Kafeina, besteak beste, kafe- eta kakao-landareetan dagoen konposatu kimiko natural bat da, eta elikagai askori gehitzen zaie. Kafeinak nerbio-sistema zentrala estimulatzen du, eta horrek alerta-egoera areagotzen du. Gehien aztertu diren elikadura-osagaietako bat da, baina zientziak oraindik ez die galdera guztiei erantzun.

KAFEINAREN METABOLISMOA

Kafeina, ahotik hartzean, azkar eta erabat xurgatzen du giza gorputzak. Eragin estimulatzaileak kafeina hartu eta 15-20 minutura has daitezke. Jarraian, organismo osora zabaltzen da, eta ondoren metabolizatu eta gernuan ateratzen da.

Kafeinaren batez besteko bizitza (gorputzak kafeina osoaren % 50 kentzeko behar duen denbora) desberdina da pertsona bakoitzean; izan ere, hainbat faktoreren araberakoa da: adina, pisua, sendagaiak hartzen ari den, gibela zein osasun egoeratan dagoen. Heldu osasuntsuetan, batez besteko denbora 4 ordukoa da (2 eta 8 orduko tartearekin). Haurdunaldian, murriztu egiten da gorputzak kafeina metabolizatzeko duen abiadura; hortaz, haurdun dauden emakumeek denbora luzeagoan izaten dituzte kafeinaren eraginak, 9-11 orduan. Haur txikien eta haurren kasuan, batez besteko bizitza helduena baina luzeagoa izan daiteke: 65-100 ordu artean. Kafeina pilatu egin daiteke gaixotasun hepatiko larriak dituzten pertsonengan; 96 ordu areagotu daiteke, batez beste, kafeinaren bizitza.

KAFEINAREN ERAGINAK

Kafeina neurrian kontsumituz gero (100-400 mg arteko dosia), berehalako eragin positiboak ditu funtzio mentaletan; izan ere, azkarrago eta argiago pentsatzeko aukera ematen du. Errendimendu fisikoan ere eragin positiboak ditu, gorputzaren koordinazioa hobetzen baitu. Horrez gain, neke- eta akidura-sentsazioa murrizten du eta animoa hobetzen du. Kafeinak berehalako beste zenbait efektu ere baditu: kortisol- eta adrenalina-isurpena estimulatzen du; hori dela eta, tentsio arteriala handitu egiten da, eta bihotzak azkarrago egiten ditu taupadak. Era berean, eragin diuretikoa du eta bronkioak erlaxatzen ditu.

Dosi handiak kontsumituz gero, kafeinak aurkako eraginak izan ditzake, esate baterako: insomnioa, antsietatea, dardarak eta jokabide-aldaketak. Hori dela eta, antsietatea edo panikoa edo arazo psikiatrikoak dituzten pertsonek kontuz kontsumitu behar dute. Halaber, ultzera peptikoa izanez gero, kafeina gutxi kontsumitu behar da, kafeinak urdaileko azido-jarioa estimulatzen baitu. Gibeleko gutxiegitasuna duten pertsonek ere arduraz kontsumitu beharko lukete.

Dirudienez, kafeina egunero kontsumituz gero murriztu egiten dira efektu negatibo horiek; hau da, gutxiago eragiten die normalean kafea edaten duten kontsumitzaileei noizbehinka kontsumitzen dutenei baino.

ZENBAT KAFEINA KONTSUMITZEN DUGU?

EFSAren elikagai-kontsumoari buruzko datu-basearen arabera, eguneroko ingestaren batez bestekoa desberdina da estatu kideetan, baina tarte hauetan daude:

Adin oso aurreratua (>75)

22-417 mg

Adin aurreratua (65-75)

23-362 mg

Helduak (18-65)

37-319 mg

Nerabeak (10-18)

0.4-1.4 mg/kg peso corp

Haurrak (3-10)

0.2-2 mg/kg peso corp

Haur txikiak (1-3)

0-2.1 mg/kg peso corp

Kafeina kontsumitzeko hartzen diren elikagaien artean alde handiak daude herrialdeen arabera. Kafea da helduen kafeina-iturri nagusia; ingesta osoaren % 40 eta % 94 bitartean hartzen du.

KAFEINAREN PRESENTZIA PRESTATUTAKO PRODUKTUETAN

Produktua mg (gutxi gorabehera)

Iragazki-kafe kikara bat (200 ml)

90

«Edari energetiko» lata estandar bat (250 ml)

80

Espresso bat (60 ml)

80

Te beltz kikara bat (220 ml)

50

Kola-freskagarri lata estandar bat (355 ml)

40

Txokolate beltz barra bat (50 g)

25

Esne-txokolate barra bat (50 g)

10

ARRISKURIK BA AL DAGO? EFSAren EBALUAZIOA

Europar Batasuneko estatu kide batzuek kezka agertu zuten biztanleek zein talde espezifikoek hartzen zuten kafeina-kontsumoaren segurtasuna zela eta. Talde espezifiko horietan sartzen dira, besteak beste, jarduera fisikoa egiten duten helduak eta kafeina alkoholarekin edo edari energetikoetan dauden substantziekin batera hartzen duten pertsonak. Horregatik eskatu zitzaion EFSAri kafeinaren segurtasuna ebaluatzeko.

ZENBAT KAFEINA KONTSUMI DAITEKE MODU SEGURUAN?

Helduak

  • 200 mg-ra arteko dosi indibidualak (3 mg/kg inguru 70 kiloko heldu batentzat) ez dira kezkagarriak segurtasunari dagokionez. Kopurua bera ez da kezkagarria jarduera fisiko gogorra egin aurretik eta ohiko ingurumen-egoeran bi baino gutxiago kontsumitzen badira.
  • Edari energetikoen beste osagai batzuk ere, ohiko kontzentrazioetan (300-320, 4.000 eta 2.400 mg/l kafeina, taurina, eta d-glucoronolactona-γ-lactona, hurrenez hurren), eta 0.65 g/kg pisu inguruko alkohol-dosiak ez lioke 200 mg-ra arteko kafeina-dosi indibidualaren segurtasunari eragingo.
  • Egunean 400 mg kafeina kontsumitzea ez da kezkagarria helduen segurtasunerako (haurdun dauden emakumeetan izan ezik).

Haurdun dauden emakumeak

  • Egunean 200 mg kafeina kontsumitzea ez da kezkagarria haurdun dauden emakumeen fetuaren segurtasunerako.
  • Edoskitze-aldian dauden emakumeek egunean 200 mg kafeina kontsumitzea ez da kezkagarria edoskitzailearen segurtasunerako.

Nerabeak eta haurrak

  • Haurrei eta nerabeei dagokienez, ez dago nahikoa informazio kafeina kontsumitzeko neurri seguru bat ezartzeko. Panelaren arabera, helduentzat kezkagarria ez den kafeina-kontsumoa (3 mg/kg pisu, eguneko) oinarri gisa erabil daiteke haurren eta nerabeen kafeina-dosi indibiduala edo eguneko kafeina-ingesta ezartzeko.

KAFEINA-EDUKIAREN ADIERAZPENA

150 mg/l-tik gora kafeina duten edariek etiketan adierazi behar dute.
Elikagaien izenean “kafe” edo “te” hitzak agertzen badira:
 “Kafeina-eduki handia”:ez da gomendagarria haurrentzat eta haurdun edo edoskitze-aldian dauden emakumeentzat”.
Edariak ez diren eta helburu fisiologikorako kafeina gehitzen zaien beste elikagai batzuen kasuan:
 “Kafeina du”:ez da gomendagarria haurrentzat eta haurdun edo edoskitze-aldian dauden emakumeentzat”.
Gainera, adierazpen hori edariaren izena agertzen den lekuan jarri behar da, eta parentesi artean zehaztu behar da produktuak zenbat kafeina duen (100 ml-ko mg-tan adierazita).

Sortze data: 2016-12-22

Eguneratze data: 2019-06-14