Nanomaterialak elikaduran
Nanomaterialak eskala handiagokoek ez bezalako ezaugarriak dituztelako erabiltzen dira, hala nola, erreaktibitate kimiko, erresistentzia eta eroankortasun handiagoa. Esate baterako, konposatu berarekin egindako material jakin batek ez du berdin jokatzen egitura nanoskopikoarekin eraikitzen denean edo egitura tradizionalarekin eraikitzen denean.
Nanomaterialak dituzten ehunka produktu erabiltzen dira jada. Esate baterako, baterietan, pinturetan edo bakterioen aurkako estalduretan baliatzen dira.
Materialen dimentsio berri hau sektore askotan aplika daiteke, besteak beste, industrian, garraioan eta, noski, elikaduran.
Elikagaien industriaren baitan, uste da nanoteknologiak ekarpen onuragarriak egin ditzakeela hiru esparru handitan: elikagaien lehenengo ekoizpenean, prozesatzean eta ontziratzean. Zehazki, nanopartikulek, nanozuntzek, nanoemultsioek eta nanobuztinek ezarpen-potentzial handia erakutsi dute:
- Nanopartikulak. Organikoak edo ez organikoak izan daitezke. Organikoen artean daude, esate baterako, titanio dioxidoa (elikagaiak babesteko erabili ahal dena) edo zilarrezko nanopartikulak (elikagaiekin kontaktua duten materialetan mikrobioen aurkako agente gisa erabili ahal direnak).
Nanopartikula organikoak elikagaien nutrizio balioa handitzeko erabili ahal dira, bitaminak eta bestelako nutrienteak (nanokapsula ere esaten zaie) askatzeko garraiatzaile gisa. - Nanozuntzak. Euren ezaugarri nagusia da 5 mm inguruko diametroa eta 15 µm baino luzeagoa izatea. Nekazaritzako elikagaien sektorean lodigarri gisa erabili ahal dira.
- Nanoemultsioak. Elikagai funtzionaletako osagai batzuk garraiatzeko erabili ahal dira, baita osagaiak egonkortzeko edo biskositatea handitzeko ere.
- Nanobuztinak. Elikagaiak ontziratzeko plastikozko botiletan, kartoietan eta filmetan erabili ahal dira, hainbat gasen (besteak beste, oxigenoa eta CO2) aurkako hesi gisa.
Oraina eta etorkizuna
Gaur egun, lehenenik elikagaiekin kontaktua duten materialetan aplikatuko dira, baina etorkizunean material horiek elikagaien osagaiak edo nutrienteak (ikus Nanokapsulak) kontrolpean askatzeko bide posibleak izan daitezke.
Gaur egungo aplikazioa elikagaiekin kontaktuan dauden material berriak sortzean:
Mikrobioen aurkako propietateak eta argiaren, gasen eta tenperaturaren aurkako hesiak dituzten material berriak garatu nahi dira. Horren guztiaren helburua da elikagaien bizitza erabilgarria luzatzea pisu eta lodiera txikia duten ontziratze materialak erabilita.
Etorkizuneko aplikazioak:
- Nanosentsoreak: Nanosentsoreek ahalbidetu egingo dute elementu kutsagarriak, birusak eta bakterio patogenoak atzematea. Ontziei gehituta, kutsaturik edo egoera txarrean dauden elikagaien berri emango dute kolorea aldatze hutsarekin.
- Nanokapsulak – Kontrolpeko askatze sistemak –: Nanokapsula hauek edukiontzi nanoskopikoak izango lirateke, eta bertan nutrienteak sartu ahal izango lirateke, xurgatzea hobetuz eta askatzea kontrolatuz, esate baterako, ahoan zaporea handitzeko, etab.
Halaber, nanokapsulak erabili ahal dira Animalien Osasunaren esparruko txertoen garraiatzaile gisa edo plagizidetarako Landareen Osasunaren esparruan.
Nanomaterialen kaltegabetasuna ebaluatzeko irizpideak
Nanomaterialen eta horiek gizaki eta animalien elikaduran erabiltzeak duen kaltegabetasuna/arriskugarritasuna zehazteko, nanomaterialak aztertu egiten dira izan ditzaketen 5 egoerak aintzat hartuta: jatorrizko egoera (fabrikazioa), elikagaietan erabiltzeko merkaturatzea, elikagaietan izan dezakeen egoera eta behin irentsita, ehun eta fluido biologikoetan izan dezakeen egoera.
Eragin dezakeen arriskua honako hauen arabera baloratzen da: nanomaterialaren osaera kimikoa, ezaugarri fisiko-kimikoak, ehunekin eragina izateko ahalmena eta gizakiongan teorikoki eragina izan dezakeen nanomaterial kopurua.
Elikaduran erabiltzeko merkaturatu aurretik, nanomaterialak balizko egoera bakoitzean ebaluatu behar dira, eta azterketak in vivo eta in vitro egin beharko dira. Horien bidez, nanomateriala kaltegabetzat jotzeko gainditu behar ez diren mugak zehazteko dosia zein den ezagutuko da.
Bibliografia:
- Europako Batzordea REACH eta Nanomaterialak
- Nanotecnologia FSAI 2008
- Gizaki eta animalien elikaduran aplikatutako nanoteknologiaren Arriskua Balioesteko Gida
- Topics EFSA-Nanotecnologia
Sortze data: 2011-12-19
Eguneratze data: 2019-06-19