Barbakoak, piknikak…

Uda urtaro egokia da, barbakoak, piknikak eta, oro har, jatorduak aire zabalean antolatzeko.

Alabaina, tenperatura bereziki beroak faktore lagungarria dira behar bezala manipulatzen eta kontserbatzen ez diren elikagaietan bakterioak ugaritzeko.

Hain zuzen ere, arrisku-egoerak saihesteko, ondoren oinarrizko zenbait jarraibide azaltzen dira, modu soilean, elikagaiak manipulatzeko.

 

Elikagaiak garraiatu eta kontserbatzea

Hotz-katea mantentzea.
Hotz mantendu beharreko elikagaiek etxeko hozkailuan egon behar dute azken unera arte. Elikagaiak hozkailu eramangarri batean jarriko dira, izotzarekin (tanta-jarioa saihesteko babesturik) edo izoztutako gelazko plaka edo poltsekin.

Garraiatzean eta topaketan, hozkailu eramangarria leku gerizpetsuenetan eta freskoenetan kokatu behar da. Garrantzitsua da hozkailua autotik albait arinen ateratzea.

Halaber, ahal beste saihestu behar da hozkailua irekitzea. Hori lagungarri izango da hozkailuaren barneko tenperatura mantentzeko eta elikagaien kontserbazioa hobetzeko.

Elikagai gordinak eta kuzinatuak bereiztea.

Posible balitz, elikagai gordinak eta kuzinatutakoak hozkailu ezberdinetan garraiatu eta biltegiratuko dira, kutsaduragurutzatua saihesteko. Kasu orotan, elikagaiak paketaturik edo ontzi hermetikoetan gorderik egongo dira.

Haragi eta arrainak hozkailuaren hondoan jarri behar dira. Horrela, likidoak (zukuak) isurtzen badituzte, ez dituzte gainerako elikagaiak kutsatuko.

Higiene-neurri orokorrak

Eskuak garbitzea
Elikagaiak manipulatzen hasi aurretik, beharrezkoa da gure higienea zaintzea. Horretarako, eskuak ur edangarriz garbitu behar ditugu hurbil dagoen iturriren batean. Bestela, etxetik eramandako ura erabili behar dugu. Beste aukera bat da oihaltxoak, erabili eta botatzekoak, erabiltzea.

Tresnak garbitzea
Erretilu, plater eta gainerako tresnak (labanak, sardexkak) garbi mantendu behar dira erabiltzen diren artean. Kasu orotan saihestu egin behar da labanak eta bestelako tresnak erabiltzea jada prestatutako elikagaiekin, aldez aurretik elikagai gordinak ukitu badituzte.

Elikagaiak prestatzea eta kontsumitzea

Uraren kaltegabetasuna
Hurbileko iturri bateko ura erabiliz gero, egiaztatu egin behar da ura edangarria dela. Zalantza egonez gero, hobe da etxetik eramandako edo botiletan gordetako ura rabiltzea.

Fruta eta barazki guztiak
garbitu
ur arruntarekin, bereziki, baratzetik zuzenean hartu badira. Ahal den neurrian, hobe da elikagai horiek etxean garbitu eta behar bezala lehortzea, sukaldeko oihal garbi baten bidez edo sukaldeko paperaren bidez.

Azken unean prestatzea
Gomendagarria da entsaladetarako osagaiak kontsumitu aurre-aurretxoan
nahastea, batik bat landare-produktuak eta haragi-produktuak (hestebeteak, kuzinatutako haragia, etab.) edo gaztak eta antzekoak badituzte. Prestatu ondoren, entsaladak ez dira hozkailutik kanpo eduki
behar eta jarraian kontsumituko dira.

Berehalako kontsumoa
Elikagaiak, oro har, eta bereziki arrautza, esnea, kremak, saltsak eta antzeko osagaiak dituztenak, ondo kuzinatu behar dira. Halaber, hotz gorde behar dira kontsumitzen diren arte.

Barbakoa erabiltzean
Lehenengo eta behin, egiaztatu egin behar da barbakoa egiteko hautatu dugun zonaldean debekuren bat ote dagoen. Ondoren, brasa egokia lortu behar da; izan ere, sua “biziegia” bada, haragi eta arrainen azala erre daiteke, barnealdea gordinik utzita. Arreta berezia jarri behar da, elikagaiak ondo kuzina daitezen (horrela, mikrobio guztiak desagerraraziko ditugu), baina erretzera heldu gabe. Izan ere, horrek zapore eta konposatu gogaikarriak eragin ditzake.

Informazio gehiago

Sortze data: 2013-06-30