Etxeko Kontserbak modu seguruan kontsumitzea
Etxeko kontserbak egitea da elikagai galkorrak kontserbatzeko eta aprobetxatzeko modua, elikagaiak xahutzea saihestuz. Halaber, sasoiko elikagaiak urte osoan zehar gozatzeko modua da.
Higiene-, manipulazio-, kuzinatze- eta kontserbatze-jardunbide egokiak gauzatu behar dira, elikagaien segurtasuna bermatzeko eta giza osasunerako arriskuak ekiditeko (besteak beste, botulismo izeneko intoxiazioa).
Nola egiten dira etxeko kontserbak modu egokian?
1. Lehenik eta behin, edozein elikagai manipulatu aurretik:
- Eskuak garbitu.
- Tresnak, oholak eta azalerak desinfektatu.
- Elikagai gordinen eta kuzinatuen arteko kutsadura gurutzatua saihestu.
- Hotz-katea mantendu, elikagai gordinak garraiatzen diren bitartean.
- Ez desizoztu elikagaiak giroko tenperaturan, ezpada hozkailuan.
- Ongi garbitu kontserbarako diren fruta eta barazki guztiak, kanilako ur edangarria erabiliz.
2. Bigarrenik, material egokia izan behar dugu:
- Potoek eta estalkiek garbi, desinfektatuta eta lehor egon behar dute.
- Kristalezko poto bakoitzak bere estalkia izango du.
- Lizuna eduki dezaketen edo hantuta egon daitezken estalkiak baztertu egingo dira.
- Garbitu potoak ur beroa eta xaboia erabiliz, eskuz zein ontzi-garbigailuan.
- Gutxienez 15 minutuz irakin behar dira, lehortu bitartean xukatzen utziz.
3. Ondoren, elikagaiak kuzinatu eta ontziratu behar dira, honako jardunbide hauek aintzat hartuta:
- Frutak eta barazkiak prestatu ondoren, ahal dela, sukaldeko paperarekin lehortu behar dira.
- Zenbait elikagaitan limoia edo ozpina gehitu daiteke pH-a eta toxinak ekoiztea murrizteko.
- Barazki, haragi eta arrainei dagokienez, % 4-5 gatz-kontzentrazio gehitu, toxinak ekoiztea oztopatzen baitu.
- Ez bete potoa goraino: utzi 1-2 zentimetro goialdean.
- Potoen edukia nahasi behar da airerik ez dagoela ziurtatzeko, eta estalkiak jarri.
- Itxi hermetikoki, neurria gainditu gabe. Hori gertatuz gero, baztertu potoa eta estalkia.
4. Elaborazio metodoa:
Elikagaia azidoa edo alkalinoa den, metodo egokia aukeratuko da. Hala ere, presio-eltzeak segurtasun-maila handiagoa ematen du.
Elikagai azidoak : frutak, tomateak
(pH =< 4,5)
Ohiko Kazola – Marian Berotzea
- Potoak bertikalean jarri, estalkia gorantz dela
- Ur irakinetan (100 ºC) murgildu ordu betez edo bi orduz, potoaren tamainaren arabera.
Elikagai ez oso azidoak : haragia,
arraina, lekaleak eta barazkiak
(pH > 4,5)
Presio-Eltzea
- Potoak presio-eltzean bertikalean jarri, estalkia gorantz dela.
- Eltzea urez bete potoak guztiz estali arte, estalkiarekin 3-5 cm-ko tartea utziz.
- Eltzea itxi eta potoak 20 eta 60 minutuz utzi egosten, lurruna ateratzen hasten denetik.
- Baztertu eta eltzea ireki ahal arte itxaron.
-
Potoak atera eta buruz bera jarri hozten diren arte.
- Hozten utzi eta egiaztatu kontserbak ez daudela kolpatuta, irekita edo puztuta. Izan ere, horiek adierazten dute airea sartu zaiela; beraz, aukera gehiago daude lizunekin edo toxinekin kutsatzeko.
5. Azkenik, behar bezala biltegiratu behar da:
- Kontserbak leku fresko, ilun eta lehorrean kontserbatu behar dira (jakitoki baten pareko lekuan).
- Etiketatu kontserbak, eta etiketan adierazi zein produktu duten eta noiz ekoitzi diren.
Etxeko kontserbak kontsumitzeko aholkuak
- Ez kontsumitu puztuta, kolpatuta edo gaizki itxita dagoen elikagai-kontserbarik.
- Baztertu barnealdean burbuilak eta kolore-aldaketak dituzten kontserbak, edo irekitzean usain txarra dutenak.
- Ekoitzitako kontserbak urtean bertan kontsumitu.
- Etxeko kontserbak kontsumitu aurretik, gutxienez 10 minutuz 80 ºC-tara berotu behar dira, bertan egon litezkeen toxinak suntsitzen direlako.
- Behin irekita, kontserbak hozkailuan gorde eta gehienez ere 2 asteko epean kontsumitu.
Zein arrisku ekar dezakete kontserbek ez badira ondo egiten?
Intoxikazio botulinikoa/Botulismoa:
Botulismoa Elikadura Toxiinfekzio bat da eta sortzen da Clostridium botulinum bakterioaren esporek ekoitzitako toxinekin kutsatutako elikagaiak kontsumitzen direnean. Europan, botulismo-agerpenen % 40 etxeetan gertatzen dira, elikagaiak prestatzeko jardunbide desegokiak erabiltzen direlako. Ondorioz, gomendagarria da elikagaiak prestatzerakoan higiene- eta manipulazio-jardunbide egokiak jarraitzea, bereziki etxeko kontserbetan, modu horretan Clostridium bakterioarekin kutsa ez daitezen.
Sintomak
Botulismoaren intzidentzia-tasa baxua da, baina heriotza-tasa, aldiz, altua, ez bada diagnostiko goiztiarra egiten eta tratamendu egokia ematen (gaixoari antitoxina sartu behar zaio ahalik eta arinen arnas-arreta intentsiboa jaso behar du).
Toxina botulinikoaren dosi txikiak oso toxikoak dira gizakientzat; izan ere, nerbio-sistemari eragiten diote. Hori dela eta, beharrezkoa da medikuak albait arinen artatzea.
Sintomak elikagaian dagoen toxina irentsi eta 12 eta 36 ordu bitartean agertzen dira
- Gorabeherak nerbioetan: ikusmen lausoa, zefalea, bertigoa, betazal pisutsuak, zailtasuna hitz egiteko eta irensteko, ahulezia giharretan.
- Arnasa hartzeko ezintasuna.
- Digestio-sintomak: goragaleak, sabelaldeko minak.
Toxinen biziraute-baldintzak
Honako hauek dira elikagaietan toxina horiek sortzea errazten duten baldintzak:
- proteina-kopuru handia.
- gatz-kontzentrazio txikia.
- azukre-kontzentrazio txikia.
- pH azido edo alkalino xamarra (4,5tik gorakoa).
- oxigeno eza. Ugaldu egiten da hutsean edo atmosfera eraldatuan ontziratutako elikagaietan (kontserbetan, esate baterako).
- 3º C eta 45-60º C bitarteko tenperaturak. Gai dira izoztuta ere bizirauteko.
Toxinen indargabetzea
Nolanahi ere den, toxina botulinikoak minberak dira beroaren aurrean, eta indargabetu egiten dira elikagaiak 5 minutuz 85º C-tan berotzen badira. Etxeko kontserbetan:
- Irakin marian gutxienez 3 orduz eta presio-eltzean gutxienez 20 minutuz.
- Gehitu kontserbagarri egokiak, esaterako, % 4 eta % 5 bitarteko gatz-kontzentrazioak eragotzi egiten du esporak haztea.
Gomendioa
Horregatik, nahitaezkoa da elikagaiak ontziratu aurretik ondo kuzinatzea eta, behin prestaturik, potoen egoste-denbora eta tenperaturak modu egokian errespetatzea. Horrela, Clostridium botulinium toxina-ekoizleen esporak desagertzen direla ziurtatzen da, elikagai gordinean halakorik balego.
Informazio interesgarri gehiago
Sortze Data: 2020- 09- 24