A Bisfenola…arazo bat izan daiteke?
Irakurri baino lehen, jakin ezazu…
Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritzak (EFSA-k) A bisfenolak (BPA) elikagaietan dituen arriskuak berriz ebaluatu ditu, eta eguneko ingestio toleragarria (IDT) nabarmen murriztea proposatu du, 2015eko aurretiazko ebaluazioarekin alderatuta (artikulu hau ebaluazio horretan oinarritzen da).
2022ko martxoak aldera jakingo dugu zein den EFSAren iritzi ofiziala..
A bisfenola (BPA siglen bidez ezaguna) polikarbonatozko plastikoak egiteko erabiltzen den konposatua da. Plastiko mota hori berriz erabiltzeko plastikozko baxerak, edarientzako botilak, kirol-ekipamenduak eta abar egiteko erabiltzen da.
BPA, halaber, erosketa-ordainagirien paper termikoan, garraio publikoen txarteletan eta halakoetan tinta finkatzeko erabiltzen da.
Horrez gaina, konposatu hori ur-hodien barne-estalgarrietan erabiltzen da, baita elikagai eta edarientzako laten barnealdean ere. Horrek luzatu egiten du haien bizitza erabilgarria eta ekidin egiten du janariek edo edariek zapore metalikoa izatea.
Nondik dator elikagaien bidez ahoratu dezakegun BPA?
BPA plastikotik ukitzen duen elikagaira pasa daiteke, “migrazio” izeneko prozesu fisikoaren bidez.
Elikagai-industriak muga batzuk ditu eta ezin du merkaturatu elikagaiekin kontaktuan egongo den material plastikorik, baldin eta askatzen den BPA maila legeak onesten duena baino handiagoa bada.
Migrazioa PBArekiko esposizioa izateko bide bat baino ez da; izan ere, badira beste bide batzuk ere, besteak beste airean dagoen hautsa, plastikozko jostailuak, kosmetiko batzuk eta paper termikoa.
Hortaz, erabil al daiteke BPA elikagaientzako ontzietan?
BPA erabil daiteke elikagaiekin kontaktuan egongo diren material plastikoetan, 2018ko otsailaren 12ko 2018/213 (EB) Erregelamenduaren arabera; baina, berariazko migrazio-muga bat dago. Nolanahi ere, 2011ko ekainaz geroztik, debekatuta dago bularreko umeen plastikozko biberoiak egiteko erabiltzea.
Gainera, debekatuta dago INOLAKO BPA kopuruak igarotzea honako hauekin berariaz kontaktuan egongo diren material eta objektuei aplikatutako berniz edo estalduretatik: bularreko umeentzako prestakinak, jarraipen‑prestakinak, zerealekin eginiko elikagaiak, haurrentzako elikagaiak, bularreko umeen eta haur txikien nutrizio-beharrak asetzeko erabilera mediko berezietarako elikagaiak edo esnearekin eginiko edariak eta berariaz haur txikientzako diren antzeko produktuak.
Eta erosketa-tiketetan?
Neurriak hartzen ari dira paper-mota hori merkatutik kentzeko, prebentzio-neurri gisa; izan ere, adin-talde batzuetan, paper termikoa da BPArekiko esposizioa izateko bigarren iturri nagusia. Lehena elikagaiak dira.
Zein da gure esposizio-maila? Kaltegarria al da gure osasunerako?
Zenbatetsitako esposizio-maila askoz ere txikiagoa da adin-talde guztientzat eta herritar kalteberentzat (haurdunak eta adinekoak) ezarritako eguneko ingestio toleragarria baino (3-5 aldiz txikiagoa).
Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritzako (EFSA) adituek ondorioztatu zuten ez dela gainditzen eguneko ingestio toleragarria, ezta BPArekiko “esposizio konbinatuaren” iturri guztiak aintzat hartuta ere (elikagaiak, jostailuak, hautsa, kosmetikoak eta paper termikoa).
Ondorioz, laburbilduta…
EFSAko zientzialariek ondorioztatu zuten gaur egun BPA EZ dela arriskutsua adin-talde guztietako kontsumitzaileen osasunerako (oraindik jaio ez direnak, haurrak eta nerabeak barne).
Hala ere, hainbat neurri ezarri dira arrisku hori etorkizunean larriagoa izan ez dadin.
Intereseko informazioa
Sortze Data: 2020/07/13