Adinekoek, haurrek, haurdunek eta immunodeprimituek arrisku handiagoa dute elikagaiek transmititutako gaixotasunen bat izateko edo ondorio larriagoak izan ditzakete.

Gainera, gero eta pertsona gehiagok garatzen dute elikaduragatiko alergia‑motaren bat; hortaz, elikagairen bati alergia diotenak elikadura- ‑gaixotasunekiko talde kalteberatzat har daitezke.

Kolektibo horietako kideek zenbait gomendiori jarraitu beharko liekete, elikadura-arriskuak murrizteko. Haientzat guztientzat, baita talde horietakoak ez direnentzat ere, hona hemen zenbait “aholku orokor” erabilgarri.

Bereziki, talde horietako bakoitzak aholku jakin batzuei jarraitu behar die:

Adinekoak


Adinekoak sentikorragoak dira edozein gaixotasunekiko, eta elikagaiek transmititutako gaixotasunak (ETG) ez dira salbuespena. Besteak beste, etapa horretan, hauek dira kezkagarrienak:  listeriosia, salmonellosia eta campylobacteriosia. Gorakoak eta beherakoak, inguruabar normaletan gaixotasun horien sintoma hutsak izan ohi direnak, adinekoen balantze hidrologikoa desoreka dezakete, eta deshidratatzera iristea eragin dezakete.

Gaixotasun horiek saihesteko, adinekoek arreta berezia izan behar dute elikagaiak hotzean izateko (hozkailura/izozkailura ahalik eta azkarren eramatea), eta zenbait egunez hozkailuan irekita gorde duten edo noiz ireki zen gogoratzen ez duten ezer ez jateko (gogoratzen ez badugu edo zalantzarik badugu, hobe da botatzea). Hemen aurkitu ahal izango dituzu elikagaiak hozkailuan biltegiratzeko gehienezko epeak.

Era berean, garrantzitsua da iraungitze-datak errespetatzea beti, elikagaiak erabat kozinatzea eta sukaldean higiene egokia izatea, elikagai gordinen eta prestatuta ditugunen arteko kutsadura gurutzaturik ez izateko.

Haurrak


Adin-talde honen immunitate-sistema garatzen ari da oraindik; hortaz, baliabide gutxiago dituzte ETGei aurre egiteko. Horrenbestez, biztanleria-talde horrentzako elikagaiak manipulatzean, adinekoentzako gomendio berberei jarraitu behar zaie.

Nolanahi ere, adin horrekin gehien lotzen diren arriskuak nutrizionalak dira. Adin goiztiarrean gehiegizko pisua edo obesitatea izateari zor dakioke etorkizunean arazoak izatea; hortaz, komeni da fruta eta barazkiak eskuarki jatea (Elikadura osasungarria) eta edari azukredunak (ez dadila ohiko kontsumoa izan, noizbehinkakoa baizik) eta edari energetikoak (Infografia) ez hartzea.

Haurdunak


Emakume haurdunen elikadurak haien osasuna baldintzatzeaz gain, haurrarena ere baldintzatzen du; hortaz, arreta-neurriak zorroztu egin behar dira.

Oro har, etapa horretan bi arrisku dira kezkagarrienak: toxoplasmosia eta listeria

Horiek saihesteko, komeni da ondo prestatuta ez dauden animalia‑jatorriko elikagaiak ez jatea, esne gordinez egindako gaztarik ez jatea eta etxean maskotarik badugu, higiene-neurriak zorroztea. Hemen aurki dezakezu beharrezkoa den informazio guztia Bestalde, haurdunaldian (eta haurdun ez egotean), oso gomendatuta dago arraina kontsumitzea, gantz asegabe eta Omega-3 gantz-azido gutxi, eta iodoa eta bitaminak baititu. Bereziki gomendatuta dago haurdunaldian, fetuaren garapen neurologiko egokirako oso garrantzitsua baita.

Alabaina, elikagai horren onura guztiak gorabehera, gomendagarria da zenbait arrain ez jatea haurdunaldian (gelba edo ezpata-arraina), eta beste batzuk mugatu egin beharko lirateke, hala nola tunidoak. Hona hemen arraina jatearen onurei buruzko informazio guztia.

Inmunodeprimituak


Pertsona-talde horretan sartzen dira erantzun immunitario ahula duten guztiak. Pertsona horien immunitate-sistema medikazio baten, berriki eginiko ebakuntza baten edo patologiaren baten eraginpean egon daiteke; beraz, ETGak jasateko joera handiagoa izan dezakete eta gehiago kosta dakieke gaixotasun horietatik suspertzea.

Pertsona horiek “aholku orokorretako” jarraibideei jarraitu behar diete, eta jakitun izan behar dute oso zorrotz bete behar dituztela; izan ere, edozein deskuidu oso kaltegarria izan daiteke haien osasunerako.

Alergikoak


Kolektibo horrentzat erabakigarria da berebiziko garrantzia duten zenbait arauri jarraitzea:

  1. Ondo ezagutzea zein elikagairi dioten alergia. Askotan, alergikoak zenbait elikagairi izaten dio alergia aldi berean. Funtsezkoa da jakitea elikagai horiek zein plateretan (errezetatan) aurki ditzakegun.
  2. Ahora daramaguna zer den une oro jakitea. Haientzat garrantzitsua da “elikagaien etiketatzea” oso ondo interpretatzen jakitea. Hementxe duzu webgune bat zeregin horretan laguntzeko:
  3. Familiarteko eta lagunei alergiaren berri ematea, lagundu behar badute ere.
  4. Medikuak aginduta, une oro EpiPen (epinefrina-injektorea) bat eramatea soinean, alergiaren efektuari aurre egiteko.

ELIKAn, Telegram kanal bat daukagu, eta bertan, alergenoen alertei buruzko informazioa aurkitu ahal izango duzu aldizka. Jakinarazpen horiek Facebookeko gure profilean ere ikus ditzakezu.

Sortze-data: 2018-08-17