Elikagaiak seguru ekoiztea garrantzitsua izateaz gain, ezinbestekoa da gure etxeetara zein egoeratan iristen diren zaintzea. Elikagaien ontziak funtsezkoak dira, askotan, kozinatzen ditugun elikagaiek ekoitzi zireneko segurtasun-mailak mantentzen dituztela bermatzeko.

Bestetik, sukaldeko hainbat tresna egongo dira elikagaiekin kontaktuan prestatze-prozesuan. Hortaz, horretarako erabiliko den edozein material segurua izan behar da, eta ezin du kontsumitzaileen osasunarentzako arriskurik ekarri.

Zer dira elikagaiekin kontaktuan dauden materialak?

Elikagaiekin kontaktuan dauden materialak kontsumitzen ditugun elikagaiekin kontaktu zuzena edo zeharkakoa duten materialak dira. Ontziak, sukaldeko tresnak, bilgarriak, eta abar.

Elikagaiekin kontaktuan dauden materialen zenbat talde ezagutzen dituzu?

Denok ezagutzen ditugu 5 edo 6 (plastikoa, beira, metala, papera eta kartoia, zeramika), baina 17 talde daude guztira, hala nola argizariak (gainestalduretarako), silikonak (espatulak), kortxoa, kautxua, zura… eta kontuan izan behar dugu bilgarrietan ere elikagaiekin kontaktua izan dezaketen itsasgarriak eta tintak erabiltzen direla.

  • Material eta objektu aktibo eta adimendunak
  • Itsasgarriak
  • Zeramika
  • Kortxoa
  • Kautxua
  • Beira
  • Erretxina ioi-trukatzailea
  • Metalak eta aleazioak
  • Papera eta kartoia
  • Plastikoak
  • Inprentako tintak
  • Zelulosa birsortua
  • Silikonak
  • Ehungintzako produktuak
  • Bernizak eta gainestaldurak
  • Argizariak
  • Zurak

Elikagaiekin kontaktuan dauden materialen garrantzia

Osasuna babestea: Egokia edo segurua ez den material bat elikagaiekin kontaktuan jartzen bada, kontsumitzaileentzako arriskua duten substantzia toxikoak edo kutsagarriak aska ditzake. Hori dela eta, material horien inguruko araudi zorrotza dago.

Kalitatea eta freskotasuna: Ontziek elikagaien kalitatea eta freskotasuna mantentzen laguntzen dute, airea (oxidazioa eragiten du) eta hezetasuna (onddoak agertzea errazten du) sar daitezela saihestuz; eta, ondorioz, elikagaietan arriskuak murriztuz.

Garraioa eta banaketa: Ontziei esker, halaber, errazagoa da elikagaiak garraiatu eta merkaturatzea, kalte mekanikoetatik (kolpeak, zapalketak, etab.) babesten baitituzte.

Europar Batasunak araudi zorrotza dauka elikagaiekin kontaktuan dauden materialen segurtasuna bermatzeko. Araudi horrek materialak fabrikatu, etiketatu eta erabiltzeko betekizunak barne hartzen ditu

Baina… denak ez du balio

Segurua eta legala izateak ez du esan nahi egokia denik… ingurumenari begira

Nola bermatu elikagaiekin kontaktuan dauden materialen segurtasuna

Honako hauen bidez bermatzen da elikagaiekin kontaktuan dauden materialen segurtasuna:

Legedi orokorra: Horren baitan definitzen dira elikagaiekin kontaktuan dauden material guztien segurtasunaren printzipio orokorrak, honako alderdi hauek bermatuta:

  • Materialen osagaiak EZIN dira elikagaietara igaro giza osasunarentzat kaltegarriak diren mailetan.
  • Materialen osagaiek EZIN dituzte modu onartezinean eraldatu elikagaien osagaiak, zaporea eta usaina.

Legediak, halaber, arautu egiten du elikagaiekin kontaktuan dauden materialak fabrikatzeko erabiltzen diren substantziek gainditu beharreko segurtasun-ebaluazioaren prozedura. Ebaluazioen arduraduna Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritza da. Horrez gain, material horiek etiketatu eta dokumentatzeko arauak ere definitzen ditu.

Fabrikazioko jardunbide egokiak: Material horien fabrikazio-prozesua instalazio egokietan gauzatu behar da eta beharrezko prestakuntza duten langileek egin behar dute; era berean, aldizkako kalitate-kontrolak egingo dituzte. Bestalde, lehengai egokiak erabiliko dira fabrikazioan, substantzia baimenduen zerrendan jasotzen direnak.

Kalitate-ikuskaritzak eta -kontrolak: Osasunaren eta elikagaien segurtasunaren agintaritzek aldizkako ikuskaritzak eta kontrolak egiten dituzte araudia betetzen dela bermatzeko.

Zertarako balio dute neurri horiek guztiek?

Migrazioa” izeneko prozesu fisikoak plastikoetako osagaiak elikagaietara igarotzea errazten du. Migrazio horiek soilik gertatzen dira erabilera desegokia egon eta plastikoa egiten erabilitako material geldoak elikagaietara igarotzen badira. Erabilitako materialak seguruak dira, baina seguruak izateari utz diezaiokete fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartzen ez badira.

Zenbait osagai sarri hartzeak gure osasuna kaltetu dezake. Hori dela eta, elikagaiekin kontaktuan dauden materialak “ohiko erabilera-baldintzetan” probatzen dira merkaturatu aurretik. Elikagaiak gainberotzen baditugu horretarako egokiak ez diren ontzietan, degradatu daitezke, eta orduan hasiko dira “migratzen” nahi ez ditugun osagai horiek gure janarira.

Aurretik adierazitako neurri guztien (legalak, fabrikaziokoak, etab.) helburua da migrazio-prozesu hori eta gure osasunean izan dezakeen inpaktua minimizatzea.

Kontsumitzaileentzako aholkuak

Gure esku dago:

apto uso alimentario

1. Material egokiak aukeratzea. Tresnak eta ontziak erosterakoan, bermatu elikagaiekin kontaktuan egoteko diseinatuta daudela eta seguruak direla.

2. Etiketako informazioa aztertzea. Ohiz kanpoko egoeretan, beste herrialde batzuetatik datozen ontziak aurki ditzakegu, non segurtasun-estandarrak malguagoak diren. Hori dela eta, gomendagarriena da erabiltzen ditugun tuperrak eta plastikozko gainerako ontziak EBn sortuak izatea edo EBn saltzeko baimenduta egotea (CE marka).

tuppers

3. Plastikozko ontzi degradatuak ez erabiltzea. Erabileragatik okerrera egin duten plastikozko ontziak ordezkatu (adibidez, orbanak edo urradurak dituzten tuperrak), eta plastikoaren ordez beste material batzuk erabili (beira, adibidez).

apto lavavajillas

4. Material guztiek denetarako EZ dutela balio ulertzea. Ikonoen bidez zehazten da zein den plastikozko ontzien erabilera. Hemen duzu informazio gehiago>>

impacto medioambiental

5. Ingurumen-inpaktuan pentsatzea. Gehienetan, birziklatzeko zailak diren edo naturan iraunkorrak diren materialak saihets ditzakegu. Gogoan izan behar dugu erabilitako plastiko guztia ez dela osotasunean birziklatzen eta haren zati handi batek naturan duela inpaktua. Mikroplastikoak dira elikagaiekin kontaktuan dauden materialen adibide garbia: inpaktua dute ingurumenean eta giza osasunarentzako arriskua ere eragin dezakete.

GOGORATU

Materialak, beren babes-funtzioa bete ondoren, kudeatu beharreko hondakin bihurtzen dira. Minimiza ezazu inpaktua… hondakinik onena eta birziklagarriena sortzen ez duguna da.

Elikagaien segurtasuna fabrikatzaileen, legegileen eta kontsumitzaileen arteko konpromiso partekatua da.

Estekak

Sortze data: 2023-11-06