Sarrera

Haurtxo baten bizitzako lehen etapa oso aldi berezia da, beretzat zein gurasoentzat, eta oso garrantzitsua da bere garapenerako.

OMEren arabera, amagandiko edoskitzea da haurtxoak hazteko eta garatzeko behar dituen nutrienteak emateko modurik egokiena.Era berean, gomendatzen du amaren esnea baino ez ematea hasierako sei hilabeteetan, eta hortik aurrera sartzea adin horretarako egokiak eta seguruak diren elikagaiak.

Lehenengo sei hilabeteak igaro ostean, gainerako elikagaiak apurka-apurka sartu behar dira umeen dietan. Jarraian, gurasoentzat lagungarri izan daitezkeen hainbat gomendio ematen dira, haurtxoen elikaduraren inguruan. Azpimarratu behar da beti jarraitu behar zaiela pediatrak emandako jarraibideei.

Amaren esnea

Haurtxo batek bizitzako lehenengo sei hilabeteetan hazteko eta garatzeko behar dituen nutriente guztiak ditu amaren esneak. Salbuespen bakarra D bitamina da. Pediatrak aginduko du eta D bitamina duen osagarri baten bidez (tantak) ematen da.

Amak izaten duen lehenengo esnea oritza da, eta bi eta bost egun artean irauten du, behin betiko esnea ekoizten hasi aurretik. Garrantzitsua da haurtxoek oritza hartzea, gaixotasunen aurreko immunitate-substantziak izaten baititu.

Haurtxoek bularra hartzeak eragiten du amak esnea ekoiztea. Batzuetan, denbora behar izaten da, lehenengo une horiek egoki gauza daitezen.

Zientzia-bibliografiaren arabera, amaren esnea hartzen duten umeek babes handiagoa izaten dute gaixotasunen aurrean.

Bularreko haurrentzako formulak

Formula-esneek haurtxoek behar duten energia eta nutrizioa ematen dute. Gaur egun merkatuan eskura dauden formula-esneak eta amaren esneak antzeko beharrak betetzen dituzte.

Hazte-aldi bakoitzerako formulak daude, umeen adinera egokituta (hasiera, jarraipena eta abar). Galdetu pediatrari zein esne-mota eta nola eman behar diozun zure haurtxoari.

Inoiz ez da erabili behar animalien esnea (behia, ahuntza…) amaren esnearen edo bularreko haurrentzako formulen ordez.

Elikadura osagarria ematen hastea

Elikadura osagarria ematen hasteko adin egokiena lau eta sei hilabete artekoa da, baina tarte hori aldatu egin daiteke ume batetik bestera. Pixkanaka-pixkanaka ikasi behar da esnea ez diren elikagaiak jaten. Haurtxoak ohitu egingo dira testura eta zapore ezberdinak probatzera, koilara batekin jatera eta mastekatzera.

Oro har, seigarren hilabetetik aurrera hasten da haurtxoa beste elikagai batzuetara ohitzen. Lehenengo etapa honetan garrantzitsua da amaren esnea edo formula-esnea ematen jarraitzea.

Garrantzitsuena, batez ere hasieran, elikagaiaren trinkotasuna izaten da: albait bigunena izango da (purea, ahia). Hala, ekidin egingo da umeari kontrako eztarritik joatea.

Jarraian, orientabide gisa, elikadura-jarraibide batzuk zehazten dira, elikagaien eta umeen adinaren arabera. Hala ere, gogorarazi nahi dugu beti jarraitu behar zaiela pediatren gomendioei:

Elikagaia Emateko modua Zenbat urtetik aurrera
Laboreak Ohikoa izaten da glutenik gabeko laboreekin hastea.. Garrantzitsua da kopuru txikiak ematen hastea, eta apurka-apurka igotzea dosia. Hasieran, biberoian esnearekin nahastuta ematen zaie eta ondoren ahia eman ahal da. Gomendatzen da glutena duten laboreak ematen ez hastea 4 hilabete bete aurretik eta zazpi hilabete baino geroago*. Ekidin egin behar dira eztia eta kakaoa.. 4-6 hilabete
Frutak Fruta helduak edo/eta aurretik egosiak hautatuko dira. Fruta bakar batekin hasten da, eta, onartzen bada, beste batzuk gehitzen dira. Emateko modua purea da. Hasieran sagarra, platanoa eta udarea ematen da, eta laranja-zukua gehitu al da. Ezin da azukrerik gehitu, eta ezin da eman fruta tropikalik (kiwia, anana), marrubirik, mertxikarik edo albertxikorik, 12 hilabete bete aurretik, , alergia-arazoak gerta baitaitezke. 6 hilabete baino gehiago
Barazkiak Gomendatzen da barazki egosi batekin hastea, eta onartzen bada, beste batzuk gehitzea (horiek ere egosita). Emateko modua purea da. Hasieran patata, kalabazina, porrua, azenarioa, lekak eta abar ematen dira. Ekidin egin behar da hosto berdeko barazkiak ematea (zerbak, ziazerbak…), baita haizeak sortzen dituztenak ere (azalorea, aza, arbia).. 6 hilabete baino gehiago
Haragia Haragiak prestatuta egon behar du, barazki-purean nahastuta eta txikituta. Haragi bakarrarekin hastea gomendatzen da, eta onartzen bada, beste bat erabiltzea. Hobe da hasieran oilaskoa edo indioilarra ematea, eta aurrerago behia, arkumea eta txerria. Lehenengo urtean ekidin egin behar dira haragi-produktuak (urdai egosia, hestebeteak…), gatz eta gantz asko baitute.. 7 hilabete
Arraina Arrainak ondo prestatuta egon behar du eta barazki-purean nahastuta eta txikituta. Arrain zuriarekin has daiteke (legatza, oilarra, lupia eta abar), eta, ondoren, arrain urdina (antxoak, izokina, berdela…) Ekidin egin behar dira arrain harrapari handiak (ezpata-arraina, marrazoa, hegalaburra…) hiru urte bete aurretik.. 9 hilabete
Esnekiak Hasieran jogurt naturalak eman behar dira, eta aurrerago gazta freskoa, gaztanbera eta abar. Ekidin egin behar dira jogurt zaporedunak eta azukredunak, azukre gehiegi izaten dute eta.. 10 hilabete
Arrautzaren gorringoa Hasieran, gorringo egosia ematen da, laurden bat; aurrerago, erdia; eta, azkenik, gorringo osoa. Arrautza osoa 12 hilabete bete ostean ematen da. Ez da gomendagarria astean arrautza bat edo bi baino gehiago ematea. 10 hilabete
Lekaleak Kopuru txikiak ematen dira, ume batzuek ez baitituzte ongi digeritzen. Barazki-purea egiten ari denean, aurreko gauean beratzen jarritako dilista gutxi batzuk gehitu daitezke, eta kopurua apurka-apurka handituko da. Gainerako lekaleak arian-arian sartzen dira. 11 hilabete

Lehenengo urtean baztertu egin behar diren elikagaiak

Haurtxoek familiako gainerako kideek jaten dituzten elikagai gehienak jan ditzakete, baina hainbat elikagai baztertu egin behar dira, haurtxoak 1 urte bete arte.

Gatza: haurtxoak fisiologikoki ez daude prest euren gatz-oreka egoki erregulatzeko. Familiarentzat otordu bat prestatzen denean, garrantzitsua da haurtxoarentzako zatia kentzea, gatza bota aurretik.

Azukrea: ez da beharrezkoa haurtxoentzat. Azukreak ez du inolako ekarpenik egiten, kaloriak izan ezik. Ez du bitaminarik edo mineralik ematen. Ekidin egin behar dira jogurt zaporedunak, galletak, marmeladak, izozkiak eta edari azukredunak.

Eztia: azukre-kopuru handia du.

Fruitu lehor osoak, olibak, gereziak, gozokiak: haurtxoei ez zaizkie eman behar fruitu lehor osoak, olibak, gereziak, gozokiak hiru edo lau urte bete arte, itotzeko arriskua baitute.

Behi-esnea: lehenengo urtean ez da behi-esnea eman behar, osasun arazo batzuk eragin baititzake. Era berean, inoiz ez da eman behar pasteurizatu gabeko esnerik, bakterio patogenoak izan baititzake.

Zenbait arrain eta itsaski: ekidin egin behar dira arrain harrapari handiak (ezpata-arraina, marrazoa, hegalabur handia…) hiru urte bete aurretik, merkurioa metatzeko joera izaten baitute. Era berean, ekidin egin behar dira zenbait krustazeo (karramarroa, ganben burua eta erraiak, otarrainxkak…), kadmioa izaten dute eta..

Hosto berdeko begetalak: gomendatzen da haurtxoak urte bat bete arte itxarotea, hosto berdeko zenbait begetal eman ahal izateko (zerbak, ziazerbak, letxuga…), nitrato-kopuru handia izaten dute eta.

Animalia-jatorriko elikagai gordinak edo gutxi egindakoak: gutxi egindako haragi-produktuek, arrainek edo arrautzek bakterioak izan ditzakete, eta toxiinfekzio larriak eragin haurtxoetan.

Referencias

*Informazioa EZE Euskadiko Zeliakoen Elkartearekin egiaztatu da.

Sortze data: 2015-03-02