Zer dira koipeak?

Karbono-, hidrogeno- eta oxigeno-elementuek osatutako substantzien multzoak dira koipeak, eta ezaugarri bera dute: uretan disolbaezinak dira. Zelula guztietan (animalia- zein landare-zeluletan) egoten dira, eta egiturazko funtzioak zein metabolitikoak betetzen dituzte.

Karbono- eta hidrogeno-kopuru handiagoa duenez, koipeak energia gehiago ekoizten du karbohidratoek eta proteinek baino. Hori dela eta, energia-iturri kontzentratuena da, eta, gutxi gorabehera, gramoko 9 kcal ekoizten du.

Koipeen jatorria

Koipeek bi jatorri dituzte:

  • Animalia jatorria.- Honako hauek dira animalia-koipeen iturri nagusiak: haragia eta haragi-produktuak, arrautzak eta esnekiak (besteak beste, gurina, gazta, esnea eta esne-gaina).
  • Landare jatorria.- Landare jatorriko koipeak zenbait landaretako hazietan (koltza, ekilorea edo artoa), fruituetan (oliba, ahuakatea, kokoa, palma) eta fruitu lehorretan (kakahueteak, arbendolak) atzematen dira.

Koipeen egitura

Glizerol molekula bati lotutako gantz-azidoek osatzen dituzte koipeak. Gantz-azidoen kopuruaren arabera (bat, bi edo hiru gantz-azido) monoglizeridoak, diglizeridoak edo triglizeridoak izan daitezke. Dietan kontsumitzen ditugun koipeen % 90 baino gehiago triglizeridoak dira.

Koipe-motak

Koipe-motak lehen aipatutako azido-moten araberakoak izaten dira:

  • Koipe saturatuak: Gehienbat gantz-azido saturatuez osatuta egoten dira. Koipe-mota hori solidoa da giro-tenperaturan. LDL lipoproteinarekin lotutako kolesterolaren maila plasmatikoa (“kolesterol txarra” deitzen dugunaren maila) igoarazten dute.
  • Koipe saturatu gabeak: Gehienbat gantz-azido saturatu gabeez (besteak beste, gantz-azido oleikoa) osatuta egoten dira. Likidoak dira giro-tenperaturan eta olio izenez ezagutzen ditugu. Onuragarrienak dira giza gorputzarentzat, eta horietako batzuek oinarrizko nutrienteak diren gantz-azidoak dituzte; izan ere, organismoak ezin izaten ditu horiek ekoitzi eta zuzeneko ingestaren bidez baino ezin dira eskuratu.

    Bi multzotan banatzen dira koipe saturatu gabeak:

    • Koipe monoinsaturatuak: Murriztu egiten dute LDL lipoproteinarekin lotutako kolesterolaren maila plasmatikoa. HDL lipoproteinen (“kolesterol ona” deitzen duguna) maila igoarazten dute.
    • Koipe poliinsaturatuak: (Omega 3 eta omega 6 gantz-azidoez osatuak). Omega 3 gantz-azidoetan aberatsak diren koipeek triglizerido plasmatikoen maila murrizten dute.
  • Trans koipeak: Landare-koipeak hidrogenatzetik sortzen dira; beraz, saturatu gabeak izatetik saturatuak izatera igarotzen dira. Askoz ere kaltegarriagoak dira naturan dauden koipe saturatuak baino; izan ere, batetik, igoarazi egiten dute LDL lipoproteinen eta triglizeridoen maila eta, bestetik, oso modu arriskutsuan murrizten dute HDL lipoproteinen maila.

Koipeen funtzioak

Koipeek energia eta oinarrizko gantz-azidoak ematen dizkiote organismoari, eta, gainera, egiturazko funtzioak eta funtzio arautzaileak betetzen dituzte.

  • Energetikoak: Gorputzaren zelulek, nerbio-sistema zentralekoek eta globulu gorriek izan ezik, gantz-azidoak erabili ahal dituzte zuzenean energia-iturri gisa. Koipeak berehalako energia-iturri izan daitezke edo energia gordailu gisa balio dezakete, energia-beharrak epe luzean asetzeko.
  • Egiturazkoak: Beharrezkoa da gorputzean koipe-kopuru jakin bat izatea, organoak eta gorputza babestu egiten baitituzte kolpe eta lesioetatik eta tenperatura aldaketatik (tenperatura igotzetik zein jaistetik). Bestalde, ezinbestekoak dira egituraren osotasunerako eta zelulen mintzen funtziorako.
  • Arautzaileak: Beste nutriente batzuekin konbinatuta, koipeek elikagaiei zaporea areagotzen duen egitura ematen diete, eta ondorioz, erakargarriagoak egiten dituzte elikagai horiek.
    Gainera, urdaila denbora luzeagoz mantentzen dute beteta, eta areagotu egiten dute asetasun-sentsazioa. Gantz-azido poliinsaturatuek (AGP) lagundu egiten dute mintzetako fosfolipidoak sortzen.
    Gainera, sistema kardiobaskularrean, birika-sisteman, sistema immunean, jariatze-sisteman eta ugaltze-sisteman funtzionatzen duten zenbait erregulatzaile metabolikoren parte dira.
    Azkenik, dietako koipeek bitamina liposolugarriak (A, D, E eta K) garraiatzeko balio dute, eta hesteetan horien xurgapena bideratzen dute.

Elikagai-iturriak

Elikagai iturriak

Sortze data: 2012-02-21

Eguneratze data: 2012-02-21