Itsaskiak eragindako intoxikazioaren sintomak askotarikoak izan daitezke, baina, orokorrean, honako hauek izaten dira: goragalea, gorakoak, abdomeneko mina eta sukarra. Kasu larrienetan deshidratazioa eta konplikazio larriagoak ager daitezke, eta kasu horretan berehalako arreta medikoa behar izaten da.

Aipatutako sintomak kutsatutako itsaskia jan eta gutxira edo 48 ordu igaro arte ager daitezke. Sintomak honako hauek dira:

  1. Inurridura-sentsazioa ahoaren inguruan
  2. Azkura eta gorritasuna
  3. Gorakoa
  4. Abdomeneko mina
  5. Giharretako eta buruko mina
  6. Beherakoa
  7. Giharren ahulezia
  8. Sukarra
  9. Besoetako eta hanketako giharrak mugitzeko ezintasuna
  10. Arnas zailtasuna

Itsaskiak eragindako intoxikazioak prebenitzeko, aukera egokiena itsaskia kozinatzea da. Beroak ez ditu intoxikazioetako kausa guztiak neutralizatzen, baina, oro har, kontsumo segurua bermatzeko metodo egokiena da

Intoxikazioak ekiditeko 5 aholku

Udan eta gabonetan askotan jaten dugun itsasoko produktu honekin sor daitezkeen arazoak ekiditeko hainbat aholku emango ditugu:

Itsaski freskoa eta kalitatezkoa erosi

ostras

Itsaskia higiene-estandar guztiak betetzen dituzten konfiantzazko establezimenduetan eros ezazu. Manipulazio egokia oinarrizkoa da; izan ere, askotan kontaminazioa itsaskia manipulatzean sortzen da. Egiaztatu itsaskia fresko dagoela, ez duela usain arrarorik eta itxura osasungarria duela.

Ondo biltegiratu

Itsaski freskoa erosten baduzu, garrantzitsua da berehala hozkailuan sartzea, tenperatura seguruan mantentzeko. Ez ezazu giro-tenperaturan denbora luzez utzi; izan ere, horrek bakterioak haztea eragiten du. Zalantzarik izatekotan, zuren konfiantzazko arrain-saltzaileak itsaskia nola kontserbatu azalduko dizu.

Pertsona zaurgarria* bazara

…ez jan prestatu gabeko edo gaizki prestatutako itsaskirik: itsaski gordinak (adibidez, kozinatu gabeko ostrak edo muskuiluak) hainbat patogeno transmiti ditzake. Arriskua murrizteko, itsaskia kozinatu dezakezu. Horretarako, piezaren barruan tenperatura egokia dela egiazta ezazu.

Eskuak eta tresnak garbi itzazu

Itsaskia manipulatu aurretik eta ondoren, eskuak ur epelarekin eta xaboiarekin xeheki garbi itzazu. Halaber, kutsadura gurutzatua saihesteko, tresnak, oholak eta gainazalak ondo garbitu eta desinfektatu beharko dituzu.

Ez erosi itsaskirik nondik datorren ez badakizu

Mejillones

Itsaski merkaturatzaileek itsaskia bildu ezin den edo saldu aurretik depurazioa behar duten eremuak zein diren badakite. Gainera, baimendutako establezimenduetan itsaskia saldu aurretik ur garbiarekin depuratzeko instalazio bereziak daude. Eta horrek edozein arrisku minimizatzen du. Oporretan kanpora joaten bazara, kontuan hartu gomendio hauek, eta ondo pentsatu, bereziki itsaskia kaleko salmenta-postuetan erosi behar baduzu (“street-food”).

* Pertsona batzuek arrisku handiagoa izan dezakete itsaskiak transmititzen dituen gaixotasun jakin batzuk hartzeko, hala nola haurdun dauden emakumeek, umeek, adinekoek eta sistema immunologiko ahuldua duten pertsonek. Galdetu osasun-arloko profesional bati egoera jakin batean itsaskia kontsumitzeari buruzko zalantzak badituzu.

Itsaskiari alergia diozula uste baduzu…

Itsaskiak elikaduragatiko alergia ere sor dezake; hortaz, gomendio hauek kontuan hartu beharko ditugu:

  • Jakin zeri diozun alergia: itsaskiari alergia badiozu, oinarrizkoa da sentitu ditzakezun sintomak eta erreakzioak identifikatzen jakitea. Erreakzioen artean honako hauek daude: azkura; urtikaria; ezpainak, mingaina edo eztarria hanpatzea; arnasteko zailtasuna; nausea; gorakoak edo erreakzio anafilaktiko larria. Lagun edo familiarentzat janaria prestatu behar baduzu, egiaztatu denen intolerantzia eta alergien berri duzula.
  • Etiketak irakurri eta galdetu: elikagai jakin batzuk erostean (adibidez, prestatutako platerak edo lataratutako produktuak, etab.), irakurri arreta handiz osagaien etiketa, itsaskia identifikatzeko.
  • Saihestu kutsadura gurutzatua: itsaskiari alergia badiozu, janaria prestatu aurretik, sukaldeko tresnak eta gainazalak garbi daudela eta itsaski-hondakinik ez dagoela egiaztatu behar duzu. Halaber, garrantzitsua da itsaskiarekin kontaktu zuzenik ez izatea eta elikagaiak kontsumitzen dituzunean beste pertsona batzuekin sukaldeko tresnarik ez partekatzea.
  • Jatetxe batera joaten bazara: jakinarazi argi eta garbi zure alergiak langileei, eta ziurtatu ulertzen dutela egoeraren larritasuna. Kutsadura gurutzatua saihesteko, galdetu zein diren menu-aukera seguruak; halaber, elikagaiak kozinatzeko erabiliko diren plater eta plantxetan erabiliko diren osagaiei buruzko azalpen gehigarriak eskatu beharko dituzu.

Gogoratu elikaduragatiko alergiak larriak izan daitezkeela, eta oinarrizkoa dela erreakzio alergikoak saihesteko neurriak hartzea. Itsaskia kontsumitu ondoren alergia-sintomak nabaritzen badituzu, bila ezazu berehala arreta medikoa

Sortze data: 2023-07-31