Etxean elikagaien kontserbak egitea oso erraza da. Horretarako, higiene-, manipulazio-, kuzinatze- eta kontserbatze-jardunbide egokiak
gauzatu behar dira, horien segurtasuna bermatzeko eta giza osasunerako arriskuak ekiditeko (besteak beste, botulismo izeneko intoxiazioa). 

Nola egiten dira etxeko kontserbak modu egokian?

    1.  Lehenik eta behin, edozein elikagai manipulatu aurretik:

  • Eskuak garbitu.
  • Tresnak, oholak eta azalerak desinfektatu.
  • Elikagai gordinen eta kuzinatuen arteko kutsadura
    gurutzatua saihestu.
  • Hotz-katea mantendu, elikagai gordinak garraiatzen diren
    bitartean.
  • Ez desizoztu elikagaiak giroko tenperaturan, ezpada
    hozkailuan.
  • Ongi garbitu kontserbarako diren fruta eta barazki guztiak,
    kanilako ur edangarria erabiliz.

 
    2.  Bigarrenik, material egokia izan behar dugu:
 

  • Kristalezko poto bakoitzak bere estalkia izango du.
  • Baztertu estalkian lizuna duten edo estalkiak hanpatuta
    dituzten potoak.
  • Garbitu potoak ur beroa eta xaboia erabiliz, eskuz zein
    ontzi-garbigailuan.


    3.  Ondoren, elikagaiak kuzinatu eta ontziratu behar dira, honako jardunbide hauek aintzat hartuta:

  • Tenperatura egokian kuzinatzea, ziurtatze aldera fruta eta/edo barazkiak ez daudela gordinik, hartzitzea saihesteko. Izan ere, hori gertatzen denean, errazago kutsatzen da toxina botulinikoekin.
  • Barazki, haragi eta arrainei dagokienez, % 4-5 gatz-kontzentrazio gehitu, toxinak ekoiztea oztopatzen baitu.
  • Ez bete potoa goraino: utzi 1-2 zentimetro goialdean.
  •  Itxi hermetikoki, neurria gainditu gabe. Hori gertatuz gero, baztertu potoa eta estalkia.
  • Kontserbak esterilizatu. 2 orduz eduki Maria bainuan edo 20
    eta 60 minutuz bitartean presio-eltzean.
  • Hozten utzi eta egiaztatu kontserbak ez daudela kolpatuta, irekita edo puztuta. Izan ere, horiek adierazten dute airea sartu
    zaiela; beraz, aukera gehiago daude lizunekin edo toxinekin kutsatzeko.

    4.  Azkenik, behar bezala biltegiratu behar da:

  • Kontserbak leku fresko, ilun eta lehorrean kontserbatu behar dira (jakitoki baten pareko lekuan).
  • Etiketatu kontserbak, eta etiketan adierazi zein produktu duten eta noiz ekoitzi dire

Etxeko kontserbak kontsumitzeko aholkuak

  • Ez kontsumitu puztuta, kolpatuta edo gaizki itxita dagoen elikagai-kontserbarik.
  • Baztertu barnealdean burbuilak eta kolore-aldaketak dituzten kontserbak, edo irekitzean usain txarra dutenak.
  • Ekoitzitako kontserbak urtean bertan kontsumitu.
  • Behin irekita, kontserbak hozkailuan gorde eta gehienez ere 2 asteko epean kontsumitu.

Zein arrisku ekar dezakete kontserbek ez badira ondo egiten?

Intoxikazio botulinikoa / Botulismoa

Botulismoa sortzen da Clostridium botulinum bakterioaren esporek ekoitzitako toxinekin kutsatutako elikagaiak kontsumitzen direnean. Ez da ohikoa Europan, baina agerraldien % 40 etxean gertatzen da, elikagaiak gaizki kuzinatzearen eta gaizki kontserbatzearen ondorioz.

Sintomak

Toxina botulinikoaren dosi txikiak oso toxikoak dira gizakientzat; izan ere, nerbio-sistemari eragiten diote. Hori dela eta, beharrezkoa da medikuak albait arinen artatzea.

Sintomak elikagaian dagoen toxina irentsi eta 12 eta 36 ordu bitartean agertzen dira

  • Gorabeherak nerbioetan: ikusmen lausoa, zefalea, bertigoa, betazal pisutsuak, zailtasuna hitz egiteko eta irensteko, ahulezia giharretan.
  • Arnasa hartzeko ezintasuna.
  • Digestio-sintomak: goragaleak, sabelaldeko minak.

Toxinen biziraute-baldintzak

Honako hauek dira elikagaietan toxina horiek sortzea errazten duten baldintzak:

  • proteina-kopuru handia. 
  • gatz-kontzentrazio txikia.
  • pH azido edo alkalino xamarra (4,6tik gorakoa)
  • oxigeno eza. Ugaldu egiten da hutsean edo atmosfera
    eraldatuan ontziratutako elikagaietan (kontserbetan, esate baterako).
  • 3º C eta 45-50º C bitarteko tenperaturak.

Toxinen indargabetzea

Nolanahi ere den, toxina botulinikoak minberak dira beroaren aurrean, eta indargabetu egiten dira elikagaiak 10 minutuz 80º C-tan berotzen badira.

Horregatik, nahitaezkoa da elikagaiak ontziratu aurretik ondo kuzinatzea eta, behin prestaturik, potoen egoste-denbora eta tenperaturak modu egokian errespetatzea. Horrela, Clostridium botulinium toxina-ekoizleen esporak desagertzen direla ziurtatzen da, elikagai gordinean halakorik balego.

Informazio interesgarri gehiago

Sortze data: 2013-04-09

Eguneratze data: 2019-06-21