Zer da hiri-baratze bat?

Hiri-baratzea, bere izenak azaltzen duen bezala, hirian dago, landa-girotik kanpo. Bere ezaugarri nagusia eremu mugatuan egotea da.

Zer behar dut etxean baratzea edukitzeko?

  • Argi zuzena duen lekua
  • Ontzi eta substratuak
  • Ureztatze-sistemak
  • Hazi eta landareak

1. pausua: Baratzea kokatzea

Hasiera batean, orientazio onena hainbat orduz argi zuzena jasotzea ahalbidetzen duena da; hots, oro har, hegoaldera edo hego-ekialdera begira. Alabaina, aintzat hartu beharko dira tartean dauden elementuak, gerizpeak sortu ahal dituztelako (eraikinak, etab.).

Gomendatzen da gutxienez egunean 6 eguzki-ordu jasotzea. Gutxieneko kopuru horretara iristerik ez badago, baratzea udaberri-udan bakarrik edukitzea proposa daiteke, eguzki-ordu asko eskatzen ez duten espezieak erabilita.

Etxean baratzea prestatu nahi bada, ez dira animaliak egon daitezkeen eremuak erabiliko, gorozkien bidez patogeno, parasito eta birusen transmisioa saihesteko.

2. pausua: Uraren erabilgarritasuna aurreikustea

Errazena da baratzea ur arrunteko hartune batetik hurbil kokatzea eta tantaz tantako sistema bat instalatzea (loreontzi gutxi badira, nahiko da ureztontzi bat erabiltzea). Halaber, euri-ura berrerabil daiteke, hodiak ur-deposituetara zuzenduta.

Lan garrantzitsuenetako bat, zehaztasun handiena eskatzen duena, ureztatzea da: hezetasun etengabea bilatu behar da, urtaroari eta hazten ari diren barazkiei egokituta.

Urak fruta eta barazki freskoak ukitzen dituenean, produktu horiek mikroorganismo patogenoekin kutsatzeko aukera bere kalitatearen araberakoa da. Tantaz tantako ureztatzeak murriztu egiten du uraren eta landarearen zati jangarrien arteko kontaktua; beraz, kutsatzeko aukera murriztu egiten da.

3. pausua: Landatzeko ontziak lortzea

Aukeratu egin daiteke: loreontziak, uzta-mahaiak edo ontzi birziklatuak.

Substratu bolumen handiena ahalbidetzen dutenak erabiliko dira, erabilgarri dagoen eremuaren arabera. Garrantzitsuagoa da izan dezakeen bolumen osoa, ontziaren sakontasuna baino.

4. pausua: Substratua prestatzea

Uzta ontzietan edukitzean, beharrezkoa da substratuak erabiltzea; izan ere, nutriente gehiago eman, ura gorde eta aireztatze hobea dute.

Egokienak substratu organikoak, dira:

  • Arinak izatea, erraz erabiltzeko eta terraza edo balkoietan pisu gehiegi ez jartzeko.
  • Porositate egokia izatea, airea ondo sartzea (sustraiek airea hartzea ahalbidetzen duen airearen joan-etorria) eta ura gordetzea (substratuan ur-erreserba bat sortzea ahalbidetzen duena, sustraiek bertatik har dezaten) ahalbidetzen duena.
  • Funtsezko nutrienteak gordetzea.

Halaber, substratua koko-zuntzez eta konpostez egin daiteke, %60ko eta %40ko proportzioan, hurrenez hurren.

5. pausua: Kimuak erabiltzea

Hasteko, beti da hobe kimuekin hastea; izan ere, ziurtatu egiten da landareak indartsu eta osasuntsu daudela.

Gomendagarria da erraz maneiatzen diren uztekin hastea, gaixotasun- edo izurrite-arazo gutxi dituztenekin (letxugak, zerbak, tomateak, ilarrak, errefauak, tipulak, albahaka, etab.).

Gaixotasunak eta izurriteak baratzean

Gaixotasunak

Bakterioek,onddoek eta birusek eragiten dituzte (mildiua, alternaria, antraknosia).

Gaitzagoa da diagnostikoa egitea eta tratatzea; izan ere, kasu batzuetan izan ezik, arazoaren eragilea ez da zuzenean ikusten, eta ondorioak begiratuz egin behar da diagnostikoa.

Onddoek eragindako gaixotasunak arruntagoak dira (mildiua, oidioa, alternaria). Hainbat arazo eragiten dituzte eta klima hezea, behar ez bezalako drainatzea edo aire-isuri ezegokia baliatzen dute. Substratu ona lagungarri da landare indartsu eta osasuntsuak lortzeko.

Landareen gaixotasunen sintomen artean hainbat sintoma daude, hauekin estalita gelditzea barne: lizuna, zimeldura, zarakarra, orbanak, oxidoa eta usteldura.
Gaixotasunen aurkako lehenengo pausua landare erresistente eta indartsuak hautatzea da.

Landareetako gaixotasunek eragindako arazoak murrizteko neurriak dira hauek:

  • Baratzea garbi mantentzea (lurrean belar txarrik ez egotea eta drainatzea ona izatea).
  • Ureztatze egokia (ez asko, ez gutxi), loreontziaren hondoan urik pilatu gabe.
  • Uztaren errotazioa (batez ere pestizidak erabiltzea saihestu nahi bada).
  • Gaixotasunik gabeko hazi eta landareak erabiltzea.
  • Hezetasun handiko baldintzak murriztea (airearen joan-etorria hobetzearen alde).
  • Zonalde eguzkitsua hautatzea, lizunak eta bakterioak haztea ahalbidetzen duen hezetasuna saihesteko.
  • Landarearen atal infektatuak ebakitzea.

Izurriteak

Izurriteak landareak kaltetzen dituzten animalia taldeak dira, landareak ezin jasateko modukoak (armiarma gorria, filoxera, azetako beldarra, euli zuria, etab.).

Erraz identifikatzen dira; izan ere, oro har zuzenean ikus daiteke arazoa eragiten duen agentea. Kasuotan, jardun aurretik ebaluatu egin behar da izurrite bihur daitekeen agenteak egiazki arazoa sortzen duen edo arazo larririk ez dakarren kopuru txiki eta egonkorra mantentzen den.

Izurriteen eragina murrizteko neurriak:

  • Jardunbideren bat okerra den aztertzea (ur gehiegi edo gutxiegi, ongarri gehiegi, sasoiz kanpo haztea, eguzki falta). Hori oso garrantzitsua da: batzuetan izurrite bat agertzeak azaleratu egiten du landare bat ahul dagoela, behar ez bezala maneiatzeagatik (adibide argia da landare-zorriak masiboki agertzea, horrek adierazi egiten baitu landarearen izerdian nitrogeno-kontzentrazio handiagoa dagoela, ongarri gehiegi erabili delako. Izan ere, batik bat ongarri likidoak erabiltzen direnean, landareak oso erakargarri bihurtzen dira intsektu xurgatzaile horientzat).
  • Intsektuak eskuz desagerraraztea. Oso neurri eraginkorra da oso tamaina txikietako baratzetako (terraza edo balkoikoak) izurriteak kontrolatzeko. Halaber, oso baliagarria da erraz ikusten diren izurriteak (hostoak jaten dituzten beldarrak, kasurako) desagerrarazteko.
  • Kaltetutako atalak kentzea (hostoak eta zurtoinak).
  • Tratamendua produktu ekologikoekin.

Gomendioak etxean: fruta eta barazkiak garbitzea

  • Landareak ondo garbitzea,, zikinkeria, lurra edo kaltetutako zatiak kentzea zuritu, ebaki eta egosi eta kontsumitzeko prestatu aurretik. Horrela, labana erabiltzean, bakterioek eta zikinkeria ez dute elikagaia kutsatuko, mamiaren eta azalaren arteko kontaktuaren bidez.
  • Behar bezala garbitutako azalera eta ebakitze-tresnak erabiltzea, lehor daudenak eta beste elikagai batzuk ukitu ez dituztenak.
  • Onddoak, zauriak, ebakiak edo zonalde onduegiak eta kaltetuak dituzten fruta eta berdurak baztertzea eta atalak kentzea.
  • Produktu garbiak paperezko toallekin edo oihal garbi eta lehorrekin garbitzea, bakterioen edozein hondakin desagerrarazteko.
  • Landareak garbi eta lehor mantentzea, hozturik, harik eta erabiltzen edo kontsumitzen diren arte.

Esteka interesgarriak

Sortze data: 2013-05-09