nutrienteei dagokienez, batik bat denbora-aldi luzetan egiten badira.
  • Disoziazio-dietak: Hay dieta edo Disoziazio dieta, Sheltonen dieta, Hollywood dieta, Montignac dieta, Antidieta, etab. Oinarrian ideia bat dute: elikagaiek, berez, ez dakarte pisua handitzea. Pisuak gora egiten du zenbait elikagai konbinatzen direnean. Ez dute energia-elikagaien gaineko mugarik ezartzen. Helburua da ekiditea energia-substratu gisa baliatzea, disoziazioaren bidez.
  • Dieta baztertzaileak: dietatik nutrienteren bat baztertzen dutenak dira. Hainbat motatakoak izan daitezke:
    • Aberatsak karbohidratoetan eta lipido eta proteinarik gabeak, hala nola, Prittikin eta Haas doktoreenak.
    •  Proteina askokoak eta karbohidratorik gabeak: Scardalerena, Astronautena eta Proteina likidoen dieta. Giltzurrunen gainkarga handia eragiten dute.
    • Gantz askokoak: Atkinsena, Lutzena. Dieta zetogenikoak dira. Osasunerako oso arriskutsuak izan daitezke, eta metabolismoan aldaketa larriak eragiten dituzte (azidosia, zetosia, odoleko kolesterola handitzea, etab.).

Ondoren, AECOSANek (Kontsumoaren, Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentzia) jasotako “mirakulu-dieta” ezagunenen ezaugarriak adierazten dira:

  • Alcat testa
  • Montignac testa
  • Hayren disoziazio-dieta
  • Odol-taldearen dieta
  • Zoparen dieta
  • Ilargiaren dieta
  • Mayo klinikaren dieta
  • Atkins dieta
  • Pomeloaren dieta
  • Jogurtaren dieta
  • Sagarraren dieta
  • Alkatxofaren dieta
  • Dukan dieta edo metodoa

Aukera onena

Ohitura osasungarriak

Elikagai eta bizi-ohitura osasungarriak mantendu behar dira bizitza osoan zehar: denboraldi batean elikagaiak mugatzeak ez du ezertarako balio.

Honako hauek dira ohitura osasungarriak:

  • Elikagai-mota ugari jatea.
  • Elikaduraren oinarria laboreak (ogia, pasta, arroza…), patatak eta egoskariak izatea: egunean irensten diren elikagaien heren bat izan behar dute.
  • Egunero gosaltzea esnekiak, ogia, laboreak eta frutak.
  • Animalia-jatorriko gantzen kontsumoa murriztea.
  • Animalia- eta landare-jatorriko proteinak irenstea. Kaloria guztien % 10 eta % 15 artean izan behar dute.
  • Egunean, gutxienez, fruta, barazki eta ortuarien bost anoa hartzea.
  • Azukre-kopuru handiko elikagaien kontsumoa mugatzea.
  • Janariei gatz gutxiago botatzea.
  • Egunean 1 edo 2 litro ur edatea.
  • Egunero kirola neurrian egitea, gutxienez, ordu erdiz.

Ondorioak

  • Pisua galtzeko tratamenduak pertsonalizatua izan behar du, eta medikuaren kontrolpean egin behar da.
  • Bizitza osoan zehar mantendu ahal den elikadura-ohitura orekatua gorde behar da, beste betekizun bat ere ahaztu gabe: jarduera fisikoa.
  • Ezinezkoa da elikagai-kopurua murrizte hutsarekin argaltzea. Adituek behin eta berriz esaten dute ariketa fisikoren bat egin behar dela modu erregularrean: oinez ibiltzea edo eskailerak igotzea aukera onak dira. Horrek kaloriak erretzea errazten du; hortaz, pilatutako gantza ere murriztu egiten da.

Informazioa AECOSAN-en (Kontsumoaren, Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentzia) web orrialdetik aterata dago.

Sortze data: 2012-06-12

Eguneratze data: 2019-07-13