Elikagai Gehigarrien Erreakzio Kaltegarriak
“Elikagai-gehigarriak dira elikagaien kontserbazioan aurrera egitea eta elikagaien ekoizpen-prozesuan hobekuntzak lortzea ahalbidetu duten aurkikuntza handienetako bat”
“Ordainetan, elikagai-gehigarrietako batzuek ondorio kaltegarriak izan ditzakete kontsumitzaile gutxi batzuen artean”
Zer dira gehigarriak?
Elikagai-gehigarriak elikagaiei helburu teknologiko batekin gehitzen zaizkien substantziak dira. Substantzia hori, beraz, elikagaiaren osagai bihurtzen da.
Duela hainbat hamarkada hasi ziren elikagaiei gehigarriak gehitzen, batez ere elikagai prozesatuetan; beraz, elikagaien parte gisa irensten ditugu. Horrek lagundu egiten du hesteetan ingurune berri bat sortzen eta, zenbaitetan, pertsona batzuen artean erreakzio kaltegarriak eragiten dituzte.
Zenbatesten da 20.000 gehigarri inguru daudela, eta egunero kontsumitzen ditugun elikagai eta edarien % 65ek gehigarri bat edo gehiago izaten dituzte.
Haien konposizioa aldakorra da, eta nahiz eta, oro har, proteinak izan, polisakaridoak edo gantzak ere izan daitezke. Naturalak edo sintetizatuak izan daitezke.
Elikagai-gehigarriak 3 multzo handitan bana daitezke, haien funtzio nagusiaren arabera:
- Elikagaien bizitza baliagarria eta kontserbazioa luzatzen dituzten gehigarriak.
- Elikagaien ezaugarri fisikoak edo fisiko-kimikoak aldarazten dituzten gehigarriak.
- Elikagaien ezaugarri organoleptikoak (itxura, usaina, kolorea, zaporea) aldarazten dituzten gehigarriak.

Zein “erreakzio kaltegarri” izan ditzakete?
Erreakzioak bi talde handitan sailkatzen dira:
- Erreakzio alergikoak, mekanismo immunologiko batek eragindakoak: normalean koloragarrien ondorioz gertatzen dira.
- Intolerantzia-erreakzioak edo hipersentikortasuna, mekanismo ez-immunologiko batek eraginda. Elikagai-gehigarrien ondoriozko erreakzio gehienak intolerantzia-erreakzioak dira, alergiak baino.
Sintomarik ohikoenek, batetik, arnas aparatuari eragiten diote, eta asma eta errinitisa eragiten dute; eta, bestetik, larruazalari, eta urtikaria, angioedema (aurpegiaren eta ezpainen hantura) eta ukipen-dermatitisa eragiten dituzte. Oso muturreko kasuetan erreakzio alergiko larria eragin dezakete, hau da, anafilaxia.
Zenbatesten da helduen artean urtikaria kronikoen % 5-10 elikagai-gehigarriekiko erreakzio kaltegarriak direla.
Zein gehigarrik eragiten dituzte erreakzio kaltegarri handienak?
1. Koloragarriak egoten dira normalean tartean. Horien artean dago tartrazina (gozogintzan, gozokietan, izozkietan eta zizka-mizketan gehitzen den koloragarri horia), zeinak, asko kontsumituz gero, erreakzio alergikoak eragin ditzakeen, hala nola urtikaria kronikoa eta asma.
2. Gehigarriek intolerantzia-erreakzioak edo hipersentikortasuna eragin ditzakete, hala nola honako hauek:
- Sulfitoek (janari prestatuetan, kontserbetan, krustazeoetan, zukuetan eta ardoetan gehitzen dira) asma eta larruazalaren gorritasuna eragin ditzakete.
- Bentzoatoek (edari karbonatatuetan eta zukuetan gehitzen dira) urtikaria eta angioedema eragin ditzakete.
- Nitrato eta nitritoek (haragi, arrain eta esnekietan gehitzen dira) angioedema eta abdomeneko mina eragin ditzakete.
3. Glutamato monosodikoa zapore-indartzailea da, eta Asiako sukaldaritzan eta elikagai prozesatuetan asko erabiltzen da. Asko kontsumituz gero, buruko mina, aurpegiaren gorritasuna, ahoko bihotzerrea eta urtikaria eragiten ditu.
4. Aspartamoa edulkoratzaile bat da, eta pertsona sentikorretan erreakzio alergikoak zein hipersentikortasuna eragin ditzake. Gainera, eszipiente gisa erabiltzen da sendagai askotan.
Nola diagnostikatzen da?
Gehigarrien erreakzio kaltegarriak aztertzea oso zaila da; izan ere, askotan ez dago jakiterik zein gehigarrik eragiten dituen.
Gehigarri jakin batzuekiko pertsona minberentzako gomendioak
Elikagai-gehigarriak elikagaien ezaugarriak hobetzeko erabiltzen dira, bai eta hobeto kontserbatzeko ere. Ez dute inolako nutrizio-propietaterik, eta seguruak dira herritarrentzat oro har, indarrean dagoen araudiak ezarritako kontzentrazioetan erabiliz gero.
Nolanahi ere, horietako batzuk inplikatuta daude koadro alergikoetan eta intolerantzia-koadroetan, eta tratamendu eraginkor bakarra da tartean dagoen gehigarria dietatik ezabatzea.
“Funtsezkoa da elikagaien etiketa irakurtzea erreakzio kaltegarria eragiten duen gehigarria identifikatzeko. Gehigarri hori badu, ez kontsumitu”
ONDORIOAK

- BEHARREZKOAK DIRA; izan ere, elikagai prozesatuen ezaugarriak eta kontserbazioa hobetzen dituzte. Justifikatu egin behar da gehigarrien erabilera.
- EZ DIRA ARRISKUTSUAK; izan ere, EFSAk haien segurtasuna ebaluatzen du, eta ondorioztatzen du seguruak direla indarrean dagoen araudiak ezarritako kontzentrazioetan erabiliz gero.
- EKIDIN DAITEZKE? BAI, baina, horretarako, elikagai prozesatu gehienak kontsumitzeari utzi behar diogu (gehigarri bat edo gehiago baitituzte), eta, horien ordez, osagarri freskoak dituzten elikagaiak prestatu behar ditugu, aintzat hartuta elikagai horiek gutxiago irauten dutela fresko eta behar bezala gorde behar direla.
Información adicional
- AEPNAA Asociación Española de Personas con Alergia a Alimentos y Látex – 2024
- Aditivos alimentarios | EFSA– 2024
- ELIKA- Elikagaien gehigarriak: jakin beharreko guztia– 2022
- ELIKA- Zer alde dago alergien eta elikadura-intolerantzien artean? Sintomak, tratamendua eta jarraibideak – 2022
Sortze data: 2025-06-19