Zer da listeriosia?

Listeriosia elikagaien bidez transmititutako gaixotasuna da, Listeria monocytogenes bakterioak sortzen duena. Bakterio hori ingurumenean zabalduta dago, eta hainbat azaleratan, lurzoruan, uretan, etab. aurki daiteke. Halaber, elikagai gordinetan aurki daiteke, baita prozesatutako eta pasteurizatu gabeko esnearekin egindako elikagaietan ere. Listeria beste germen asko ez bezalakoa da, hozkailu baten tenperatura hotzetan ere haz daitekeelako.

Zein dira gaixotasunaren sintomak eta nork jasan dezake?

Oro har, bakterio honek gastroenteritisa eragiten du sukar, buruko min, urdaileko arazo eta gorako eta guzti; baina, ez du bestelako eraginik osasuntsu dauden helduen artean.

Edonor gaixotu daiteke, baina aukera gehien honako hauek dituzte: emakume haurdunek, fetuek, pertsona helduek eta sistema immunologiko ahuldua duten pertsonek.

Zein da listeriosiaren arriskua haurdunaldian?

Listeriosia hartzeko arriskua handiagoa da emakume haurdunentzat gainerako pertsona heldu osasuntsuentzat baino. Haurdunaldian zehar zenbait hormona-aldaketa gertatzen dira, eta, horien ondorioz, amek listeriosia izateko aukera gehiago dute. Listeriosia plazentaren bidez transmiti dakioke fetuari, nahiz eta amak gaixotasunaren sintomarik azaldu ez. Gaixotasunaren ondorioz erditze goiztiarrak eta abortuak sor daitezke, baita umeetan malformazioak (neurologikoak batez ere) ere.

Zein elikagaitan atzeman daiteke listeria?

Bakterio hori landare- zein animalia-elikagaietan azal daiteke; batik bat, gutxi ondutako gaztetan (esne gordinez edo pasteurizatuz egindakoak), barazki gordinetan, hegazti-haragian eta arrain fresko eta ketuetan.

Nola ekidin daiteke listeriosiaren arriskua?

Gaixotasun honen aurrean zaurgarrienek (haurdun dauden emakumeak, helduak, eta sistema immunologikoa ahulduta duten pertsonak) honako gomendio hauei jarraitu behar diete:

  • Ez jan gazta suaberik (feta, Camembert edo brie), ez eta gazta urdinik (Roquefort) ere. Gazta gogorrak, prozesatuak, krema-gaztak, gaztanbera eta jogurtak, ordea, kontsumi daitezke.
  • Kuzinatu erabat animalia-jatorriko produktuak. Ekidin zenbait haragi-produktu (hestebeteak, sakoteak, etab.) edo arrain ketuak, baldin eta behar bezala ez badira kuzinatu.
  • Ez edan pasteurizatu gabeko esnerik eta ez kontsumitu esne mota hori duen produkturik.
  • Ongi garbitu gordinik kontsumituko diren elikagaiak, besteak beste, frutak eta barazkiak.
  • Bereizi gordinik kontsumituko diren elikagaiak, haragi, arrain eta hegazti gordinetatik.
  • Garbitu eskuak eta elikagaiak prestatzen dituzun gainazala ur beroa eta xaboia erabiliz. Bai eta labanak eta mozteko oholak ere. Hori, elikagaiak prestatzean eta haragi gordinen zukuak ukitu ondoren egin behar da.
  • Garbitu eskuak gutxienez 20 segundoz, elikagaiak maneiatu aurretik, elikagaiak prestatzen dituzun bitartean eta bazkaldu aurretik.

ELIKA. WIKI

ELIKA. Fitxa Listeria

ELIKA. Infograma Listeria

 

Sortze data: 2012-08-02

Eguneratze data: 2019-07-11